IRAUNKORTASUNA
Pertsona guztientzako bizitza duinaren alde
Unea, Nazio Batuen Ingurumen batzarra
Ibon Hormaeche
UNEA (United Nations Environment Assembly) Nazio Batuen Erakundeak ingurumenari buruzko erabaki estrategikoak hartzeko eratu duen goi mailako plataforma da. UNEAren lehen batzarrean azpimarratu zen erabakitasunez jokatu behar dela gizadiak planetarekin duen harremana aldatzeko, horixe dela aldaketaren abiapuntua eta hori lortzeko irtenbideak badaudela.
Nazio Batuen Ingurumen Programa (PNUMA) munduko agintaritza nagusia da ingurumenaren arloan, eta haren ardura nagusietako bat hauxe da: Nazio Batuen sistemaren barruan garapen iraunkorraren ingurumen alderdia era koherentean aplikatzen dela bermatzea (NBEko Batzar Nagusiaren 2997. ebazpena, 1972ko abenduaren 15ekoa). Beraz, Nazio Batuen sistemaren barruan, PNUMAk eraginkortasunez koordinatu behar ditu ingurumenean espezializatutako organoak, funtsak, programak eta erakundeak. Rio+20 Konferentziaren amaierako agirian jasota geratu zen bezala, hori funtsezkoa da PNUMAk bere eginkizunak ondo bete ditzan.
Bere helburua betetze aldera eta konpromisoen eta haien aplikazioaren arteko aldea gainditzeko asmoz, PNUMAk bere esku-hartzearen arlo tematikoak definitu zituen: Kutsadura eta airearen kalitatea / Dibertsitate biologikoa / Produktu kimikoak eta hondakinak / Klima aldaketa / Energia / Basoak / Ur geza / Ozeanoak eta itsasoak / Lurzorua, lurraren erabilera, lurraren degradazioa eta basamortutzea / Ingurumen gobernantza.
UNEA abian da
PNUMAk ingurumenaren arloko nazioarteko agintaritza nagusi gisa jokatu behar duen papera indartzeko, 2014ko ekainaren 23tik 27ra bitartean UNEA Nazio Batuen Ingurumen Batzarraren lehen bilkura egin zen. Erakunde hori PNUMAren ekimenez sortu da eta Nairobin du egoitza (Kenya). Lehen bilkura horretan, ingurumen arazo nagusien gaineko nazioarteko jarduna sustatzeko 16 erabaki eta ebazpen hartu ziren, eta bukaeran ministroek agiri bat sinatu zuten. Horri dagokionez, NBEko idazkari nagusi Ban Ki-moonek honakoa adierazi zuen aurkezpen ekitaldian: «arnasten dugun airea, edaten dugun ura eta gure janaria hazten den lurra ematen dizkiguten ekosistemen gaineko presioa gero eta handiagoa da». Egoera horren aurrean, idazkari nagusiak azpimarratu zuen ezinbestekoa dela erabakitasunez jokatzea gizadiak gure planetako bizitzari eusten dioten ekosistema hauskor horiekin duen harremana aldatzeko.
2012ko ekainean, Nazio Batuen Garapen Iraunkorrari buruzko Konferentzia egin zen Brasilen (Rio+20), eta nazioarteko buruzagiek PNUMA indartzeko deia luzatu zuten. UNEA dei horri emandako erantzuna da. 2013ko otsailean, berriz, PNUMAko Gobernu Kontseiluaren 27. bilkura egin zen, eta estatu kideek organo hori eguneratzea erabaki zuten. Gobernu Kontseilua 1972an eratu zen eta 58 kidez osatuta zegoen. Eguneratu zenetik, Nazio Batuen Ingurumen Batzarra da, osaera unibertsalekoa. Gaur egun, Nazio Batuen Erakundeko kideak diren 193 estatuetako eta estatu behatzaileetako ministro guztiek parte hartzen dute munduko ingurumenarekin eta iraunkortasunarekin zerikusia duten erabaki eta eztabaidetan.
UNEAren batzarrean goi mailako 1.200 pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten, 160 ordezkaritzatan banatuta. Haien artean ziren NBEko estatuetako ingurumen ministerioetako goi arduradunak, NBEko funtzionarioak, ordezkaritza diplomatikoak, behatzaileak eta gizarte zibileko hainbat sektoretako eragile ugari.
Ondorio nagusiak
UNEAren lehen batzarrean berriz ere nabarmendu zen mundu osoko herrialdeek erronka global partekatuak dituztela, eta ezinbestekoa dela erronka horiei erantzun bateratua emateko ekimenak areagotzea.
Lan saioetan garrantzi handiko gaiak eztabaidatu ziren, hala nola 2015etik aurrerako garapen agenda. Batzarraren amaieran ministroek adostu zuten agirian oso argi adierazten da «ingurumen osasuntsua» garrantzi handikoa dela, hazkunde ekonomikoa eta helburu sozialak lortzeko ezinbesteko baldintza baita. Agiri horrek forma eman nahi die 2015etik aurrera Milurtekoko Garapen Helburuak ordezkatuko dituzten Garapen Iraunkorrerako Helburu berriei.
Beste erabaki batzuen artean, airearen kutsadura lehentasunez konpondu beharreko arazoa dela ebatzi zen batzarrean. Izan ere, kutsadura horrek 7 milioi heriotza eragiten ditu urtean, eta ezinbestean aurre egin behar zaio, bizitzak salbatzen laguntzeko, klima aldaketaren aurkako borroka areagotzeko eta ekosistemen zerbitzuak, biodibertsitatea eta elikaduraren arloko segurtasuna hobetzeko.
Garrantzi handiko beste gai bat basa bizitzaren legez kontrako merkataritza izan zen. Arazo horren kontra borrokatzeko neurriak indartzea eta nazioarteko koordinazioa areagotzea eskatu zuen UNEAk. Besteak beste, honako erabaki hauek hartu ziren: basa bizitzaren legez kontrako merkataritzak ingurumenean duen inpaktua aztertzea, eta mundu osoan aplikatu beharreko lege-zuzenbideko arau bat ezartzea.
Azkenik, UNEAren batzarrean beste erabaki garrantzitsu batzuk ere hartu ziren, hala nola itsas inguruneko hondakin plastikoen eta mikroplastikoen arazoari aurre egitea, produktu kimikoen eta hondakinen kudeaketa hobetzea, kontsumo eredu iraunkorrak babestea, garapen iraunkorrerako politikak ezartzea eta biodibertsitatearen galera geldiarazteko ahaleginak areagotzea.
UNEA, PNUMAKO ORGANO BERRIA
UNEA (Nazio Batuen Ingurumen Batzarra) PNUMAko gobernu organo berria da. Horrela, erakunde horrek ingurumenaren arloko nazioarteko agintaritza nagusi gisa jokatzen duen papera indartu da. UNEAren eginkizunak honako hauek dira: erabaki estrategikoak hartzea, PNUMAren lanerako jarraibide politikoak ematea eta ikuspegi zientifiko-politikoa sustatzea. Bi urtez behin biltzen da.
Gobernu organo berriak bilkuren arteko aldirako organo subsidiario bat dauka: Ordezkari Iraunkorren Osaera Irekiko Batzordea (ingelesezko sigla CPR da). CPRk aholkularitza politikoa ematen dio gobernu organoari, UNEAren agenda eta erabakiak prestatzen laguntzen du eta haien inplementazioa ikuskatzen du.
Osaera Irekiko Batzordea (CPR) urtean bi aldiz biltzen da, bost egunez. Hiriburuen eta interes taldeen ordezkariek parte hartzen dute bileretan. CPRren laguntza azpibatzordea, berriz, hiru hilez behin biltzen da eta haren zeregin nagusiak honako hauek dira: PNUMAren lan egitaraua, aurrekontua eta epe ertaineko estrategia aztertzea eta jarraipena egitea, azken jarduerak eztabaidatzea, eta gai zehatzak sakontasunez aztertzeko beharrezkoak diren informazio eta eztabaida saioak antolatzea.
Fitxategi hauek kontsultatzeko Adobe Reader dohainiko programa behar duzu, erabili esteka deskargatzeko.