LURRA IZENEKO PLANETAN

Basa-bizitzaren bila (IV)

Pinguinoak, Antartidako bizidunak

Testua eta argazkiak: Andoni Canela

Andoni Canelak planetako sei kontinenteetan zehar bidaiatu du (Basa-bizitzaren bila – Looking for the wild). Bidaiaren laugarren etapa honetan Antartida hotzera joango gara, planeta osoan ondoen babestutako lurraldera, papua pinguinoen bila.

Antartida Hego poloan dago eta planetako izotz-eremurik handiena da. Hemen dago Lurreko ur gezaren %80. Izotz guzti hori lurzoru solido baten gainean dago; horregatik, Artikoan ez bezala, Antartida (bere izenaren esanahia «Artikoaren kontrakoa» da, hain zuzen ere) kontinentetzat hartzen dugu.

Hegoamerikatik Antartidara heltzeko biderik ohikoena Ushuaiatik irtetea da, Suaren Lurraldearen irlako hego-muturretik. Argentinako hiri hori munduko hiririk australena da eta kokapen berezi dauka benetan. 2004an Holandar Armadako MV Plancius ontzia bidaiari-ontzi bihurtu zen, eta horretan ekingo diogu Antartidarako bideari. Beagle kanala eta Drake pasabide beldurgarria zeharkatu ditugu. Denetik egon da: Olatu handiak eta mugimendu bortitzak, batez ere Hornos lurmuturra igaro eta gero. Goizaldean elurte txiki bat egon da eta ontziaren gainaldea zuri-zuri geratu da. Glaziarren eta mendi-tontor erraldoien ikuspegia ikaragarri ederra da.

Bi eguneko bidea eta hegoalderantz ia 1.000 km egin ondoren, begien aurrean agertzen zaigu azkenean kostalde antartikoa. Izotz eta elurraren zuritasuna nagusi den paisaia ikusgarri honetan, Antartidako badietan papua pinguinoen puntu ilunak ikusten ditugu. Eremu honetan bost pinguino mota daude, eta hau da horietako bat.

Bidaia honen helburu nagusia Antartidako pinguino hau (Pygoscelis papua) bertatik bertara ikustea da, horren inguruan dokumentatzea eta argazkiak egitea. Juanito pinguinoa edo «Vinchako pinguinoa» izenez ere ezaguna da.

Zaila da honaino heltzea, baina penintsula antartikoko kostalde hauek glaziarrez beteta ikustea mundu osoko ikuspegirik zoragarrienetako bat da, are gehiago lehen aldia bada.

Papuako lehen kolonia handia kilometro bateko distantziara ikus daiteke. Milaka hegazti daude hondartzetan eta mendi-hegaletan. Pinguino helduak eta hazkuntza-fase desberdinetan dauden txitak daude, lumaje askotakoak. Papua pinguino talde bat itsasorantz doa, glaziarrak, izotza eta elurra nagusi diren paisaia baten erdian. Uretan dauzkate zain foka lehoinabarrak, izebergen artean ezkutatzen direnak; eta badian sartzera ausartzen den orkaren bat ere ikus dezakegu. Itsaso gainean dabiltza hegan txenadak (Antartiko eta Artikokoak) eta marikoi handiak, aukeraren baten zain, pinguino kume edo heldu babesgabe edo gaixoren bat noiz harrapatuko.

Uda australean, pinguinoek lumaje osoa aldatzen dute. Sasoi zaila da, hilabete inguru egoten baitira jan gabe eta itsasoan sartu ahal izan gabe. Txitak jaio eta hazten diren sasoia da. Harriz egindako habietan utzitako arrautzetatik txitak jaiotzen dira. Tamainaz handitzen doaz hilabete batzuk beranduago itsaso zabalera irteteko babestuko dituzten lumak izan arte.

Pinguino kolonia berri batera egin dugu bisita, oraingoan izeberg badia eder batean dagoena -izeberg batzuk katedralak bezain handiak dira-. Leku honetan papua pinguinoaren ikuspegi on bat daukagu; bere moko gorri biziarekin, bere hegoak zabalduz eta mudatu berri duen lumajea erakutsiz, uretan hainbat hilabete emateko prest. Papua pinguinoak janari bila doaz itsaso zabalera eta asteetan egoten dira lurra zapaldu gabe. Batez ere krill-ez elikatzen dira, ganba itxurako krustazeo bat, Antartidako kate trofikoaren oinarria. Baina janari bila doazela harrapakin ere bihur daitezke, hala nola, lehoinabar foka, orka eta itsas-otsoena.

