ELKARRIZKETA

«Konfiantzaren Pedagogiak gaitasun guztiak garatzen ditu haur-eskolan»

Rafael Cristóbal

Rafael Cristóbal psikiatra Ginebran bizi izan zen. Han hasi zen haurren portaerak ikertzen. Gure herrian, berriz, ibilbide oparoa izan du: Santa Agedako ospitale psikiatrikoko zuzendaria izan da; Eusko Jaurlaritzak sustatutako psikiatria-erreformarako batzordeko kidea ere; eta psikopatologia irakasle gisa ere jardun du, Euskal Herriko Unibertsitatean. Horrez gain, Cristóbal Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultateko «Hazitegi» ikerketa-taldearen sortzailea ere izan zen, eta haur-garapenaren psikologia eskolak ere eman ditu. Zenbait haur-ikastetxetako eraldatze pedagogiko eta arkitektonikoa zuzendu du, eta haurren hezkuntzari eta psikologiari buruzko hainbat liburu idatzi ditu.

BIZKAIA MAITEA: «Hazitegi» ikerketa-taldea sortu zenuen Mondragon Unibertsitatean, gure gazteen eta, bereziki, txikien garapen osasuntsuan aurrera egiteko xedearekin. Zein da talde horren lanaren oinarria?

Rafael Cristóbal: «Hazitegi»ren berezitasuna zera da: haur-hezkuntzaren plangintza egiten duela (0/6 urte) oinarri zientifikoetatik abiatuta. Aurreko beste korronte batzuen aburuz, haur-hezkuntzako zentro onenak printzipio filosofiko edo humanistetan oinarritutakoak ziren (Montessori, Steiner, Loczy...). «Hazitegi»n, berriz, gure xedea da gaur egungo zientziek ahalbidetutako ezagutza zientifikoetan oinarritutako haur-eskola eredua sortzea.

B.M.: Zientzian oinarritutako psikologiari buruz ari zara, eta diozu psikologia hori dela pedagogiaren, hau da, egin beharrekoaren oinarria.

R.C.: Halaxe da, bai. «Hazitegi»n «haurraren garapena ezagutzaren ikuspuntutik», hau da, zientziaren ikuspuntutik lantzeko oinarriak sortu ditugu (hori da, hain zuzen ere, idatzi dudan bi liburuetako baten izenburua), pedagogia oinarri horien gainean eraikitzeko. Zentzu horretan, psikologia izango litzateke pedagogiarekiko, fisika ingeniaritzarekiko dena. Pedagogia hori gauzatzeko, ordea, beharrezkoa da haurren espazioa modu berri batean antolatzea. Arkitektura berri hori ere psikologia zientifikoan oinarrituta egongo litzateke. Horrela, bada, psikologiak, pedagogiak eta arkitekturak osotasun bat eratzen dute: haurrei beraien gaitasun guztiak hedatzeko aukera emango dien osotasuna, hain zuzen ere. Horixe izan zen «Hazitegi» proiektua. Zientziak, gainera, argi utzi digu haurrek, ahulak badira ere, gure konfiantza merezi dutela. Gurea, beraz, Konfiantzaren Pedagogia bat da.

B.M.: Zein izan da jasotako uzta?

R.C.: Oraindik goiz da emaitzei buruz hitz egiteko. 5 urte baino ez dira igaro lehen saiakerak abiarazi genituenetik, eta falta zaigu horien emaitzak enpirikoki aztertzea. Dena dela, badaude begi bistako emaitza bi, Konfiantzaren Pedagogia aplikatzen ari den zentroetan antzemandakoak: haurrek ez dute negar egiten; eta irakasleak pozago daude.

Gure erronketako bat da eskola-porrotarekin amaitzea (Lehen eta Bigarren Hezkuntzan agertu egiten da jada), eta seguru nago lortu egingo dugula. Horrekin batera, oinarri psikobiologikorik ez duen arreta-defizitaren trastornodun hiperaktibitatearekin amaitu nahi dugu. Gure xedea da erabat desagerraraztea haurrek bizitza honetan pairatzen duten lehen porrot hori. Horrek eskatzen du diagnosi-sistema oso-oso goiztiarra, esku-hartzea ere oso goiztiarra izan dadin. Horretarako, desbideratzeak gazte-gaztetatik antzemateko behatze-sistema sortu dugu. Izan ere, gure eskola-sisteman, non ikasgelak oso zurrunak diren, haur supergaitu asko eta asko ez daude gustura, eta haur horiek hiperaktibotzat hartuak izaten dira.

