BRIKOLAJE EKOLOGIKOA

Natur ingurunean jarrera ekologikoa izateak oraingo zein etorkizuneko natura zaintzen laguntzen du

Hamabi aholku naturarekin ekologiko izateko

Alex Fernandez Muerza. Consumer aldizkaria

Natur ingurunera oporretan baldin bazoaz, edo, besterik gabe, bisita jakin bat egiten baduzu, komeni da zenbait aholku kontuan izatea, aukera guztiak modu ekologikoan gozatzeko eta etorkizunean ere zaindu ahal izateko. Artikulu honetan dozena bat aholku eskaintzen dira; desplazamenduak modu iraunkorrean burutzea, modu ekologikoan jatea, hondakinak egokiro kudeatzea edo surik ez piztea, besteak beste.

1. Desplazamenduak modu iraunkorrean egin

Aukeratutako natur ingurunera arte heltzeko egokiena garraio publikoa erabiltzea litzateke. Ibilgailu pribatua erabiltzea beste erremediorik ez badago, parteka ezazu beste erabiltzaile batzuekin eta gidatu modu eraginkorrean. Naturaren bihotzean zaudela, ekologiko eta osasungarriena da oinez edo bizikletaz ibiltzea eta 4x4 ibilgailu, moto edo quad-ak saihestea; lurra higatzeaz gain, zarata ezatsegina sortzen dute eta ingurugiroa kaltetzen.

2. Natur ingurunean dauden ohar eta arauak errespetatu

Natur ingurune babestuetan seinaleak eta erabilera arauak egon ohi dira; izan litezkeen kalteak saihesteko beharrezkoa da horiek errespetatzea. Arretaz irakurtzea komeni da eta, posible bada, zehaztasunen gaineko informazioa jasotzea. Adibidez, batzuetan, pertsona gutxi batzuk baino ezin izaten dira inguru horietan sartu, eta, horretarako, aldez aurretik erregistratu behar da.

3. Modu ekologikoan jan

Egun osoko txangoa egingo bada, zumezko otzara edo motxila bat eramatea komeni da. Janaria sakotontzietan edo berriro erabil daitezkeen ontzi espezifikoetan eraman daiteke (inoiz ez erabili eta botatzeko ontzietan, ezta gehiegizko bilgarriekin), eta edaria aluminiozko termo edo bidoietan sartu. Plastikozko botila edo poltsak naturan bertan utziz gero, kalte handia eragingo zaio inguruneari eta, beraz, saihestu egin behar dira. Beira birziklatu daitekeen arren, natura ingurua ez da hartarako aukerarik egokiena, izan ere moztu edo sute bat sor baitaiteke horiekin.

4. Hondakinak ondo kudeatu

Egunean sortutako hondakinak egokiro kudeatu behar dira. Natur ingurune batzuetan edukiontziak egoten dira, baina horrelakorik ez badago edo gerora birziklatuko den zalantzarik baduzu, sortutako hondakinak gorde behar dira gero egokiro birziklatzeko. Zenbait hondakin (pilak kasu) toxikoak izan daitezke eta ingurugiroari kalteak eragin. Horregatik, horiek ere gorde behar dira beranduago bota eta tratatzeko.

5. Ura eta energia neurriz erabili

Ura baliabide eskasa da, eta natura are gehiago. Ez utzi iturrietako txorrota zabalik, erabili behar duzuna soilik eta saihestu xaboi edo xanpuak erreka, laku edo itsasora heldu eta kutsatu ditzaten. Bete beharreko neurriak dira horiek. Era berean, energia aurrezteko aholkuak ere kontuan izan behar dira.

6. Ez piztu surik

Basoetako suteen gisako hondamendi handiak sortzeko, nahikoa da zigarrokin edo barbakoa bat txarto itzaltzea, kontuz ibili. Ahal dela, ez erretzea komeni da edo, behintzat, zigarrokinak eta errautsak ingurunera ez botatzea. Suak hartarako egokitutako espazioetan baino ezin dira egin, betiere argibideak errespetatuz. Sute-arriskua dagoen garaietan, debekatuta dago suak piztea, egokitutako espaziootan barne.

7. Ez egin enbarazurik espezieei eta ez aldatu euren ingurua

Ekosistemak eta bertan bizi diren espezieak oreka delikatuan bizi dira. Oreka hori edozein unetan hauts daiteke alterazio txikienarekin bada ere, batez ere mehatxupean dauden espezieen kasuan. Komeni da, beraz, hegaztien habiak ez ukitzea, animaliei kalte egin diezaiekeen janaririk ez ematea, oihurik ez egitea eta kutsadura akustikoa sortuko duen elementurik ez erabiltzea (musika edo ibilgailu zaratatsuak), etxera ezer ez eramatea «oroigarri» gisa... Laburbilduz, dena gu heldu baino lehenago zegoen bezalaxe utzi behar da.

8. Ez sartu espezie inbaditzailerik

Espezie inbaditzaileek kalte handiak eragiten dizkiote ingurumenari, baita kalte ekonomikoak ere. Zenbaitetan, konturatu gabe edo ezjakintasunak eraginda sartu dira halako espezieak. Inoiz ez da espezie bat leku batetik bestera eraman behar.

9. Espezie babestuen legez kanpoko trafikoa saihestu

Espezieen kontrabandoak (bereziki Espainian, bertatik pasatzen baita mundu mailako merkatuaren %30), delitua izateaz gain, arriskuan jartzen ditu egoera zaurgarrian dauden izaki bizidun asko. Hala gertatzen da espezie exotiko bat edo horren zatiak (koralak edo marfilezko zintzilikariak) oroigarri gisa eskuratzen ditugunean, bizirik zein hilik.

10. Ekologiaren kontrako jarrerak eta ingurumen-hondamendiak salatu

Natura arriskuan jarriko duen jarduerarik antzemanez gero (legez kanpoko isuriak, amu pozoituak, espezieen kontrabandoa, baso-suteak…) salatu egin behar dira. Larrialdietako telefonoa (112) edo Naturaren Babeserako Zerbitzuaren telefonoa (Seprona, 062) markatu, horrelako egoerei aurre egiteko modu egokia da.

11. Turismo ekologikoa egin

Turismo ekologikoak egonaldi atseginak eskaintzen ditu, ingurunearekin armonian. Aukera ezberdinak daude, besteak beste, mendi-ibiltaritza eta birdwatching edo hegazti-behaketa euren berezko habitatean. Hotel ekologikoen eskaintza txikia da oraindik gure inguruan, baina xarmadun zenbait leku topa ditzakegu.

12. Ingurumeneko boluntario gisa aritu

Hainbat elkarte ekologistak eta erakundek ingurumen-boluntarioen programak eskaintzen dituzte, gainontzeko herritarrak sentsibilizatzeko edo baliabide nahikorik jasotzen ez duten natur inguruneak kontserbatu eta berreskuratzeko.