EKIPAMENDUAK
Euskadiko Kostaldeko Ondarearen zabalkuntza egiteko ekimena
Euskal Kostaldeko Museoen Sarea
Iratxe Celaya
Kostalde osoan zehar ehunka bazter, paisaia, gertaera historiko eta herritxo daude itsas ondare aberats eta aipagarria osatuz. Kostalde horren baliabideei balioa emateko asmoz, Euskal Kostaldeko Museoen Sarea sortu da.
Euskal Kostaldeak balio historiko handia dauka eta museo, ikerketa eta artxiboen bidez ondo zainduta dago, baita elkarte, talde eta bestelako erakundeen bidez ere. Horregatik, herritarrei eta Euskadira datozen turistei ondare horren berri zabaldu eta emateko beharra sortu da. Horretarako lan bateratu eta lankidetzarako esparruak ezarri dira, Euskal Kostaldearen ondareari balioa eman eta marka eta helburu turistiko hori sustatzeko.
Museo batzuen artean sortutako harreman puntualetatik eta Euskal Kostaldeko Turismoaren Zuzendaritza Planaren garapenetik sortu da Museo-sare hori. Inplikatutako erakundeen babesarekin batera, Sare Kultural bat sortzea lortu dute.
Lankidetza-esparru horren barruan, museoak, interpretazio zentroak eta bestelako instalazioak daude, ikuspegi desberdin baina argudio partekatuarekin: Kostaldea, multzo gisa hartua eta itsasertz osoan zehar eskaintza turistiko handia osatzen duena. Tokiko jendeari zein bisitariei bideratutako proiektu desberdinetan elkarrekin aritzeko joera sortu nahi duen egiteko funtzional bat da. Euskal Kostaldeko ekintza turistikoaren protagonista izan nahi du; betiere, beste arlo batzuetako lankidetzari kalterik egin gabe, hala nola ondarearen babesa eta ikerketa.
Helburuak
Ekimen horren helburu nagusiak hauek dira: Euskal Kostaldearen helburu turistikoaren barruan irudi bateratu bat ematea; kultur ekipamenduen arteko komunikazioa errazteko lan-harreman bat sortzea; Euskal Kostaldearen helburu turistikoa sustatzea, dagoeneko badauden plataforma guztien sinergiak aprobetxatuz eta kultur turismoan oinarritutako eskaintza anitz eta kalitatekoa emanez; euskal kostaldearen ondarea sustatu eta balioa ematea museotarako produktu komunak garatuz eta komunikazio eta turismo-sustapenerako proiektuak partekatuz.
Sarea osatzen duten eragile kopuru handia kontuan izanda (42), lanerako sektore-mahai bat osatu da. Titulartasun desberdineko hainbat ordezkarik osatzen dute, Euskal Kostalde osoan zehar. Helburu horiek lortzeko, Sarea osatzen duten eragileen arteko harremanak eta jardueren sustapen eta komunikazio bateratuarekin erlazionatuta egongo dira, batez ere. Garatzeko ekintzen artean honakoak daude: Informazioa, materialak eta dokumentazioak ezagutu eta partekatzeko bisita teknikoak; sustapen-materialen edizioa; sustapen eta zabalkuntza jardueren garapena (ibilbideak sortzea, Museoen eguna, online presentzia eta abar): sarearen Lagunen Klub bat sortzea eta sarreren merkaturatze partekatua; lurraldeko beste eragile sozioekonomikoekin koordinatu eta lan egitea; kultur proiektuen garapenean lan egitea eta Europa mailako ibilbide kulturalak osatzea; foro eta ekimenetan elkarrekin parte hartzea (Euskal Kostaldeko turismo-mahaia, erakundeetako deialdiak, Europako foroak eta abar). Ekipamendu horietako batzuetan deskontuak eskaintzeko helburuarekin, Euskal Kostaldeko Museoen Sareko txartela egiteko aukera ere badago (http://www.losmuseosdelacostavasca.com/).