IRAUNKORTASUNA

Olioa birziklatzea, gainditu gabeko irakasgaia

Urrea hodietan

Testua eta argazkiak: Hondakinen atala. Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Saila

Landare-olioa Mediterraneoko sukaldaritzaren erregea da. Etxe eta jatetxe guztietako sutegietan ezinbestekoa, elikagai preziatu hau oso kutsagarria izan daiteke saneamendu-sarean isuriz gero, eta, aldi berean, baliabide material garrantzitsua izan daiteke behar bezala tratatzen bada.

Urte gutxitan, birziklatzera bidean, hondakinak banatzeko ohiturak aldatu ditu populazioak eta berrerabili, birziklatu edo balioztatu daitezkeen produktuak atera ditu etxeetako zaborrontzietatik: papera, beira, ontziak, etab. Nolanahi ere, gaur egun, erabilitako landare-olioaren zati bat egokiak ez diren bideetatik botatzen da, normalean etxeko hustubideetatik. Elementu horren ahalmen kutsatzaile handiaren gainean ezjakin, eta jatorri zein osaketa naturala izaki kalterik egiten ez duen ustetan, hainbat herritarrek sukaldeko harraskatik botatzen du olioa, ekintza horren ondorioei buruz hausnartu gabe.

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren (BBUP) azterketen arabera, litro bakar bat olio nahikoa da 40.000 litro ur kutsatzeko, eta bolumena kontuan hartuta, pertsona batek urtean etxean kontsumitzen duenaren baliokidea da. Saneamendu-sareetako trabatze-arazoez gain, sukaldean erabilitako landare-koipeak garbitzeko tratamendua izugarri garestitzen da Hondakin Uren Araztegietan (HUA). Horrela, BBUPko teknikariek Galindoko HUAko saneamendu-sarera isuritako metro kubiko bat landare-olio garbitzeko kostua aztertu dute; kopurua 460€/m3 da. Ondorioztatzen denez, koipe horiek garbitzea 700 aldiz garestiagoa da ohiko hondakin-ura tratatzea baino, izan ere, haren karga kutsatzailea 5.000 aldiz handiagoa izan baitaiteke.

Erabilitako olioaren merkatua

Bizkaiko udalerri gehienetan daude edukiontzi laranjak edo berdeak, eta bertan erabiltzaileek olioa utz dezakete plastikozko ontzi batean sartu ostean. Ontzi hori etxean erabilitako edozein izan daiteke, tapoia badu: ur edo freskagarri botila bat edukiontzi laranjen kasuan, edo ontzi berezia berdeen kasuan.

Landare Olioen eta Koipeen Hondakinen Kudeatzaileen Elkarte Nazionalaren arabera (Geregrass), Espainian biztanle bakoitzak bataz beste 13,14 litro/pertsona/urtean landare-olio kontsumitzen ditu¹. Sektoreko iturrien arabera, kopuru horretatik, erabilitako landare-olioaren ekoizpena Lurralde Historikoan 2-4 litro/pertsona/urtean izaten da; Bizkaiko lurraldean bakarrik, gutxi gorabeherako ekoizpena 3,5 milioi litro/urtean². Hala ere, kopuru horretatik %12 bakarrik uzten da gaikako udal edukiontzietan.

Hotel, jatetxe eta kafetegien kasuan (Horeca), ekoizle handiak direnez, Bizkaian gaikako bilketa «atez ateko» sistemaren bidez egiten da, edukiera handiko plastikozko bidoiak erabiliz. Horri esker, bilketa-ratioak sortutako kopuruarekin alderatuta, %75ean kalkulatu da.

Argi dago, beraz, norberaren etxean dagoela hobetzeko aukera handiagoa, eta horietan behar dela premia handiagoz jarduteko modua aldatzea.

