GURE INGURUNEA

Denboran definitutako helburu eta jarduera zehatzak ditu

Bizkaiko biodibertsitatea babesteko, hobetzeko eta kudeatzeko Estrategia (2015-2020)

Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusia – Bizkaiko Foru Aldundia

Bizkaiko Foru Aldundiak estrategia bat landu du, datozen bost urteetan (2015-2020) Bizkaiko biodibertsitatea babestu, hobetu eta kudeatzeko. Biodibertsitatearen galera etetea da asmoa, eta horrekin batera biodibertsitatea bera berreskuratzea. Horretarako nazioarteko, estatu eta erkidego mailako helburuei erantzun beharko zaie, baita Bizkaia 21 programan hartutako konpromisoei ere.

Zergatik Biodibertsitatearen aldeko estrategia bat?

Europar Batasunak 2020rako daukan Helburu Nagusia zera da: biodibertsitatearen galera eta ekosistemen zerbitzuen galera geldiaraztea eta ahal den neurrian konpontzea. Era berean, EBri munduko biodibertsitatearen galeraren aurkako borrokan laguntza gehiago eman nahi zaio, hori guztia dibertsitate biologikoari buruzko Nazio Batuen Hitzarmenarekin hartutako konpromisoen ondorioz.

Biodibertsitateak inguratzen gaituzten ekosistema, espezie eta gene guztien aberastasun biologikoa hartzen du bere gain. Ekosistemen osagaiek interakzio eta funtzioen bizi-kalitate optimoa ahalbidetzen dute, bai indibiduala, bai kolektiboa, oinarrizko beharrizaneko zerbitzuak ziurtatuz (ur edangarria, elikagai naturalak…). Beraz, ekosistemen ondasun eta zerbitzuak funtsezkoak dira tokiko ekonomietan; izan ere, enplegua eta gizarte ongizatea sortzeko potentzial handia dute.

Ondorioz, biodibertsitatea babestu eta kudeatzeko politikak kudeaketa integratuaren ikuspegitik enfokatu behar dira, eremu babestuen barruan zein kanpoan, eta biodibertsitateari balioa eman behar zaio, garapen iraunkorraren ereduak sustatzeko gakoa izanik.

Bizkaiko Lurralde Historikoak landare baskularren 113 espezie ditu, mehatxupean daudenak (Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoa). Horietatik 28 espezie iraungitzeko arriskuan daude. Ornodun animalien artean, 122 espezie daude Katalogoan babes-kategorian sailkatuta. Horietatik bisoi europarra aipatu behar dugu, desagertzeko arriskuan dagoena. Animalia horiengan dauden mehatxuak hainbat dira, hala nola benetako banaketaren ezagutzarik eza, erabileren aldaketen ondorioz habitata suntsitzea edo espezie aloktono inbaditzaileen presentzia.

Bizkaiko azaleraren %26,5 interes komunitarioko habitat gisa sailkatuta dago, beste %8,2 espazio natural gisa eta %18 Natura 2000 sareko espazio gisa.

Egoera horretatik abiatuta, Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko Lurralde Historiko osoan Biodibertsitatea babestu, hobetu eta kudeatzeko Estrategia bat landu du, eta datozen bost urteetan ekingo zaio lan horri.

Estrategiaren helburua

Dokumentu honen helburua zera da: biodibertsitatearen babes, hobekuntza eta kudeaketa helburuak lortzeko beharrezko mekanismoak modu egituratu eta programatuan definitzea. Horregatik:

Biodibertsitatearen Estrategiaren Printzipioak
Helburu orokorrak eta helburu operatiboak – Jarduera-ildoak

1. Biodibertsitatearen galera etetea eta ekosistemen zerbitzuak berreskuratu edo mantentzea.

2. Biodibertsitatea hobetzea plangintzaren, ezagutzen kudeaketaren eta sailaren gaikuntzaren bidez.

3. Espezie exotiko inbaditzaileak prebenitu, kontrolatu eta erauztea.

4. Biodibertsitateari eta ekosistemen zerbitzuari balioa ematea.

Martxan jartzea

Bizkaiko Foru Aldundiak babestutako habitat eta espezieen jarraipena egiteko programak landu ditu azken urteetan, Ekosistemen Milurtekoko Ebaluazioaz gain. Informazio hori oinarri hartuta, 2015ean martxan jarri dira Estrategiaren barneko jarduerak, beharrezko baliabideekin eta eragileak parte-hartzearen bidez inplikatuz. Aldian-aldian jarraipen eta ebaluazioak egingo dira.