INGURUMENAREN GESTIOA

Lurra zaintzea eta berezkoa duen emankortasuna indartzea

Nekazaritza ekologikoa Bizkaian

Nekazaritza ekologikoa, biologikoa edota organikoa printzipio eta arau konkretu batzuren arabera egiten den ekoizpen eredua da. Europa mailan, (CE) 834/2007 eta (CE) 889/2008 Erregelamenduek babestu eta zehazten dituzte nekazaritza ekologikoaren ezaugarriak. Horrenbestez, ekologiko, biologiko, organiko zein «eko» eta «bio» laburdurak erabili nahi dituen ekoizleak berme-sistema baten baitan egon behar du, non erakunde independente batek ziurtatuko duen araudia betetzen dela.

Euskadin, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua (ENEEK) da nekazari, abeltzain eta eraldatzaileek Europako ekoizpen ekologikoaren araudia betetzen dutela ziurtatzen duena. Produktu bat aipatutako erregelamenduekin bat datorrela adierazteko, Europako nekazaritza ekologikoaren logoa (eko-hostoa) ikusgarri izaten dute etiketan. Euskadin, gainera, ENEEKren zigilua ere eraman dezakete berton ekoiztu eta eraldatu diren produktuek.

Naturarekin bat

Nekazaritza, abeltzaintza eta eraldaketa ekologikoaren ezaugarri nagusia da jarduera guztien oinarrian dagoela ahalik eta neurri handienean naturarekin batera lan egitea, landare zein abereen ziklo naturalak errespetatuz. Hau da, ekosistemaren zein bioaniztasunaren indartzean eta orekan arreta berezia jarri behar da ekoizpen ekologikoa egiteko. Horregatik, nekazaritza ekologikoan ez da onartzen jatorri kimiko-sintetikoa duen lehengairik: ez ongarri kimiko, ez herbizida, ez pestizida zein plagizida kimiko, ezta genetikoki eraldatutako organismorik ere. Honek ez du esan nahi nekazaritza ekologikoan, sortzen diren izurri eta gaixotasunen aurrean, ez dagoenik inolako baliabiderik: badago onartutako substantzien zerrenda bat, non landare, bakterio edota mineraletatik eratorritako intsektizida, fungizida, ongarri eta bestelako substantziak batuta dauden. Edonola ere, prebentzioa da nekazaritza ekologikoaren lehenengo baldintza. Hortaz, nekazari ekologikoen jardunean, lurra zaintzea eta berezkoa duen emankortasuna indartzea dira oinarriak. Horretarako, konpostatutako materia organikoa baliatzen dute (azienda ekologikoetatik edota ekoizpen estentsiboa egiten duten aziendetatik lortutakoa soilik, ez baita onartzen ustiategi intentsiboetako satsaren erabilera). Gainera, landaketa-aniztasun handia dute, sasoi bakoitzean ekoiztu daitezkeen barazki ezberdinen barietate ahalik eta handiena landuz. Landaketa-aniztasun hau estrategia garrantzitsua da izurri eta gaixotasunen aurrean, izan ere, arazo bat sortuz gero litekeena da landaketa-mota jakin bati soilik eragitea, beste guztiak normalki garatuz.

Abeltzaintzari dagokionez, nekazaritzan ezarritako baldintza berberak mantentzen dira larreen kudeaketan. Aziendaren maneiuan abereen ongizate-baldintza gorenak bermatzen dira, bai kortan eta baita larreetan ere, abere kopurua mugatuz abeltzainak eskura duen lur azaleraren eta kortaren tamainaren arabera. Horrela, alde batetik, bermatzen da larreetan gehiegizko nitrogeno kopururik ez dela isuriko, eta bestetik, abereek behar haina elikadura izango dutela ziurtatzen da. Pentsu ekologikoaren erabilera onartzen da, baina aziendaren elikadura larreetan oinarrituta egon behar du, hori baita abereek berezkoa duten elikadura-moldea. Horrezaz gain, abere-elikaduraren jatorriak ere badu bere garrantzia, zati handi batean eremu hurbilean ekoiztutakoa izan behar baita. Botiken erabilera mugatua dago, homeopatia, fitoterapia eta bestelako sendabide alternatiboen erabilera lehenesten delarik. Arrazei dagokionez, tokiko baldintzetara ahalik eta egokituen daudenak aukeratzen dira, osasun-arazoak sortzeko aukerak gutxitu aldera. Arrautza ekoizpenean, besteak beste, oiloak ezin daitezke kaiolatan egon eta, gutxienez, 8 orduko iluntasun-tartea izan behar dute.