Haurtzaroaren aldi horretan adimena sentsoriala eta mugimenduzkoa da, eta ohiko arkitektura eta pedagogian horrelako haurrek traba egiten dute klasearen garapenerako. Haur supergaituak zentsuratuak izaten dira, bihurriak direlakoan. Orduantxe hasten da martxan errepresioaren gurpil zoroa: haurra haserretu egiten da, ez da egokitzen eta, azkenean, eskola errefusatzen du. Ez dugu ahaztu behar, gainera, 0-6 urteko tarte horretan eraikitzen direla nortasuna eta giza-egitura, eta, horien barruan, jakintzarako eta ekintzailetzarako grina ere. Horiek dira etorkizuneko ikaskuntzen oinarriak.

B.M.: Non kokatuko zenituzke pedagogia horren jatorriak, zeintzuk dira bere oinarriak?

R.C.: Joan den mendeko 50eko hamarkada mugarria izan zen, haurren ezagutza zientifikoari dagokionean. Harlow eta Suomi irakasleek zenbait primate ikertu zituzten Wisconsineko Unibertsitatean (AEB). Aldi berean, Bowlbyk zenbait haur behatu zituen Londresen. Azterlan horien eraginez, ordura arte ez bezalako iraultza gertatu zen. Animalien psikologiari buruzko aurkikuntzei esker (Darwinek jada antzeman zituen) oinarrizko zenbait lanabes sortu ziren adin txikikoaren garapen psikologikoa behatzeko.

Darwinek aparteko talentua zuen: hauteman zuen gizakia ez zegoela isolatua gainontzeko izaki bizidunengandik, ez zegoela animalia-erreinutik at, baizik eta erreinu horren jarraipena zela. Primateen burmuinaren oinordea zela. Eta, burmuin horrekin batera, bertan izkiriatutako senak ere bereganatu zituela. Senari buruzko teoria modernoa: hori da pedagogia honen guztiaren oinarria. Gerora, gizakion senaren kontzeptuak zientzialarien berrespena eta aintzatespena jaso du: lehenengo, Lorenzek eta Tinbergenek 1973an jasotako Medikuntzako Nobel Sariaren bitartez; gero biologia molekularra etorri zen; eta gaur egun, neurozientziei esker zabalagoak dira giza senari buruz ditugun ezagutzak.

B.M.: Esaten ari zarena da Konfiantzaren Pedagogia gure animalia-senetan oinarrituta dagoela? Hori, praktikan, nola gauzatzen da?

R.C.: Konfiantzaren Pedagogia garapenaren psikologia batean oinarritzen da. Hori errotikako aldaketa da. Lehen, pedagogiak uste zuen haurrak programatu gabeko ordenagailuak zirela. Aristotelesek berak ere halaxe pentsatzen zuen. Ez da horrela, ordea. Konfiantza izan ahal duzu gari eta artoan, baldin eta haien legeak errespetatzen badituzu; baina ezin duzu artoa lehorreko laborean erein; ezin dituzu landare tropikalak poloetan landatu.

Senen zientzia modernoak gainditu egin du senak iraganean zuen zentzu murriztailea. Xehetasunetan sartu gabe, senak lau dimentsio dituela esan dezakegu: motorra; neurobegetatiboa; emozionala; eta irudimenarena. Senak berezko gaitasun ugari ditu (gizakionak, batez ere); adimena, esaterako. Txikien oinarrizko sen naturala da, esaterako, nagusiengana, gurasoengana jotzea. Zaindu dezagun hori. Zaindu dezagun ikastolara joaten hasten direnean gurasoengandik beste norbaitengana egin beharreko iragaite hori; utzi diezaiegun pertsona berri horrekin ohitzen, lotura sortzen; utzi diezaiegun seguru sentitzen. Bigarrenik, gizakiok berezkoa dugu esploratzeko sena: bosgarren hilabetean agertu, eta ehun urtean zehar garatuz doa sen hori. Sortu ditzagun egitura eta objektu ugari dituzten espazioak, haurtxoek aukera izan dezaten txoko eta bazterretan sartzeko, txoko horiek miatzeko, esploratzeko.

Esplorazioan zehar beldurra sortzen bada eta haurtxoak lotura egokia sortu badu, izango du norengana jo babes eske. Andereñoak eta gurasoek hartuko dute umetxoa, lasaitu egingo dute, beldurrak uxatuko dizkiote eta elkarrekin joango dira esploratzera. Horri esker, haurtxoak gehiago esploratuko du eta ekintzaileagoa izango da. Urtebete izanda, haurtxoek elkarrekin egon nahi dute. Sortu dezagun espazio bat elkarrekin jolastu daitezen: goian, behean, barruan... Zaintzeko sena ere badute, eta hori da erantzukizunaren oinarria. Utz diezaiegun elkarri zaintzen. Finean, egin dugun aldaketa da zientzia pedagogian txertatzea. Eta esango nuke gaur egun, haurrei buruz guzti-guztia dakigula. Atera kontuak! GUZTI-GUZTIA.

