LURRA IZENEKO PLANETAN
Basa-bizitzaren bila (V)
Krokodiloak Australian
Testua eta argazkiak: Andoni Canela
Sei kontinenteetan zehar egindako bidaiaren bosgarren etapan (Basa-bizitzaren bila – Looking for the wild), Andoni Canela Australiara doa, munduko narrastirik handienaren bila: Itsas krokodiloa, Cape York penintsulan, Pazifikoko urek inguratuta.
Leku urruna eta biztanle gutxikoa da, kontinente australaren ipar-ekialdean, Ginea Berritik oso hurbil. Bere ezaugarri nagusietako bat Koral Hesi Handia da, baina ez bakarrik hori; bertako baso tropikalen oparotasuna eta mangladi espezie anitzak ere, ur gazira egokitutako basoak, ezaugarri bereziak dira. Inguru honetan ez da arraroa itsas krokodiloek pertsonei egindako erasoen berri entzutea.
Itsas krokodiloa (Crocodylus porosus), «estuarioko krokodilo porotsua» ere deitua, Munduko narrastirik handiena da. Australiako kostaldeetan bizi da babestuta; aldiz, Ozeania eta Asiako Pazifiko, Indonesia eta Ginea Berriko gainerako habitatetatik desagertzen ari da. Leku horietan hil egiten dute, gizakientzako mehatxu handia baita.
Hala ere, harrapari handien gainbehera bat izan da, tropikoetatik Artikora, eta hainbat ikerketa argitaratu dira duela gutxi horri buruz. Lehoiak, katamotzak, hartzak, pumak, lehoinabarrak eta beste harrapari handi batzuk murriztu egin dira eta horrek eragin handia izan du dagokien ekosistemetan: Harrapari horiek beren habitat naturalari ematen dioten oreka galdu egiten da. Beren ohiko harrapakinak, presiorik gabe, ugaritu egiten dira eta inguruko landaredia ere aldatu egiten da. Gauza bera gerta daiteke itsas krokodiloarekin.
Egia da beldurra ematen duela narrasti honek: oldarkorra da, indartsua, bizkorra, malgua, arina, boteretsua, luzaro bizi da eta bizirauteko gaitasun handia dauka. Harrapari handien artean hilgarriena da. Estatistikak argiak dira: Krokodiloek mila pertsonatik gora hiltzen dituzte urtean, gainerako beste animalia handi guztiek batera hiltzen duten kopuruaren ia bikoitza (hipopotamoak, elefanteak, lehoiak, marrazoak, otsoak, hienak, eta abar). Hala ere, gehienetan heriotza horien arrazoia pertsonen gehiegizko konfiantza da; izan ere, animalia horien inguru berean bizi dira eta sarritan ahaztu egiten dute harrapari handiaren habitatean daudela.
Cooktown-etik hurbil dagoen hondartza batean erreka txiki bat itsasoratzen da. Bertan krokodiloak daude eta itsas dortoken pasoko lekua ere bada. Seinaleak daude narrastiaren presentziaz eta horrek daukan arriskuaz ohartaraziz. Bertako pertsonen jokabideak ere hondartza inguruko seinaleak serio hartu beharra konfirmatzen du. Inor ez da bertan bainatzen –izan ere, krokodiloez gain, marrazoak eta itsas arraiak ere badaude-, baina batzuk hondartzatik paseoan ibiltzen dira eta txakurrak hareatzatik libre ibiltzen uzten dituzte.
Hortzeria bikaina izan arren, krokodiloek ez dute mastekatzen; harrapakinak osorik irensten dituzte, sugeek egiten duten moduan. Egiten dutena zera da: hil arte kolpatu edo ito arte uretan murgildu, egun horretan duen umorearen arabera edo harrapakin motaren arabera.
Erabiltzen ari garen txalupa turistikoa itsaso garden eta lasai batetik mugitzen da. Sakonean mangladia dago eta aste hauetan hainbat aldiz ikusi dira krokodiloak. Ez da beste ontzirik ikusten, ezta bestelako eraikuntzarik ere kostaldean, 50 kilometroko hedaduran ipar eta hegoaldera. Ekialdean, koral hesia eta uhartetxo mortu batzuk. Ikuskizuna hastera doa. Karei dortokak nonahi agertzen dira.
Egun bat beranduago karei dortoka bat agertu da hilda, haginkada arrastoekin. Dortoka horiek ehun milioi urte inguru daramate ozeanoetatik igeri egiten. Gutxi gora behera krokodiloen antzera. Bitxiena da dortoka honek oskola lehertuta eta odolduta daukala. Duela egun batzuk, herriko arrantzale batzuek krokodilo bat ikusi zuten gertuko badia batean dortokak ehizatzen saiatzen. Datu horiek izanda, litekeena da krokodilo batek eraso izana. Animalia gutxik estutu dezakete horrela narrasti handi horien oskola.
Cooktown-en hegoaldean, ekaitza dela, Daintree errekaren azalean puntadun protuberantzia batzuk ikusten dira, suge baten moduan mugitzen. Krokodilo baten isatsa da, lodi eta sendoa. Uretatik irtetean bultzada emateko eta igeri egin, urpean mugitu eta batzuetan, ehizatzeko ere balio dio. Ale hori txalupa baino luzeagoa da, beraz, sei metro inguru neurtzen ditu. Ez da erraza animalia hauek zein handiak izan daitezkeen imajinatzea, erreferentziarik eduki gabe. Eta pisuari dagokionez, krokodilo heldu batek bi tona ere izan ditzake.
Krokodiloak izugarri azkarrak dira esprintean, bai lurretik, baita uretan ere. Orduko 30 kilometroko abiaduran egin dezake igeri, gizakiek baino hiru edo lau aldiz arinago. Ikusgarria da igerian eta erreka batetik korrontearen kontra egiten ikustea, hain arin, esfortzurik gabe.
Txaluparen segurtasunetik, deigarria da bere begirada eta hagin erraldoiak, ahoaren erdian. Denbora apur batera, ematen du krokodiloaren begi horixkek txaluparen eta bidaiarien mugimenduei jarraitzen dietela. Ikaragarria.
Australiako kostaldeak
Australia paradisua da itsas dortokentzat, eta bertako kostaldean animalia horren sei edo zazpi espezie bizi eta ugaltzen dira. Zezen-marrazoak ere honaino heltzen dira dortokak ehizatzera. Koral Hesiko ur argi hauetan marrazo baten hegala azaletik mugitzen ikustea benetan ikuskizun zoragarria da. Izurdeak ez dabiltza urrun, Pazifikoko sardina eta sardinzar sardei jarraitzen.
Cooktown-en hegoaldean Daintreeko baso hezeak daude. Baso heze horietan 120 milioi bat urteko landare arraroak daude, kretaziko hasierakoak, kontinenteak banatzen hasi zirenekoak. Lurreko oihanik zaharrenak dira, eta eremu honetako erreka eta itsas kostaldeak oso habitat egokiak dira itsas krokodiloarentzat.