Kudeaketarik jasangarriena

Enpresa birziklatzaileek topatzen dituzten arazo handienetako bat «inpropio» izenekoak dira, hau da, edukiontzietan modu ezegokian utzitako materialak. Beraz, Gaiker-IK4 Teknologia Zentroak Rafrinor SLrekin lankidetzan egindako azterketa batek frogatu zuenez, olio-edukiontzian material ezegokiak egotea oso ohikoa zen, eta horrek zaildu egiten zuen banaketa-prozesua erabat automatizatzea. Aurkitutako praktika txarren artean, honakoak nabarmendu ziren: kristalezko ontzi eta botilak, egunkariko paperak edo jantziak egotea.

Olioa berreskuratzeko prozeduraren automatizazioa eskasa bada ere, prozesu bideragarri eta jasangarria da. Energia, Ingurumen eta Teknologia Ikerketen Zentroaren arabera (CIEMAT), erabilitako kilogramo bat landare-oliorekin 0,92 eta 0,97 kilogramo biodiesel bitartean sortu daiteke³. Errendimendu bikain horri esker, erregai mota hori erabiltzen da gero eta gehiago. Ekoizpen horrek tokiko garapena bultzatu eta independentzia sustatzen du petrolio gordina sortzen duten herrialdeekiko. Gainera, mugikortasun jasangarriaren aldeko udal ekimenek erregai horren kontsumoa sustatzen dute, besteak beste, Bilboko Udalean, izan ere, honek, 2004. urtetik, biodieselaren erabileraren alde egin du hiriko autobusetan (Bilbobus).

Azkenik, ulertu behar da erabilitako landare-olioaren hondakina ez dela hondakin hutsa, baliabidea baizik; balioztatu daitekeen lehengaia eta ohiko erregai fosilen alternatiba. Laburbilduz, erregai horrek ingurumenean dituen onura nagusietako batzuk nabarmendu behar dira, esaterako, atmosferara isurtzen den CO₂ kopurua murrizten laguntzen duela. Gainera, ez dauka sufrerik, eta hura da, hain zuzen, euri azidoaren eragile nagusia. Azkenik, lurren kutsadura murrizten ere laguntzen du, hain toxikoa ez delako eta, isurketa-ezbeharren kasuan, produktu biodegradagarria eta ez toxikoa delako. 

 

¹ 2012. urteko datua. http://www.geregras.es/noticias/News/show/el-consumo-de-aceite-de-oliva-se-mantiene-en-espana-929
² Datu hori lortzeko, ekoizpenaren batez bestea Euskadiko 2013ko populaziora estrapolatu da= 1.156.447 pertsona
³ 2006. urteari dagokion datua.

 

Zero waste industry

Erabilitako landare-olioa birziklatzeko ohitura 20 urtez baino gehiagoz izan da gure lurraldean. Jatorrian, materia hori animalien pentsuak egiteko erabili izan da, baina oilasko belgikarrek (1999) eta behi eroek (2000) sortutako krisien ondorioz eskaera jaitsi eta, azkenean, Europar Batasunak horien erabilera debekatu zuen. Une horretan hasi ziren landare-olioak “Biodiesela” ekoizteko erabiltzen. Horren kontsumoa etengabea izan da, eta gaur egun erabilitako landare-olioaren ia %99a bioerregaiak ekoizteko erabiltzen da. Ondorioz, petrolio gordinaren %21a aurreztu da.

Olioari balioa emateko industriak hondakinik gabeko ekoizpen-eredua du oinarri, eta, hortaz, eredu jasangarria. Olioa berreskuratzeko prozesuan sortutako hondakinen azpiproduktu edo zatiak, era berean, birziklatuak edo balorizatuak dira. Esaterako, edukiontzi laranjetan utzitako plastikozko ontziak birziklatze-planta batera bidaltzen dira. Halaber, garbiketatik datozen urak eta lokatzak biogasa sortzeko erabiltzen dira. Bestalde, iragazpenetik sortutako elikadura-azpiproduktuak pentsuak sortzeko baliatzen dira.