INGURUMENAREN GESTIOA
Zerbitzuak etengabe hobetzen dira
Hondartzen 2015eko denboraldia Bizkaian
Testua eta argazkiak: Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Saila - Bizkaiko Foru Aldundia
Bizkaiko Foru Aldundiak hondartzen 2015eko denboraldia irekiko du, eta iaz bezala sei milioi euroko aurrekontua erabiliko du, hareatza guztietako zerbitzuak prest egon daitezen. Bizkaiko hondartzen erdiak baino gehiagok kalitate eta ingurumeneko ISO ziurtagiriak dituzte.
Bainurako denboraldia ekainaren 1ean hasi eta irailaren 30ean amaituko da Bizkaian. Beraz, Euskadiko bainu-denboraldi luzeena da Bizkaikoa. Bizkaiko kostako 28 hareatzek eta bertako atsedenlekuek dagoeneko martxan dituzte zerbitzu guztiak. Etengabeko hobekuntzarako politikaren barruan sartzen dira zerbitzuok. Eta horren erakusgarri da Bizkaiko 18 hondartzak dagoeneko badituztela kalitate eta ingurumeneko ISO 9.001 eta 14.001 ziurtagiriak. Gainera, Bakio, Plentzia eta Arriatera-Atxabiribil hondartzek EMAS erregistroa lortu dute, ingurumenaren arloan Europar Batasunak ematen duen aipamen gorena.
Bizkaiko Foru Aldundiak hondartzetarako 2015ean duen programak 6 milioi eurotik gorako aurrekontua dauka, hondartzetako salbamendu eta sorospenerako, garbiketarako, mantentze lanetarako eta irisgarritasun obretarako. Aurrekontuko zenbatekoa dela eta, honako hauek nabarmendu behar dira: 2,4 milioi euro hondartzak garbitzeko lanetarako, eta 3 milioi euro baino gehiago hondartzetako segurtasunerako (salbamendu eta sorospen zerbitzua).
Garbiketa- eta mantentze-lanak
Bizkaiko Foru Aldundiak 2,4 milioi euro inbertituko ditu aurten, gure kostaldeko hondartzak garbitu, mantendu eta konpontzeko lanetan. Udaro legez, Bizkaiko hondartzek ekipamendu osoa edukiko dute. Aurtengo denboraldian, 204 dutxa, 59 iturri, 725 paperontzi eta bidoi, 480 plataforma parrillatu, oinak garbitzeko 42 iturri eta 1.950 metro zurezko pasabide jarri dira, guztira.
Dutxa, iturri zein oinak garbitzeko iturrien euskarriak ordezkatzen jarraituko dugu aurten, plataforma finkoek hareatzetan eragiten duten inpaktua txikitzearren. Gainera, azpimarratu behar da Aldundiak hondartzen kudeaketan aurrera daroan etengabeko hobekuntzako politikaren barruan ingurumena babesteko irizpideak aplikatzen direla: adibidez, oinak garbitzeko iturriak kentzen dira halakorik behar ez den lekuetan edo dutxen beherengo aldeetan dauden sakagailuak ere kentzen dira, ura aurreztearren. Hainbat udalek eskatuta ekin zaio arrazionalizazio-prozesu horri, Bizkaiko Hondartzak Kudeatzeko Sistema Integratuaren barruan.
Azpiegituren atalean, azpimarratzekoa da 11 hondartzatan umeentzako jolas-eremuak daudela eta beste 16tan, bizikletak aparkatzeko guneak.
88 pertsona aritzen dira udan garbiketa zerbitzuan, ordutegi ezberdinetan, ekipo mekaniko sofistikatua erabiliz. Ekipo horretan, bitarteko hauek daude: hondartzak garbitzeko makinak, kamioiak, traktoreak, zisterna-kamioiak, ekortzeko makinak eta harriak kentzeko makinak.
Hondartzetako hondakinak bereizita jasotzea eta birziklatzea errazteko, hainbat koloretako ohiko paperontziak ipini dira, baita mareek ekartzen dituzten hondakinak jasotzeko edukiontziak ere.
Foru erakundeak dei egiten die hondartzen erabiltzaileei, hondartzetan ere hondakinak sailkatuta botatzeko. Paperontziak eta edukiontziak beti egoten dira eskura eta erraz ikusteko moduan, modu egokian erabil ditzagun.
Salbamendu eta Sorospen Zerbitzua
Aldundiaren Salbamendu eta Sorospen Zerbitzua ekainaren 1ean hasi zen lanean, eta irailaren 30era arte jarraituko du. Hondartzetako erabiltzaileek oso balorazio positiboa egiten dute sorosleen lanaren inguruan eta haien ustez hondartzetan segurtasun maila altua dago.
Salbamendu eta sorospenerako giza taldea uretako 152 sorosle tituludunek osatuko dute. Egunero, guztira, 87 sorosle arituko dira lanean, honela banatuta: 7, La Arenan; 2, Areetan; 5, Ereagan; 4, Arrigunagan; 3, Gorrondatxan; 5, Barinatxan; 7, Arriatera-Atxabiribilen; 2, Muriolan; 4, Plentzian; 6, Gorlizen; 2, Armintzan; 7, Bakion; 2 Aritzatxun; 2, Laidatxun; 3, San Antonion; 2, Toñan; 6, Laidan; 4, Lagan; 2, Ean; 2, Ogellan; 3, Isuntzan; 5, Karraspion, eta 2, Arrigorrin.
Hondartzak zaintzeko eredua
Bizkaiko Foru Aldundiak hondartzak zaintzeko eredua finkatu du. Aurten hondartzain legez kontratatutako 31 pertsonek lanaldi jarraitua izango dute, 10:00etatik 20:00etara. Hondartzainok lankidetza estua edukiko dute Salbamendu eta Sorospeneko Foru Zerbitzuko langileekin zein udaltzainekin eta ertzainekin, azken horiei baitagokie trafikoaren eta herritarren segurtasunaren gaineko eskumena.
Salbamendu eta Sorospen Zerbitzuaren erreskaterako materiala
Erreskaterako materialari dagokionez, esan behar da aldatu egiten dela hondartzaren ezaugarrien arabera. Hauek nabarmendu behar dira:
- Medikuen lantaldea (botikin fakultatiboak eta desfibriladoreak behar bezala erabiltzen direla zaintzen du).
- 3 salbamendu-ontzi (Ereaga, Plentzia eta Karraspio-Isuntza).
- Uretako 4 motor, Arriatera, La Arena, Bakio eta Laidan.
- Erreskateko 6 quad, La Arena, Ereaga, Arriatera-Atxabiribil, Plentzia, Gorliz, Bakio eta Laidan.
- Lur orotako ibilgailu bi.
- 7 automobil (zonako koordinatzaileak).
- Zaintzako 14 dorre, prismatikoekin, La Arena (2), Ereaga, Arrigunaga, Atxabiribil, Plentzia, Gorliz (2), Bakio (2), San Antonio, Laida, Laga eta Karraspio Txikin.
- 25 desfibriladore erdi-automatiko, beste horrenbeste hondartzatan. Erreserbako desfibriladore 2.
- Toleste bikoitzeko 28 ohatila.
- Itsas salbamenduko ekipoak, Gurutze Gorriko taldeek euren kabuz konpondu ezin dituzten larrialdietarako.
- «Ume galduak» eskumuturrekoak, hondartzetan galtzen diren zortzi urtetik beherako umeak identifikatu ahal izateko. Hondartza guztietan egongo dira halakoak.