INGURUMEN OSASUNA

Bizkaiko Foru Aldundiaren apustua

Kirola, osasunaren bidea

Testua eta argazkiak: Kiroletako Zerbitzua – Bizkaiko Foru Aldundia

Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko gizartearekin duen konpromiso saihestezinen artean dago bizi ohitura osasuntsuak bultzatzea. Jarduera fisikoa, elikadura eta higiene egokia, gure natura eremu eta baliabideen erabilera iraunkorra…, horiek guztiak dira eragiteko jarduera-eremuak, bizitza-estilo baikorra eta aktiboa bultzatzeko eta ingurunea errespetatzeko.

Zaila da planeta osasuntsua imajinatzea bertan bizi diren izakiak osasuntsuak ez badira, batez ere sapiens «deitura» sarritan zalantzan jartzen duen homo hori. Jatorrian, mugitzeko eta jarduera fisiko ugari egiteko gaitasunari esker, espezie bezala iraun eta eboluzionatu du. Gaur egun, teknologiak aukera soil bihurtu du ariketa fisikoa: igogailuak, motordun ibilgailuak edo bestelako elementuak erabil ditzakegu, esfortzu fisikoa egin beharrean. Aurrerapena izan beharrean, osasunerako laugarren arrisku-faktore bilakatu da munduko populazioarentzat: ariketa fisikoko maila eskasak areagotu egin du II. motako diabetea, hipertentsioa, hiperkolesterolemia eta bestelako arazoak dituen pertsona-kopurua. Arazo horien izena, oro har, Sindrome Metabolikoa da.

Zorionez, badakigu zein den gaixotasun horren aurkako sendagairik onena: jarduera fisikoa. Bizkaiko Foru Aldundiak badaki zer-nolakoak diren ariketak dakartzan onura fisiko, fisiologiko, psikologiko eta sozialak. Horregatik, «Kirola, osasunaren bidea» izenburupean, medikuntza eta kirol azterketak egiten ditu Kirol Medikuntzaren Unitate Mugikorraren bidez, irakaskuntza jarduerak gauzatu, material didaktikoa argitaratu eta urtero Kirol Jaia ospatzen du, baita unean-uneko sentsibilizazio-kanpainak ere, Bizkaiko gizartearekin dituen konpromisoetako bati erantzuteko: bizi-ohitura osasuntsuak sustatzea.

Kirol Medikuntzaren Unitate Mugikorra

Kirolak azken urteotan izan duen gorakadaren ondorioz, osasun-kontrol bereziak egin behar izan dira, jarduera fisikoa egiten dutenen hobetzeko grina eta eskaeretara egokitzeko.

Aholkularitza hori, batez ere prebentziozkoa, udal kiroldegiak erabiltzen dituztenei zuzenduta dago (Parte-hartze edo Aisialdiko Kirolaren udal programetan parte hartzen dutenak –ez federatuak ez Eskola Kirolekoak-) eta, bereziki, ariketan eragin lezakeen patologiaren bat dutenei, arriskuak saihesteko eta kirol-praktika egokiago batera bideratzeko, osasuna eta egoera fisikoa hobetze aldera.

Zerbitzu horren arreta Bizkaiko Foru Aldundiko esperientzia handiko mediku kualifikatuek egiten dute. Unitate mugikorrak beharrezko baliabide teknikoak ditu, eta Lurraldeko udalerrietara joateko diseinatuta dago. Kontuan hartuta prebentziozko eta aholkularitza teknikoko helburua, behin osasun azterketak eginda, bai orokorrak bai bereziak, medikuntza eta kirol arloko txostena egiten da. Horri esker, artatutako pertsonek hobeto ezagutuko dituzte beren osasuna eta egoera fisikoa, ariketa hori haien beharretarako eraginkorrena eta egokiena izan dadin.

Irakaskuntza eta zabalkundea

Biztanleak bizi-ohitura osasuntsuez kontzientziatzeko, hitzaldiak ematen dira hainbat talderentzat: unibertsitatekoak, nagusien elkarteak, aisialdikoak… Halaber, prestakuntza eskaintzen da egunero eta zuzenean erabiltzaileekin jarduten dutenentzat. Hain zuzen ere, haien esku dago ariketa fisikoa egitean ohitura onak ikasi eta finkatzea.

