LURRA IZENEKO PLANETAN

Basa-bizitzaren bila (VI)

Kalaoa: adar biko hegaztia

Testua eta argazkiak: Andoni Canela

Andoni Canelak planetako sei kontinenteetan zehar hasitako bidaia honen (Basa-bizitzaren bila – Looking for the wild) seigarren etapan, Tailandia ekialdera zuzenduko gara. Bertan, adar biko kalaoa bizi da, bizirauteko aukera gero eta mehatxatuago duen hegazti bitxi eta ikusgarria.

Euri-garaia hasi da eta eguneko lehendabiziko ordutik Khao Yai basoa soinu naturalen kontzertu gisa azaltzen da. Parke Nazional honetan, Bangkok-etik (Tailandia) ordu gutxira, 3.000 landare espezie, 300 txori espezie, 70 ugaztun espezie eta 70etik gora narrasti eta anfibio espezie biltzen dira. Intsektuak zenbatzerik ez dago ia.

Basa-inguru tailandiar honetan adar biko kalaoa bizi da (Buceros bicornis), orrialde hauetako protagonista. Buru gaineko kaskoan, moko laranja eta zuri handiaren gainean justu, adar antzeko bat du eta horri zor dio izena. Metro bat baino gehiago da garai eta hego zabal eta sendoak dauzka. Lumadia koloretsuan beltza, zuria eta horia tartekatzen dira. Adar biko kalaoa Asia hego-ekialdean bizi da, baita India, Nepal eta Indonesiako zenbait tokitan ere.

Egurra eskuratzeko edo laborantzarako lurretan entresaka egiteko baso tropikalen deforestazio eta ebaketa dira animalia honentzat mehatxu nagusiak. Kalaoak oihan birjinak behar ditu urte osoan zehar elikatzeko, bertan bilatu eta eskuratzen baititu askotariko fruituak. Zuhaitza handiak ere behar ditu, bere habia egin eta txitak hazteko. Bere lumen legez kanpoko trafikoa arazo larria da oraindik zenbait lekutan. Txinako legez kanpoko merkatuan elefantearen marfila baino hamar bider garestiago ordaintzen da bere adarra. 

Hegazti hauen mokoak sendabide gisa eta figurak egiteko erabili izan dira (eta oraindik ere hala erabiltzen dira tribu batzuetan). Lumak zeremoniarako soinekoak eta buruko apaingarriak egiteko erabili izan dira tribu ezberdinetan, Nepaletik Malasiaraino.

Kalaoen bila joateko goiz altxatu beharra dago. Izan ere, goizaldean, oraindik ilun dagoenean egiten baitituzte kalaoek eguneko lehendabiziko irteerak janari bila. Hegazti hauek metodikoak dira, errutina finkokoak, eta ibilbide bera egiten dute beti ordu berean, edo antzekoan.

Adar biko kalao bat oihanaren errezelean hegaz ikusten den lehendabiziko aldia zirraragarria da, benetan. Kalaoak hegoak astindu egiten ditu bere gorputz astuna airean mantentzeko, pausatzeko fruituz beteriko zuhaitz bat topatzen duen arte. Orduan, adarrez adar ibiltzen da, jauzi txikiak eginez, piku helduenen bila. Nahikoa gustuko duen bat topatzen duenean, irentsi egiten du. Hegazti fruitujalea da, baina batzuetan narrastiak, karraskariak eta beste hegazti txikiago batzuk ere jaten ditu.

Behatutako alea arra da; begien gorri koloreak argi uzten du hori. Emeenak ezberdinak dira, zuri-urdinxkak. Bekain handi-handi eta borobilduek begiak nabarmentzen dizkiote. Kalao hau prismatikoen laguntzaz xehetasunez jarraituz gero, munduko hegaztirik ederrenetariko bat deskubritu dugu: lumadi ikusgarria, moko izugarria eta kasko bitxia dauzka; azken honek ematen dizkio izena eta historiaurreko itxura berezi hori. 

