TXANGOAK
Zaldiz ibilbideak Durangaldea eskualdean
Zaldi Gorri zaldi-bidea
Testua eta argazkiak: Kati-bi hipika kluba
IE 011 Zaldi Gorri Zaldi-bidea Bizkaiko Durangaldean zehar hedatzen den ibilbide zirkularra da, Ibaizabal ibaiaren bi aldamenak barne hartzen dituena. Zaldi-ostatuen Europako Sarea izeneko proiektuan, lehendabiziko euskal zaldi-bidea da hau, Europan goraka doan eskaria asetzea helburu duena.
Ibilbide honek Durangaldea inguratzen du, askotariko orografia duten hamabi udalerri zeharkatzen ditu, baita paisaia ezberdin eta aberatsak ere: erriberak, landazabalak, mendi-hegal basatiak, karez eta arez sortutako gailurrak... Giza aztarnak zipriztindutako mosaikoa da, antzina gure lurretan ezartzen hasi zena. Auzo eta baserriak dira espazio etnografiko eta paisajistiko honetan protagonista nagusiak. Dudarik gabe, bide naturalez eta hiri, landa eta mendiaren arteko loturaz gozatzeko aukera paregabea da Zaldi-bide honen baliorik azpimarragarriena.
90 km-ko ibilbide honen zatirik handiena kota ertainean kokatuta dago, paisaia eta naturaren edertasun izugarria gozatzeko aukeraz baliatzeko. Ibilbideak Bizkaiko zenbait udalerri zeharkatzen ditu: Zornotza, Garai, Mallabia, Zaldibar, Berriz, Elorrio, Abadiño, Atxondo, Mañaria, Izurtza eta Durango.
Ibilbidea hiru etapatan
Ibilbidea, Euskadin aitzindaria, mugikor bidez jarraitu daiteke eta hiru etapa dauzka: Zornotza-Elorrio, Elorrio-Urkiola eta Urkiola-Zornotza. Asteburu batean egiteko aparta. Bidearen bataz besteko kota 200 eta 300 metro bitartekoa da, inguru populatu eta asfaltatuak saihestuta. Bide publikoetatik burutzen da ibilbidea eta Trabakua, Kanpazar eta Urkiola gainak pasako ditugu, Anbotoko kare-menditik hurbil pasata.
Ibilbideak ez du zailtasun orografiko handirik eta inguru ezin hobea da zaldiz ibiltzeko, bien bitartean, paisaiak liluratuta utziko gaitu: baso hostotsuak, larre berdeak eta kare-gailur malkartsuak. Zaldi gainean doanak paisaiaz gozatuko du eta zaldiak berak ere bide irmoaz gozatzeko aukera izango du.
Ibilbide osoa QR kodeak dauzkaten panelez seinaleztatuta egongo da, horrela, bakarka egin ahal izango dugu bidea, inolako gidaren beharrik gabe. Animalientzako zuzkidura-guneak eta zaldi zein zaldikoentzako atseden-ostatuak ere seinaleztatuta egongo dira. Zaldi gainean doazenek zerbitzu bikain eta irisgarriak izango dituzte ibilbide osoan zehar: ostatuak, ostalaritza zerbitzuak, errementariak, albaitariak… baita ibilbidean zehar logistika eta zaldientzako garraioa ere.
Ibilbide aitzindaria Euskadin
Kai-bi klub zornotzarrarekin batera ekimenaren egile den Urkiola Landa Garapenerako Elkarteak «produktu turistiko eta berritzaile» gisa definitzen du ekimena, «kalitate homologatu eta ezaguna duena»; hala adierazi du Jan Mari Totorika presidenteak. Penintsula osoan diren 30 ibilbideetako bat da Zaldi Gorri. Ibilbide gehienak Andaluzia, Valentzia eta Nafarroan daude, hala, aurten, Euskadi ere batu zaie zerrendan, Espainiako Hipika Federazioak sortutako katalogoan ere barne hartuko delarik.
Zaldi Gorri Ibilbidea
Kati-bi Hipika Kluba
Ibarra Auzoa, 7
ZORNOTZA
Harremanetarako telefonoa: 656783821
E-posta: katibi@katibi.com
Webgunea: www.katibi.com