INGURUMENAREN GESTIOA

Interpretazio, Ikerketa, Gaikuntza eta Heziketarako Plan berria onartu da (PICE-IGHP)

Urdaibai, garapen iraunkorrerako ikasketa lekua

Paula Caviedes. Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren zuzendari-kontserbatzailea.

Onartutako planaren bidez, Urdaibaiko Biosferaren Erreserban Garapen Iraunkorrerako Heziketa arloan planteatutako helburuak betetzeko tresnak zehazten dira, inplikatutako eragileei emaitzak modu eraginkorrean jakinarazteko.

Urdaibaik natur ondare garrantzitsua dauka, ehunka urtetan gizakien eta naturaren artean izandako orekaren fruitu. Biosferaren Erreserbaren irudia bertako natur baliabideen erabilera iraunkorra ahalbidetzeko helburuarekin sortu zen, betiere hurrengo belaunaldiei erabilgarritasuna ukatu gabe. Horrela, aitorpen hori eman ziotenetik, berrikuntza eta garapen iraunkorraren eredu izan da, ikaskuntza eredu bat ezarri da eta iraunkortasunerako heziketa arloko hainbat jarduera burutu dira, tokiko parte-hartzearekin.

PICE-IGHP berria

Urdaibaiko Biosferaren Erreserbak «Garapen Iraunkorrerako Interpretazio, Ikerketa, Gaikuntza eta Heziketa Plan (PICE-IGHP) berria dauka 2015etik. 1997an onartutakoa ordezkatuko du eta datozen 10 urteetan egongo da indarrean. Urdaibain Garapen Iraunkorrerako Heziketan lanean jarraitzeko modua da, 30 urteko bidearen ondoren. Urte horietan guztietan hainbat eta hainbat ikerketa, hitzaldi, prestakuntza-ikastaro, erakusketa eta argitalpen egin dira.

Plan berriak jarduera-ildoak jaso ditu Urdaibai iraunkortasunerako ikaskuntza eremu izan dadin, maila globalean, estatu eta toki mailan.

Beste jarduera batzuen artean, Planak honakoak aurreikusi ditu: natur inguruarekiko jardueren interakzioei buruzko ikerketak martxan jartzea; garapen iraunkorrerako hezkuntza sustatzea eta ondarearen interpretazioa eta prestakuntza, gaikuntza eta sentsibilizazio-jardueren garapena, Biosferaren Erreserban. Gainera, ekintza horietako batzuek natur eta kultur ondareari balioa ematen lagunduko dute, ekonomia berdearen garapena eta erakargarritasun turistikoa oinarri hartuta.

Horretarako, hurrengo hamar urteetarako Ekintza Planaren egitura hauxe izango da: lau enbor programa eta zeharkako bi programa; guztira 33 helburu eta ia ehun ekintza zehatz. Era berean, ekintza bakoitzerako itxaroten diren emaitzak ezarriko dira, adierazle edo ebaluazio formula gisa.

Ekintza Planerako ezarritako aurrekontua ia 3 milioi eurokoa da eta berrikusi egingo da hiru (2018), sei (2021) eta bederatzi (2024) urtetara, helburu eta programa bakoitzerako ezarritako adierazleen arabera (emaitzak).

Planak izaera berritzaileko ekintzak planteatzen ditu baina arrakasta handiz garatzen ari diren ekintzak ere burutzen ari dira, hala nola Eskola Agenda 21, Arrano arrantzalearen inguruko heziketa-programa edo GAP programa.

Parte-hartzea funtsezkoa da

Era berean, planak bermatuko du jarduera eremu horietako emaitzak inplikatutako eragileei heltzen zaizkiela, horien arteko informazio eta komunikazio fluxua sustatuz. Diagnosiaren eta PICE-IGHP planaren idazketa prozesu osoan parte-hartzea funtsezkoa izan da. Horrela izanik, berrogeita hamar aditu inguruk hartu dute parte. Pertsona horiek garapen iraunkorrerako interpretazio, ikerketa, gaikuntza eta hezkuntza arloko erakundeetakoak izan dira, eta haien lana ezinbestekoa izan da informazio bildu, proposamenak egin, ekintza plana egituratu eta berau aplikatzeko agintaritza eta antolakuntza zehazteko.

Lankidetza antolakuntza

Planaren helburuetako bat egun arlo honetan lanean ari diren eragileen arteko lankidetza indartzea da, bakoitzaren eskumenak eta ekimen pribatuak errespetatuz. Era berean, horien arteko koordinazioa eta lankidetza-sareak sustatzen ditu arlo desberdinetan, eta horretarako helburu horiei erantzuna emateko antolakuntza-eredu bat proposatu du.

PICE-IGHP planaren enbor-programa bakoitza koordinatu eta sustatzeko lanak dagoeneko martxan dauden egitura eraginkorretan oinarritu dira. Urdaibai Biosfera Erreserbaren patronatuak eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren mendeko zerbitzu teknikoak proposamenak jaso, koordinatu eta dinamizatuko dituzte eta guztiak Urdaibai Biosfera Erreserbaren helburu eta egitekoarekin bat etor daitezen saiatuko dira. 

Garapen Iraunkorrerako Heziketari buruzko Munduko Ekintza Programaren bidean

Garapen Iraunkorrerako Heziketari buruzko UNESCOren Munduko Konferentzia Aichi-Nagoyan izan zen, Japonian, 2014ko azaroan. Bertan erabaki zen Garapen Iraunkorrerako Heziketari buruzko Munduko Ekintza Programa sustatzea. UNESCOren Konferentzia Nagusiaren 37. saioan eman zen ontzat programa hori, Nazio Batuek Garapen Iraunkorrerako Heziketaren harira burututako Hamar Urteen jarraipen gisa. Programa horren helburua irakaskuntza eta ikasketa maila eta arlo guztietan garapen iraunkorrerako heziketa jarduerak areagotzea da. Zehatzago esanda:

Programak lehentasunezko bost ekintza ildo identifikatu ditu. Urdaibairen PICE-IGHP planean egindako azterketaren osagai garrantzitsuak dira eta aurreikusitako ekintzak bideratu eta sendotzen dituzte: