EKIPAMENDUAK
Durangaldeko Natur Zientzien Museoa (Mañaria)
Hontza Museoa
Iratxe Celaya
Urkiola Natura Parkearen atarian, Mañarian, Hontza Zientzia Museoa dago. Bertan, Enrike Huerta irakaslearen eskutik, mundu osoko animalia eta landare espezieei buruzko erakusketa ezberdinak ezagutzeko aukera dago.
Hontza Natur Zientzien Museoaren ideia 1962. urtean sortu zen; urte hartan erabaki baitzuen Enrike Huerta malakologian iniziatuak espezie ezberdinak eskuratu eta bere herrian, Durangon, Natur Zientzien Museoa sortzea, Euskal Herrian antzeko museorik ez zegoela ikusita.
20 urtetik gora igaro ondoren, jaioterrian Museo bat sortzeko ezintasunaz jabetuta, Enrikek museoa bere kabuz Mañarian ezartzeko hautua egin zuen, familiaren pisu batean. Horrela jaio zen Bizkaiko lehendabiziko itsasoko museoa (orduan bakarra) 1987ko ekainaren 5ean. Lehenengo urtea igarota, Natur Zientzien Museo izatera pasa zen, Hontza – Natur Zientzia Museoa izena hartuta. 1991. urtean, Museoak ateak itxi zituen publikoarentzat, eraikin berrira lekualdatu bitartean. Ordea, 2014 urtera arte itxaron behar izan zuen, orduan instalatu baitzen egun dagoen eraikinean, Mañarian.
36.000 ale baino gehiago
Enrikek 1960-62 urte bitartean bildu zituen lehendabiziko espezimenak, 12 urteko haurra besterik ez zelarik, eta horiek izan ziren gaur egun Hontza Museoa – Durangaldeko Natur Zientzien Museoa denaren lehendabiziko piezak. Urte batzuk beranduago, itsas arloko kanpainei esker (mediterraneokoak batik bat), aukera izan zuen molusku eta bestelako espezieez osatutako bilduma handia sortzeko.
Museoaren funtsetan, informatikoki artxibatutako 36.000 ale baino gehiago dago gaur egun, nahiz eta, espezimen berriak barne hartu ahala, zifra hori etengabe handituz doan.
Gainera, Hontza museoak 3.000 titular baino gehiago dauzka liburu, aldizkari eta artikulu ezberdinetan. Liburutegia zabalik dago, kontsultak egin nahi dituen edonoren eskura, baldintza bakarra izanik aurretiaz arduradunarekin egun eta ordua zehaztea. Bestetik, bideotekan eta fonotekan Lurreko ekosistema eta gune ezberdinetako ehunka natura erreportaje eta soinu-giro jasotzen dira.
Museoa itxita egon izanak ez du esan nahi barne-jarduerak erritmo normala eten zuenik; ezta gutxiagorik ere, izan ere, lan-erritmoa nabarmen handitu baita tarte horretan. Gaur egun, lehentasunezko zeregina da zehazteke dauden ehunka aleak identifikatzea eta horien fitxategi informatikoak eguneratzea.
Erakusketak
Museoaren eraikinak bi solairu ditu, baina, egun, lehendabizikoa baino ez dago erakusketak eta publikoa jasotzera bideratuta. Lehenengo solairu horretan hiru areto daude, bakoitza dagokion erakusketaren eredu. Lehenik eta behin, Museoaren sarreran «Krustazeoak» izeneko aldi baterako erakusketa jasotzen da, urtero berrituko dena, eta, izenak berak dioenez, krustazeo aleek osatzen dute, hala europarrek nola exotikoek. Erakusketa honen adibide adierazgarrienetako bat da armiarma karramarro erraldoia, Macrocheire kaempferi (Temminck, 1836).
1. aretoan erakusketa iraunkorra dago. Bertan nabarmentzen dira Artropodo ez Krustazeoak, Anelidoak (12.000 bat ale); Botanika (850), Fungi, Mineralogia eta Paleontologia (9.000 pieza baino gehiagorekin). 2. aretoan espezie ezberdinen sorta zabala dago erakusgarri: ugaztunak (135), arrainak (300), ekinodermatuak (500) eta poriferoak (130); moluskuak (16.000), knidarioak (315), krustazeoak (660), anfibioak (30), narrastiak (97) eta hegaztiak (532).
Espezie aniztasun horri esker, Hontza Museoa toki berezi eta anitza da, pertsona ororen eskura dagoena.
Hontza Museoa
Natur Zientzien Museoa
Helbidea: Ebaristo Bustinza «kirikiño» kalea, 18. Mañaria.
Tel. 94 621 65 55 – 629 405 740
Ordutegia:
Publikoari zabalik (apiriletik irailera bitartean):
- Asteartetik ostegunera: 17:00etatik 20:00etara.
- Larunbata: 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.
- Jaiegunak: 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.
- Astelehena: itxita
Ikastetxeak eta taldeak: aurretiko zita. Gehienez, 25 pertsona talde bakoitzeko.