Hegazti hauen beste ezaugarri adierazgarri bat da egiten duten dei-soinua, nahastezina da. Coc-coc-coc ozena da, kilometro batera edo gehiagora ere entzun daitekeena. Dei horien bitartez, kalaoak elkarren artean komunikatzen dira. Hego handi horien astintzeak ere beste soinu tipiko bat sortzen du, tren baten lokomotorak sortzen duenaren antzekoa.

Zuhaitzetan dauden kalaoa fruituak janez entretenitzen den bitartean, zalaparta entzun da oihanean. Elefante bat da, zuhaitz artean oinez. Letagin handiko pakidermo zaharra ere fruituak jaten ari da zuhaitz batean. 80 bat metrora dago. Animalia astiro doa aurrera eta oihanean barrena desagertu da segundo gutxira. Gauza bera gertatu da minutu batzuk beranduago, taldeko gainerako elefanteak igaro direnean. Harrigarria da zeinen erraz eta azkar ezkutatzen diren begetazio artean; nahiz eta handi-handiak izan, mamuak balira bezala ibiltzen dira. Izan ere, oso zaila da elefante asiarra askatasunean ikustea. Oso gutxi daude eta mehatxupean bizi dira, zenbait herrialdetan desagertzeko zorian. Tailandian eta Laosen elefante basatiak bizi diren enklabe gutxi batzuk baino ez daude (Khao Yai da horietako bat). Kalaoak bezalaxe, basoan gertatzen ari den deforestazioaren ondorioz, marfil-trafikoaren eta legez kanpo etxerako harrapatzearen ondorioz, gero eta elefante gutxiago bizi da askatasunean.

Adar biko kalaoa hegazti berezia da, ugalketari dagokionez duen portaera harrigarri eta paregabea dela eta. Emea zulo batean sartzen da arrautzak erruteko. Bi hilabetez baino gehiagoz egoten da habian; lehenengo arrautzak txitatzen eta, ondoren, lehendabiziko bizi-asteetan txitak zaintzen. Habiaren barruan horma bat eraikitzen du bere gorotzekin eta kanpoaldearekin lotzen duen zulo txiki bat baino ez du uzten. Bertan, ama eta kumeak harrapariengandik salbu daude. Orduan, egunean zenbait aldiz emeari elikagaiak ekartzeaz arduratzen da arra, txitak hazten diren arte. 

Ekaitz gogorraren ondoren, oihana erabat heze geratu da eta lanbro geruza fin batek maitagarri ipuinen itxura ematen dio arratsaldeari. Kalao emea orain dela egun batzuk irten zen habiatik, eta txitak barruan geratu dira. Hemendik aurrera, txitak handitzen diren arte, ama eta aitak elikatuko dituzte txandaka zulo txikiaren bitartez.

Kalao bikotea denbora luzez izaten da elkarrekin eta, berez, hegazti hauek 50 urte ere bizi daitezke. Baso tropikalek onik jarraitzea lortzen badute eta babes zein elikagai iturri dituzten zuhaitzak suntsitzen ez badira, kalao gazte gehiago izango dira hamarkada askoan zehar. 

Ordu goria Tailandiako oihanean

Egunsentian, Khao Yai baso euritsua soinu naturalen kontzertu bilakatu da. Esku zuriko giboien negar altuak eta hegazti ezberdinen kantua entzuten dira urrunean; trostariak, loroak, faisaiak eta kalaoak. Gaur goizean lehoinabar baten soinua ere entzuten da. Motza eta sakona. Oihan osoan egiten du burrunba. Txerri-isatseko makakoak aktibo daude lehen ordutik, urtaro berriak (udaberriak) dakartzan piku helduen bila. Urtxintxek, saguzarrek eta beste hegazti batzuek makakoekin bat egin dute. Ordu goria da Tailandiako oihanaren bazter honetan. Makako ama batek adi entzuten dio kumeetako batek azaltzen dionari (hori dirudi behintzat), kumeetan txikienak begiak itxita edoskitzen duen bitartean. Laztanen ondoren, makakoak lianaz liana joan dira, azkar eta trebe, oihaneko beste gune batera. Inguru honetan adar biko kalaoa bizi da, presentzia handiko hegaztia, eta makakoek bisitatuko zuhaitz berdinetara hurbildu da fruitu bila, horiek baitira bere elikaduraren oinarri.

www.lookingforthewild.com