BRIKOLAJE EKOLOGIKOA

Produktu teknologikoen «bidezko merkataritza»

Elektronika etikoa

Iratxe Celaya

Gero eta globalizatuagoa eta, aldi berean, dibertsifikatuagoa den mundu batean, zaila da jakitea nondik datozen kontsumitzen ditugun artikuluak. Nola jakin dezakegu ea erabiltzen ditugun produktuek giza eta lan eskubide guztiak bete dituzten, baita ingurumenekoak ere? Galdera horri erantzuteko sortu da elektronika etikoaren kontzeptua.

Bidezko merkataritzak, 60ko hamarkadan sortu zenetik, eskulanetarako edo kaferako etiketa izateari utzi dio, eta nabarmen handitu du eskaintzen dituen produktuen kopurua. Gero eta errazagoa da kontsumitzen dugunaren bertsio etikoa aurkitzea. Alabaina, zergatik ez da gauza bera gertatzen produktu elektronikoekin? Zergatik da hain zaila produktu elektroniko etikoak aurkitzea? Oekom jasangarritasunaren arloko aholkularitza alemaniarraren txosten baten arabera, enpresa teknologikoetan gertatzen dira lan-abusurik handienak, eta azaltzen duenez, gainera, eskuko telefonoen fabrikatzaileak dira etika gutxien dutenak. Egoera horren aurrean, elektronika etikoaren arabera, etikoki zuzenak diren baldintzak bete behar dira produktu elektronikoaren fase guztietan. Hona hemen etapa horiek: mineralak edo lehengaiak atera, fabrikatu, muntatu eta bizitza amaiera.

Erauzketa kontrolatzeko faserik zailenetako bat da. Izan ere, hornitzaileek eta bestelako aktoreek zaildu egiten dute elementu bakoitza nondik datorren dokumentatzea, eta sortzen duten gizarte eta ingurumen inpaktua handia da. Gailu elektronikoen oinarrizko materia koltana da eta, gehienetan, politika, gizarte eta ingurumen gatazka larriak dituzten herrialdeetan lortzen da. Hori dela eta, esparru horretan, gatazka armatuak dituzten herrialdeetatik lortutako materialak «etika gutxikoak» direla esatera mugatzen dira.

Produktuaren hurrengo etapak manufaktura eta muntaia dira. Helburu horiek dituzten fabrikek urrutitik ere ez dituzte betetzen langileen lan-baldintzak, eta haien lanaldiak hitzartutakoak baino gehiago dira, gutxieneko soldatatik behera irabazten dute edo ia segurtasun-baldintzarik gabe lan egiten dute. Greenpeace, Enough eta Setem erakundeek, besteak beste, aspalditik salatu dituzte produktu elektronikoen gehiegizko kontsumoaren ondorioak. Are gehiago, hasieran aipatu bezala, enpresa teknologikoetan gertatzen dira lan-abusurik handienak. Horregatik, hainbat ekimen sortu dira bidegabekeria elektronikoaren aurka egiteko, esaterako, telefono eta sagu «etiko eta jasangarriak» (ahal den neurrian), Fair Phone eta Fair mouse besteak beste.

Ekoizpenaren azken fasea bizitza amaiera da. Bertan sortzen da «zabor elektronikoa», oso kaltegarria ingurumenerako nahiz osasunerako. Nazio Batuetako Unibertsitateak 2013an argitaratutako azterketa baten arabera, 2012an 49 milioi tona metriko zabor elektroniko sortu ziren. Estatuak 1,1 milioirekin kooperatu zuen, guztira 18 kilo biztanleko. Kopuru hori 2017rako %33ra igotzea aurreikusi da. Fabrikatzaile eta banatzaileek produktu horiek jaso eta tratatzera behartuta badaude ere, hiru telefono zaharretik bat besterik ez da birziklatzen. Besteak beste, The Restart Project ekimenak bilerak antolatzen ditu bertaratzen direnei beren produktu elektronikoak, bota beharrean, konpontzen irakasteko, eta Koopera zabor elektronikoa berreskuratzen aritzen da Euskadin. 

5 aholku elektronika etikoa erosteko

1. Behar duzu ala kapritxoa da?

Bitan pentsatu zertarako erabiliko duzun eta non bukatuko duen. Agian gastu hori aurreztuta bizitzaren beste esparru batzuez gozatu ahal duzu.

2. Kostua ez da prezioa bakarrik

Produktu elektronikoek gizarte eta ingurumen kostu handia dute lotuta. Pentsatu ea prest zauden prezioa ordaindu eta beste batzuek kostua ordain dezaten.

3. Zer dago logoaren atzean ezkutuan?

Konpainiek oso politika desberdinak izan ditzakete lan zein ingurumen arloetan. Aukeratu etikoena.

4. Eta produktu etikorik ez badut aurkitzen, baina horren beharra badut?

Babestu etikarik gabeko produktuak ikusarazten aritzen diren kanpainak. Konpainia gehienak irudi ona izaten saiatzen dira, eta haien aurkako kanpaina batek inbertsio arriskutsuago bilaka dezake.

5. Zer egin ordezkatu nahi dudan gailuarekin?

Birziklatu edo saldu bigarren eskuko denda bati. Horrela, diru ordaina jaso eta haren bizitza erabilgarria luzatuko dute. GKE, hezkuntza erakunde, Interneterako sarbidea duen gizarte zentro, baliabide gutxiko pertsonei edo garapen bidean dauden herrialdeei dohaintzan eman ahal diezu.

Elektronika etikoa babestuz, etorkizuneko «bidezko merkataritza» gure bizitzetan txertatzea lortuko dugu.