B.M.: Eta GUZTI-GUZTIA dakigunez, zentzuz jokatu dezakegu. Orduan, zein izan behar da irakasleen rol berria?

R.C.: Hala da. Hazkundearen legeak errespetatzeko eta hazkunde hori errespetatzeko beste irizpide baditugu. Ortuzain onak bezalakoxeak gara gu: badakigu zeintzuk diren senen legeak, beharrezko umeltasuna eta beroa ematen dugu, beharrezkoa den eguzkia... Eta barazkiak, gero, beraiek bakarrik hazten dira. Beste gauza bat ere argitu behar dugu: kulturaren rola zein den. Kultura familiar, sozial eta humanistaren bidez proposatzen ditugu imitatu beharreko ereduak. Zientzian oinarritutako eredu horiek, berezko gaitasunak egokiro garatzeko gidalerroak izango dira.

Arkitekturak, pedagogiak eta psikologiak sinergian dihardute. Gauzak egokiro egiteko hiru oinarriak dira. Eta hori guztia martxan jartzea ez da garestia. Argitu dezadan kontua: trenkadak garestiagoak dira barruko egiturak baino. Gure ikastolak eraikitzerakoan, ordea, ez da trenkadarik altxatzen: eraikinak espazio handiak dira, eta barruko guneak antolatzeko egituraz beterik daude. Hantxe jolasten dira umetxoak, denak elkarrekin. Herrietako plazak bezalakoxeak dira eraikinok, antzinako herrixketako bizitokien parekoak, eta hezitzaileek ez dute zertan haurtxoaren eta bere beharrizanen arteko bitartekari-lanik egin. Haurrek elkarri eragiten diote automatikoki espazio aberats, oparo eta seguru horretan. «Eta orain, zer egingo dugu?» diote irakasleek hasieran, euren kolkorako. Erantzuna zera da: ikusi, eta beharrezkoa denean baino ez esku hartu! Nola ortuzainak bere baratzarekin. Bitartekari izatetik behatzaile izatera igaro behar dira.

Gero, eskolaurrean, kulturaganako hurbilketa emango da: objektu fisikoen esplorazioan sakonduko dute umetxoek, eta, emeki-emeki, objektu horietatik kulturaren tresnetara (letrak, zenbakiak) igaroko dira. Tresna berri horiek zertarako erabili ditzaketen antzeman behar dute, jakin-mina bizi-bizi daukatela. «egin eta ikasi».

B.M.: Zure ustez, zein da gure haurren duten ongizate-maila? Gure gizartearen osasun-egoeraren isla da?

R.C.: Zoriontasuna da gizakiaren dimentsio guztien garapen oso eta harmonikoaren hautemate subjektiboa. Metafora bat baliatuta, esan dezakegu landare berde eta indartsu batek kontzientzia izango balu, zoriontsu sentituko litzatekeela, eta landare zimel bat, berriz, ez. Haurrak zoriontsuak diren ala ez erakusten diguten zenbait adierazle dago. Negar egiten badute, zerbait txarra ari zaie gertatzen. Ezinbestean da horrela? «Izan gaitezen errealistak, pentsa dezagun ezinezkoa», zioten Frantziako Maiatzean. Gure helburua da ez dezatela inoiz negar egin. Hori da gure pedagogiaren xedea. Eta dagoeneko praktikara eraman dugu: Arizmendi, Bergara eta San Fermin ikastoletan; eta, gutxi barru, Orion, Txantxikun eta Leioan.

Baliteke negar-zotinen bat egotea, beti eman daiteke desadostasunen bat ala beste, baina oso gutxi izango dira. Haurrak zoriontsuak dira. Gure gizartearen kontzientziak ez dauka oso mamituta pertzepzio hori. Naturaltzat jotzen dugu haurrek negar egitea. Beste alde batetik, badakigu pozik dauden umeek hobeto ikasten dutela. Mendebaldeko gizarte honi konfiantza falta zaio. Larri dabil, beti emaitzen (hau da, noten) bila. Beti korrika! Notak, ordea, futbolean golak bezala dira: ondo jokatuz gero, golak sartuko dituzu. Ordea, golak sartzera jokatuz gero, ez duzu bat ere ez sartuko eta, gainera, txarto jokatuko duzu. Horrelakoxeak dira taldeak, larritasunez beteak, ezta? Eskolaren zeregina da konfiantza ematea, haurrei eskumenak ematea... Orduan bai, orduan etekina aterako diote kontuari.

