GURE INGURUNEA

Erakusketa ibiltari batek biltzen du tranbia honen historia

50 Urte Arratiako Tranbiarik gabe

Jon Urutxurtu

Arratiako Tranbiaren azken aztarna Igorreko Garbe auzora eraman zuten 1966ko otsailaren 6an. © Cecilio hijoren argazkia (El Correo-ren artxiboa). Ehun urtetik gora igaro dira, gehienbat Arratiako tranbia izenaz ezagutzen den Bilbotik Durango eta Arratiarako Tranbia Elektrikoa jaio zenetik; eta 2014ko azaroaren 30ean bere heriotzaren 50. urteurrena bete zen. Urteurrena aitzakiatzat hartuz, eta garraiobide zahar haren gorabeherak ezagutzera emateko asmoz, Bilbotik Durango eta Arratiarako Tranbia Elektrikoa. 50 urte Arratiako Tranbia barik erakusketa ibiltaria antolatu da. Erakusketa honek Zeanurin hasi zuen bere ibilbidea, eta zenbait herritatik igaro ondoren, Bilbon, Bizkaiko Foru Liburutegian, amaituko du bidaia; bertan egongo da ikusgai urritik abendura.

Bilbotik Durango eta Arratiarako Tranbia Elektrikoaren historia arakatzeak XIX. mendearen amaierara salto egitea suposatzen du, 1898an Sustapen Ministerioak lurrun-tranbiaren kontzesioa Angel Iturralderi eman zion unera hain zuzen ere. Dena dela, tranbia haiek inoiz ere ez ziren ibili lurrun-makinak mugituta, eta 1899ko irailaren 2an, Lemoa-Artea tartearen behin-behineko inaugurazioa egin zenean, animalia-trakzioaren bidez zebiltzan.

1902ko uztailaren 5ean probak egiteko lehenengo tranbia elektrikoa Durangora iritsi zen; aste batzuk beranduago, Lemoa-Zeanuri tartean trakzio elektrikoa zuen zerbitzua hasi zenez gero, animalia-trakziodun tranbiak kendu egin ziren. Azkenik, egun handia heldu zen, eta 1902ko abenduaren 7an, igandea, Bilbotik Durango eta Arratiarako Tranbia Elektrikoaren behin betiko inaugurazioa burutu zen.

Bilbon, Arriaga Antzokiko plazatik abiatzen zen Lemoara zuzentzeko, eta hemen linea bitan adarkatzen zen: Durangorantz edo Zeanurirantz. Guztira, tranbiabideak 49,21 kilometroko luzera zuen.

Bidaiaren eta merkantzien garraioa

Bere bizitzako lehen urteetan lehia zorrotza izan zuen Bilbotik Durangorako trenbide estua ustiatzen zuen Konpainia Zentralarekin, baina 1911ko ekainaren 12an, Ferrocarriles Vascongadosek Bilbotik Durango eta Arratiarako Tranbia Elektrikoaren akzio guztiak erosi zituenean amaiera eman zitzaion bi enpresen arteko borrokari. Hurrengo urteetan tranbien hobetzeari ekin zioten jabe berriek, eta bidaiarien eta merkantzien trafikoak gora egin zuen, horrela, 1929an, 4.196.460 pertsona eta 89.287 tona merkantzia garraiatu zituen. Kontuan izan behar da linean zenbait lantegira sartzeko bazterbideak zeudela.

Bere 60 urtetik gorako historian tranbiabidearen errailek ebaketak jasan zituzten tarte baten baino gehiagotan. Horrela, gerra zibilarekin Amorebieta-Durango tarteko zerbitzua eten egin zen. Gainera, aldi berean Bilboko terminala Arriagako plazatik, antzokiaren atzeko aldera lekualdatu zen. Dena dela, sasoi horretan, bidaiarien kopurua etengabe hazi zen; hazkunde horren zergatien artean, estraperloa eta Ariz-Urbi-Galdakao aldean gero eta handiagoa zen industrializazioa azpimarratu behar dira.