Azkenik, eraldaketa ekologikoaren atalean, soilik gehigarri naturalen erabilera baimentzen da, eta ez dira onartzen jatorrizko elikagaiaren ezaugarriak zeharo aldatzen dituzten teknikak.

Bizkaiko baserritar eta eraldatzaile ekologikoak

Bizkaian tradizio luzeko nekazari eta abeltzain ekologikoak dauzkagu, 30 urte baino gehiago ekoizpen eredu zaharberri honetan lanean dabiltzanak. Azken urteetan, baserritar ekologiko beteranoei gazte dezente gehitu zaizkie, ekoizpen ekologikoaren bidetik nekazaritzara hurbildu nahi izan dutenak. Beraien eraginez, urtero %10 inguruko hazkundea izan du lurraldeko eragile ekologikoen kopuruak. Gaur egun, 125 eragile bizkaitar daude ENEEKan inskribatuta. Jarduera-kopurua, aldiz, 152koa da. Honek adierazten du eragile batzuek jarduera-mota bat baino gehiago dutela: 88 eragilek ekoizpen begetala egiten du, horietatik gehiengoak baratzezainak dira, baina badaude ere frutagintza edota bazka eta larreen ekoizpena egiten dutenak. Azken jarduera honek, bazka eta larreen ekoizpenak, hartzen du azalera gehien lurraldean (550,2 ha) guztira. Atzetik datoz frutagintza (50 ha) eta ortugintza (46,6 ha). Bizkaian, guztira, 653,4 ha daude inskribatuta ENEEKren erroldan. Horrek Bizkaian erabiltzen diren nekazaritza lurren %1,4 suposatzen du.

Abeltzaintzari dagokionez, 29 baserritarrek kudeatzen dute beraien azienda ekologikoki. Arlo honetan, arrautza ekoizpenera dedikatzen diren ustiategiek garrantzia hartu dute azken urteetan, 10 izatera iritsi baitira, nahiko ekoizpen-gaitasun handiarekin, gainera. Abeltzaintzan garrantzia daukan beste jarduera haragitarako behi eta txahalen hazkuntza da, beste 10 ustiategirekin.

Eraldaketaren arloan, oraindik ere badago garapenerako tartea, bai produktu begetalen transformazioan (14 eragile, horietatik 4 okinak eta 3 zuku-ekoizleak) eta baita abere-jatorriko produktuetan ere (19 eragile daude, horietatik 7 arrautza-ontziratzaileak eta 4 gaztagileak).

NEKAZARITZA-LURREN MUNDU MAILAKO URTEA

Nazio Batuen Erakundeak Nekazaritza-lurren Mundu Mailako Urtea izendatu du 2015a. NBEk mota honetako izendapenak baliatzen ditu mundu osoari eragiten dion arazo larriren bati buruz eztabaida sortzeko. Lurraren kasuan, badugu zertaz larritu: gizakion elikaduraren %95 lurzoru hauetan ekoizten da. NBEren estimazioek diote nekazaritza-lurren %33 higadurak jota, gazituta, azidotuta, trinkotuta edo kimikoki kutsatuta daudela. Horrezaz gain, urtero 75.000 tona lur emankor galtzen direla kalkulatzen da, hau da, Naturak lur emankorra birsortzeko duen gaitasunaren 10-40 aldiz gehiago. Testuinguru honetan, ezinbestekoa da lurra zaindu eta birsortzen duen ekoizpena mundu osoan zabaltzea, eta ekoizpen hori sustengatuko duen kontsumo eredua sustatzea. Hori lortzeko, badago ondo markatutako bide bat: nekazaritza eta kontsumo ekologikoak bultzatzea.