Zoriontasuna ez da aintzat hartu, ez balio gisa, ez eskolan, ez enpresa-munduan. Eta, hala eta guztiz, enpresa zoriontsuetan errendimendua askoz handiagoa da. Ez dugu ahaztu behar iraultza handiek belaunaldiak behar izaten dituztela, eta gazte prestatu eta ekintzaileen lidergoa behar dutela. Horra hor Errenazimendua, lehenengo Eusko Jaurlaritza, edota gaur egun bizi dugun gizarte-eraldatze mugimendua.

B.M.: Zelan baloratuko zenituzke adin txikikoaren testuinguru desberdinak, batez ere familia eta eskola, eta horiek bere garapenean duten eragina?

R.C.: Ezinbestekoak dira biak. Haurtxoak hauteman behar du eskola etxeko luzapena bailitzan. Eskolak etxean sartu behar du, eta etxeak eskolan. Gure ikastetxe guztietan kafetegi bat dago eta, bertatik, gurasoek haurrak ikusi ditzakete, eta haurtxoek gurasoak. Atea ez da ixten: umeei zabalik uzten zaie etxera edo herrira bidea. Eta ikastola etxean? Ere bai, gurasoentzako mintegien bitartez. Gustura etortzen dira, eta hori da irakasleekin lankidetzan aritzeko ernamuina. Etorri ezin dutenentzat, hileroko buletinak argitaratzen hasiko gara.

B.M.: Amaitzeko: gure hezkuntza-ereduak ahalbidetu egiten du zuena bezalako proiektu bat abian jartzeko? Zeintzuk dira bidea zailago egiten duten trabak?

R.C.: «Hezkuntza-eredu» terminoa oso zabala da. Irakasle on batek gauza apartak egin ditzake baliabide urriak izanda ere. Hortaz, oso garrantzitsua da irakasleen birziklatzea eta etengabeko prestakuntza. Hargin bat izan nuen etxean lanean, eta hark zera esaten zuen: «ofizial onarentzat ez dago lanabes txarrik».

Irakasleentzat antolatzen ditudan ikastaroetan zera esan ohi diet: «eskola eraldatu nahi badugu, lehenengo guk geuk aldatu behar dugu». Ez dut dogmatikoa izan nahi, baina aldaketarako lehen traba bertan datza: irakasleak aldatzearen beldur dira, eskola ireki honetan behatuak izatearen beldur. Kontua ez da pilota inoren teilatura botatzea, baina Gobernuak badu ardurarik gai honetan. Irakaslea instrukziogilea da zenbait eremutan, baina hezitzailea ere bada, haurraren fase guztietan. Are gehiago: haurrarena bakarrik ez, familiaren hezitzailea ere bada. Familiek ere presioa egiten diete irakasleei, euren larritasun eta lehiakortasunekin. Zeregin polita da eskolan zein etxean bakea ezartzea. Eta familiei haurrarenganako konfiantza itzultzea. Adin txikiko bakoitzak bere adina, bere erritmoa eta ikasteko bere moduak ditu. Horiek errespetatzen baditugu eta haien lorpenei duten balioa aitortzen badiegu, onik iritsiko dira helmugara. 

Konfiantzaren pedagogia bat

Gizakion ezaugarri behinenetako bat da gure ahultasunaren jabe garela. Ezjakintasunean bizi gara, eta horrek gure bizitza baldintzatzen du. Gure ahultasuna, ordea, desberdin antzematen dugu, besteekin harremanetan jartzeko geure buruarengan dugun konfiantza-maila zein den. Konfiantza dagoenean seguruago sentitzen gara, babestuago, ez hain zaurgarri.

Ume bakoitza bat eta bakarra da, berezko hazte-prozesuak ditu. Horretan oinarrituta, Konfiantzaren Pedagogiak haurtxoen izaeraren eremu guztiak (intelektuala, afektiboa, fisikoa, soziala, artistikoa eta izpirituala) osotasunean garatzen ditu. Xede horretarako, hezkuntza-eremuan familia-izpiritua izan behar da nagusi, alaitasun-giroa, harrera egin eta hitz egiteko aukera egon behar da, ikasleen indar motibatzaileak aktibatu beharra dago, hasiera-hasieratik. Horrez gain, haurren ahalmen sortzailea sustatu behar da, eta ondo egindako lanaren aldeko ardura. Pertsonekin, beharrizan espezifikoekin lan egiten dugunez, funtsezkoa da aurrean duguna ulertzea. Horretarako oso lagungarria da saiakera eta behatze zientifikoan oinarritutako lana: beharrizanei erantzuten laguntzen du, eta haurren gaitasunak modu orekatuan eta harmonikoan garatzen ere bai. Konfiantzaren Pedagogian, adin txikikoa pertsona da lehenengo, eta ikasle gero.

PDFFitxategi hauek kontsultatzeko Adobe Reader dohainiko programa behar duzu, erabili esteka deskargatzeko.