Irakaskuntza jarduera horri laguntzeko, material didaktikoa argitaratzen da sarritan hainbat formatutan: zientzia-hedapeneko artikuluak, argitalpenak edo bideoak. Lehenengoen artean, gure aldizkarietan parte hartzeaz gain, Gure Sport aldizkarian esaterako, beste baliabideetan argitaratu eta erakundearen webgunean bildutako testuetarako loturak ere eskaintzen dira. Beste batzuetan, materiaren bolumenaren eta interesaren ondorioz, liburuak argitaratu eta prestakuntza-bideoak editatzen dira.

Sentsibilizazio kanpainak eta Kirol Jaia

Sarritan, ariketa fisikoaren alderdi zehatzak dira sentsibilizazio-kanpainen helburua: jarduera fisikoa familian, ariketa osasuntsurako jarraibideak, elikatzeko ohitura egokiak, besteak beste. Horretarako, egutegiak, posterrak, triptikoak eta laguntza-bideoak editatu eta udal kiroldegietara bidali dira. Helburua osasunari buruzko mezu argi eta zehatza ematea da, ariketa fisikoaren preskripzioa emateari begira, bideragarritasuna, zaintza eta garapena ahalbidetzeko.

Bestalde, ekaineko lehen asteburuan, Kirol Jaia ospatzen da Lurraldeko 30 udalerri baino gehiagorekin lankidetzan. Udalerri horiek beren instalazioetako ateak zabalduko dituzte aisialdiko herri-jarduerak eskaintzeko eta ariketa fisikoa bultzatzeko. Bertan, 18.000 lagun inguruk hartzen dute parte. Jarduera hori Europar Batasunaren gomendioen barruan kokatzen da, kirola biztanle guztientzako eskubidea izan dadin, eta gizarteratzeko, heziketarako eta aisialdi osasuntsurako tresna bihurtuz. 

EDITATUTAKO ARGITALPENAK

Pertsona bakoitzaren beharrizanetara egokitutako ariketa fisikoa egitearen garrantziaz kontzientziatzeko, 2013an lan-ildo berri bati ekin zitzaion «Adinekoentzako ariketa fisikoari buruzko eskuliburuaren» argitalpenarekin. María García Gilen lana da, ariketa fisikoaren eta kirolaren zientzietan lizentziatua, eta Xanti Pérez eta Javier Serraren laguntza izan zuen, Aldundiko kirol koordinatzailea eta kiroletako medikua, hurrenez hurren. Adineko pertsonei ariketa fisikoa nola preskribatu behar zaien zehazteko erabilgarria izango zelakoan argitaratu zen.

Gaur egun hiru argitalpen berri editatu ditu Foru Erakundeak: lehenengoa, aurrekoaren osagarria den «Adinekoentzako ariketa fisikoa», haziz doan biztanleriaren sektore horrentzako ariketa fisikoaren programa bat modu autonomoan preskribatzen laguntzeko eta informazioa eta prestakuntza eskaintzeko gomendio erabilgarriak biltzen dituena; bigarrena, irakurle mota guztiei zuzenduta dagoen «Ariketa Fisikoa eta Osasuna. Oinarriko Ariketen Eskuliburua», ariketa fisikoak dakartzan onuren berri ematen duena eta kirola egitera animatzen duena. Bi lanak dira Javier Serra eta Xanti Perezenak. Eta azkena, «Ibiltzea. Erabilera terapeutikorako hausnarketa teknikoak eta bitxikeriak», Kepa Lizarraga Aldundiko kiroletako medikuarena. Osasuneko eta kiroleko teknikariei zuzenduta dago eta modu xehakatuan aztertzen ditu oinarrizko jarduera horren aspektuak: lurzoru motaren edota maldaren arabera gastatzen den energia, artikulazioek jasan beharreko esfortzuak, pisua modu eraginkorrean nola eraman edo kaloria gehiago gastatzeko nola egin, zapatek zenbat eragiten duten edo adinak zein aldaketa dakartzan.