GURE INGURUNEA
100 urteotan munduko hezeguneen %64 galdu dira
Hezeguneak gure etorkizunerako
Ibon Hormaeche (iturria: EFE Agentzia)
Hezeguneak ezinbestekoak dira gizakien biziraupenerako. Munduko ingururik emankorrenetako bat dira, aniztasun biologikoaren sorlekua eta uraren eta lehen produktibitatearen iturriak. Haien menpe daude landare eta animalia espezie ugari bizirik irauteko. Hala ere, azken 100 urteotan, planetak ekosistema horien hiru bostenak galdu ditu.
«Azken 100 urteotan, planetak hezeguneen %64 galdu ditu». Titular kezkagarri horrekin zabaldu zituen Christopher Briggs idazkari nagusiak Hezeguneei buruzko Ramsar Konbentzioko Alderdien Konferentziaren XII Bilerako jardunaldiak (COP12), eta egoera global larria eragotzi eta konpontzeko beharraz ohartarazi zuen.
Ramsar Konbentzioko bilera 2015eko uztailean egin zen Uruguaiko Punta del Este hirian. Bilera gobernuen arteko ingurumen alorreko hitzarmen baten parte da, eta hezeguneak babestea eta haien erabilera iraunkorra sustatzea ditu helburu.
Ramsar-i buruz
Hezeguneei buruzko Konbentzioa, Ramsar Konbentzioa izenekoa, gobernuen arteko ituna da, eta ekintza nazionalerako eta nazioarteko lankidetzarako balio du hezeguneak eta haien baliabideak babestu eta zentzuz erabiltzeko helburuarekin.
Hezeguneak ezinbestekoak dira gizateriari ematen dizkion onurengatik edo «zerbitzu ekosistemikoengatik», besteak beste, ur gezaz hornitu, janariak eta eraikuntzako materialak, bioaniztasuna, ur-goraldien kontrola, lurrazpiko urak berriz kargatu eta klima-aldaketa murriztu.
Konbentzioak hezeguneen definizio zabala ezartzen du. Laku eta ibai guztiak hartzen ditu, lurpeko akuiferoak, zingirak eta padurak, larre hezeak, zohikaztegiak, oasiak, estuarioak, deltak eta itsas beherak, mangladiak eta kostaldeko beste gune batzuk, koralezko arrezifeak, baita leku artifizialak ere, esaterako, arrain-hazkuntzarako urmaelak, arroz-soroak, urtegiak eta gatzagak.
Hezeguneen erabilera munduko erronka da. Gaur egun, Konbentzioak 168 herrialde ditu, eta Ramsar izendatutako lekuak 2.193 dira, guztira 208 milioi hektarea baino gehiagoko azalerarekin, nazioarteko interesekoak eta «Ramsar Zerrendan» sartuta. Zalantzarik gabe, horrek erakusten du zer garrantzitsua den ekosistema bakar bati zuzendutako nazioarteko ituna edukitzea.
Arriskuan dagoen balioa babesteko
«Hezeguneak ur edangarriko iturria dira, baita soroak ureztatzeko ere, natura-hondamendiak arintzen dituzte, esaterako, tsunamiak, edo itsas mailaren igoera murrizteko (…) eta 660 milioi lagun inguru arrantzatik edo akuikulturatik bizi dira», adierazi zuen Christopher Briggesek COP12ko bilerako irekitze-hitzaldian, eta hezegune horiek babesteko dauden arriskuez ohartarazi zuen. «Uholdeen eragina murrizteko balio dute, oihanek baino 12 aldiz CO₂ gehiago hartzen dute eta oporrak igarotzeko gizakiak aukeratutako leku nagusiak dira», gehitu zuen.
Hezeguneei buruzko Ramsar Konbentzioko Alderdi Kontratatzaileen Konferentziako 12. Bilerako (COP12) lan nagusietako bat izan da 2016-2021 eperako plan estrategikoa gauzatzea, hezeguneen suntsipena eteteko eta haien erabilera jasangarria sustatzeko hartu beharreko gidalerroekin. «Gizateriaren etorkizuna nola ziurtatu eztabaidatzen ari gara», adierazi zuen Briggsek.
«Azken 40 urteotan hezeguneen %40 galdu ditugu, eta azken 100 urteotan guztien %64 galdu ditugu. Beste arazo bat da hezeguneetako espezieen populazioa %66 baino gehiago murriztu dela», azpimarratu zuen adituak.
Briggsek beste datu larri bat gehitu zuen: «urtero leku hauen %1,5 galtzen da, besteak beste, nekazaritza-jarduerak zabaltzen ari direlako, hiriak handitzen ari direlako, klima-aldaketaren eraginagatik eta haien degradazioagatik uretako agente kimikoak direla eta». Ekologia eta ingurumeneko galera horiek ekonomian ere eragina dute, Briggsen arabera 1997tik «2,7 bilioi dolarrekoa».
2016-2021 estrategia egitearekin batera, Konferentzian zehaztutako beste gai bat da «mundu mailako kanpaina bat» ezartzeko beharra, biztanleei hezeguneen balioa jakinarazteko. Bizkaia Maiteak bat egiten du kanpaina horrekin.
Gure Ramsar hezeguneak
Ramsar Zerrendan sartutako lekuek hezegune-tipologia ugari ordezkatzen dituzte. hezeguneak, sedimentazio-eremuetako lautadak, ibarrei lotutako hezeguneak, hezegune artifizialak, padurak, estuarioak, deltak, istingak, itsasbazterreko urmaelak, etab.; gure inguru hurbileko uretako inguru natural eta erdi-naturaletako ekoaniztasun handiaren erakusgarri dira. Hortaz, 6 Ramsar hezegune daude Euskal Autonomia Erkidegoan: Mundaka-Gernika Itsasadarra; Txingudi; Guardiako urmaelak; Caicedo-Yusoko urmaelak eta Añana Gesaltza; Salburua eta, azkenik, Ulibarriko Urtegiko Hegoak).