Lockroy portua ere bisitatu genuen, ikerketa-base britainiar zahar bat, Bigarren Mundu Gerratik hirurogeita hamarreko hamarkadara arte funtzionatzen egon zena. Orain museo bat da, itsaso-bidaia turistikoen leku gustukoena, iristeko nahiko erraza baita. Uhartearen erdia bisitatu daiteke baina beste erdia pinguinoentzako erreserbatuta dago, bertan hazten baitituzte kumeak.

Hurrengo egunean hegoalderantz joatea dagokigu berriz. Fronte atlantiko bat dugu, mendebaldeko haize gogorrarekin, eta itsasoa zakar jartzen da. Hala ere, argi dago animaliei ez diela eragiten eguraldiak; are gehiago: ematen du bale, pinguino, foka, itsasoko otso, txenada antartiko eta artikoak, albatros eta marikoiak ugariago dabiltzala. Antartidan, bizitza itsasoari lotuta dago. Uretako biodibertsitatea itzela da; aldiz, lurrekoa nahiko mugatua da, izotz eta elurrez estalia baitago.

Lamaire kanala

Egunak aurrera doaz eta itsasontziak izotz artetik egiten du aurrera, Antartidako lekurik ederrenetako batean, Lamaire kanala. Izeberg arteko inguru honetatik kayak-ean joatea, urdin biziko glaziar erraldoien hormen ondotik, esperientzia ahaztezina da. Eta behin baino gehiagotan bizi nahiko zenukeena. Pinguinoak ikusi ditut kanoatik metro gutxira igerian, baita Weddell fokak eta baleak ere. Aukera baldin badago, Antartida ezagutzeko modurik onena da, eta papua pinguinoek kumeak hazten dituzten ertzera hurbildu naiteke. Jakin-minez begiratzen didate, olatu lasaien artean aurrera egiten dugun bitartean.

Bat batean elur gehiago botatzen hasten, ontzia estali egiten du eta urakan haizeak indarrez mugitzen gaitu. Ez dut ikusi eguraldia hain denbora gutxian hainbeste aldatzen den lekurik, ezta mendi altuetan ere. Bost minututan sortutako poloko urakan bat dela dirudi. Itsasoko otso talde bati elurpean argazki batzuk egiteko denbora nahikoa izan nuen.

Gaur gauean kanpatzea tokatzen zaigu. Bai, Antartidan kanpatzea!! Hegoalderantz hamarnaka milia batzuk egin ostean, kostalde antartikoan leku bat bilatu genuen gaua pasatzeko. Kanpin-denda metro bateko elur geruzaren gainean muntatu eta… handik apur batera leunki hasi da elurretan. Nola egongo da kanpin-denda goizean? Ez dugu izarrik ikusten baina oraindik ikus daitezkeen glaziar eta mendiz inguratuta gaude. Minutu gutxitan, elurrak zuriz estali ditu itsasertzeko harkaitzak. Egunsentiak bidaiako unerik onenetako bat eskaini digu: Itsasotik itsasertzera datorren pinguino bakarti bat. Egun on esatera datorrela ematen du.

ITSASOAREN HAUSKORTASUNA

Itsasoaren hauskortasuna are argiago da ur hauetan. Berotze globalak honakoei eragiten die Antartidan: izotzaren eremua, itsasoaren gazitasuna, airearen tenperatura, uraren tenperatura, eta abar. Gainera, aldaketak eragiten dituzte pinguino espezieen eta bestelako animalien mugimendu eta banaketan. Papua, gentoo eta juanito pinguinoak hegoaldera jaisten ari dira eta Adeliako pinguinoek kumeak hazteko eremu asko galdu dituzte. Izotz-geruza argalagoa izateak eta tenperaturak altuagoak izateak enperadore pinguinoei eta barbijo pinguinoei ere eragiten die. Baina ez da uraren berotzea Antartidaren oreka arriskuan jartzen duen bakarra. Espezie batzuen organismoan metatzen diren pestizida eta beste substantzia batzuen bidezko kutsadurak ere eragina dauka. Krill krustazeoetan metatzen da, esaterako, eta gero horrek kate trofiko osoa kutsatzen du, bale eta beste harrapari batzuetara heldu arte.

http://www.lookingforthewild.com/