1950eko martxoaren 27an, Lemoa eta Amorebieta lotzen zituen tartea itxi zen; hala eta guztiz ere, 1952an Arratiako tranbiak inoizko emaitzarik onenak lortu zituen, hala diru-sarrerei nola bidaiarien kopuruari dagokionez: guztira, 6.749.914 bidaiari garraiatu zituen urte hartan. Merkantziek, ostera, errepidetik garraiatzeko zerbitzuak ugaritzen ziren heinean, beheranzko joera erakusten zuten; 1953ko urriaren 15eko uholde izugarriek, Nerbioi ibaiaren gaineko zubi metalikoa eraman zuten Urbin (Basauri) eta 1954ko otsailaren 24ra arte zerbitzua ez zen berrezarri. Gainera, Bilboko udalak Arriagako plazarako sarbidea kendu zuen, eta aurrerantzean tranbiak Urazurrutia kaietan hasi behar izan zuen zerbitzua.

Iragarritako heriotza

Handik aurrera, Arratiako tranbia hil zorian sartu zen. Alde batetik, bidaiariak etengabe galduz zihoan eta bestetik, bere egoera ekonomikoa gero eta larriagoa zen. Horrez gainera, lineak zeharkatzen zituen errepideetan zirkulazioa apurka-apurka gehitu egin zen, tranbiaren eta automobilen arteko bizikidetzak txarrera egin zuen, eta tranbia oztopotzat jotzen hasi ziren. Testuinguru horretan, 1956ko abuztuaren 1ean ibilbideak anputazio larria jasan zuen, Galdakao (Plazakoetxe)-Lemoa tartea kendu baitzuten; ondorioz linea beraien artean loturarik gabeko bi tartetan zatituta geratu zen: Bilbao (Urazurrutia)-Galdakao, 10 kilometrokoa, eta Lemoa-Zeanuri, 15 kilometrokoa. Bi urte geroago, 1958ko urriaren 1ean Urbi (Firestone)-Galdakao (Plazakoetxe) tartea eta Zeanuriko erdigunerako sarbidea kendu zituzten. Itxiera horiek merkantzien garraioa ia erabat desagertzea eta bidaiariena etengabe jaistea ekarri zuten.

Argi zegoen, 1962ko abenduaren 5ean, Arratiako tranbiarako administrazioaren kontzesioak balioa galdu zuen egunean, zerbitzua bertan behera utziko zutela. Hala ere, ordezko autobus-lineak ezartzeko administrazioaren baimenak ez ziren iritsi, eta tranbia zaharrek 1964ko azarora arte lanean jarraitu zuten. Azken unera arte biziraun zuten bi tarteen itxierarekin —Bilbo-Urbi eta Lemoa-Zeanuri— 1964ko azaroaren 30ean, Arratiako tranbia behin betirako desagertu zen. 

Lemoan ibilbidea banatu egiten zen Zeanurirantz edo Amorebieta eta Durangorantz.   Cecilio hijo-ren argazkia (El Correo-ren artxiboa)
50 urte arratiako tranbiarik gabe

Ehun urtetik gora igaro dira, gehienbat Arratiako tranbia izenaz ezagutzen den Bilbotik Durango eta Arratiarako Tranbia Elektrikoa jaio zenetik, eta 2014ko azaroaren 30ean bere heriotzaren 50. urteurrena bete zen.

Tranbia hura ezinbesteko erreferentea izan zen erabili behar izaten zuten milaka lagunentzat, bera zelako lantegietara zein Bilboko portura lanean joateko, zein baserriko eta zenbait fabrikatako produktuak gora eta behera eramateko, zein mendizaleak Gorbeiara hurreratzeko garraiobide bakarra. Bilbon, Arriaga Antzokiko plazatik abiatzen zen Lemoara zuzentzeko, eta hemen linea bitan adarkatzen zen: Durangorantz edo Zeanurirantz. Guztira, tranbiabideak 49,21 kilometrokoa luzera zuen. Urteak aurrera joan ahala eztanda-motorea, gasolina eta petrolioaren beste deribatu batzuen garaia iritsi zen, automobil pribatuaren sozializazioan oinarritutako gaur egungo zibilizaziorena hain zuzen. Eta orduan, 1964ko azaroaren 30ean, Arratiako tranbiaren heriotza gertatu zen.

Bere heriotzaren 50. urteurrena aitzakiatzat hartuz, eta garraiobide zahar haren gorabeherak ezagutzera emateko asmoz, Bilbotik Durango eta Arratiarako Tranbia Elektrikoa. 50 urte tranbia barik erakusketa ibiltaria antolatu da. Erakusketa honek Zeanurin hasi zuen bere ibilbidea, eta zenbait herritatik igaro ondoren, Bilbon, Bizkaiko Foru Liburutegian, amaituko du bidaia; bertan egongo da ikusgai urritik abendura.