LURRA IZENEKO PLANETAN
Jane Goodall Institutuaren lana Kongon eta Senegalen
Afrikan txinpantzeak salbatzen lagunduz
Federico Bogdanowicz – Primatologoa eta Espainiako Jane Goodall Institutuko zuzendaria.
Jane Goodall doktoreak sortutako Institutua Afrikako 6 herrialdetan dago, eta IJG Espainiak laguntza ematen dio Tchimpoungako Txinpantzeak Zaintzeko Zentroari, Kongon, eta Senegal hegoaldeko txinpantze basatiak ikertu eta babesteko proiektuan lan egiten du.
Kongon 160 txinpantze umezurtz zaintzen
Kongora egindako bisita batean, duela 2 hamarkada baino gehiago, Jane Goodall doktoreak txinpantze kume txikia aurkitu zuen, hilzorian, merkatuko saltoki batean lotuta. Ama hil zuten bere haragiagatik, eta kumeak maskota gisa zerbait balio zezakeen. Hurbildu zen, eta Gombeko oihanean ikasitako bokalizazio batzuk egin ostean, kumeak begi-distirarekin erantzun zion. Janek bazekien ezin zuela txinpantze umezurtz txiki hori bertan utzi, eta horixe izan da haren bizitzaren ardatza. Agintariak esku hartzera eta kumea konfiskatzera behartu zituen, eta ondoren aterpea eman eta albaitariek zaindu zuten. «Little Jay» izeneko kume hori Kongon IJGk askatutako lehen txinpantzea izan zen.
Harrezkeroztik, Jane Goodall Institutua (IJG) nekaezin aritu da konfiskatutako txinpantzeen ongizatea ziurtatzeko, maskoten eta «oihaneko haragiaren» (babestutako espezieen ezkutuko ehiza) legez kontrako salerosketa eteteko. Kume horiek bizitza osoan zaintzen dituzte Tchimpoungan Txinpantzeak Zaintzeko Zentroan (CRCT), Afrikako txinpantzeen babeslekurik handienean, Rebeca Atencia Galiziako albaitariak zuzenduta. Profesional nekaezin horrek (eta bikien ama) 70 langile ditu bere kargu, eta zaintzen ari diren 160 txinpantzeren arduraduna da. Halaber, haietako asko oihanean berriro sartzeko prozesu zailaren ardura dauka, gure espezieak kendu dien askatasuna itzultzeko.
Oihanean berriro sartzeko prozesu horretan, hain zuzen ere, Wounda ospetsu bihurtu zen. Izan ere, IJGk askatutako txinpantze hori bideo biral batean agertu zen, non Jane Goodall doktoreari bat-batean besarkada bat ematen zion oihanera joaterakoan, eskertzeko edo agur esateko agian.
Anzac askatutako beste umezurtz bat da, bi kiloko txinpantze kumea, eta besoa galdu zuen bera eta bere ama ehizatu zituztenean. Jane Goodall Institutuko taldeak laguntzen dio maitasunez, behar bezalako elikagaiekin eta albaitariek zainduta, beste kumeekin batera. Anzac hemendik babestu daitezkeen txinpantzeetako bat da, Chimpamig@s del Instituto Jane Goodall izeneko programarekin hain zuzen. Halaber, Espainiak mugikorrak birziklatzeko «Movilízate por la selva» kanpainarekin laguntzen du, IJGko boluntario-taldeak sustatuta.
IJG Kongok, gainera, herritarren heziketa eta sentsibilizazio lanak egiten ditu, eta legea betearazteko ekoguardiak eta ofizialak prestatzen ditu. Jane Goodall Institutuko bazkide eta emaileen fondoek zuzenean eta zeharka eragiten dute tokiko biztanlerian hurrengoak sortuta: enplegu duinak, prestakuntza eta hezkuntza programak, zerbitzu, elikagai eta materialen erosketa, eta ingurune eta bioaniztasunaren babesa.

Senegalgo azken txinpantze basatiak babestuz
Aldi berean, Espainiako Jane Goodall Institutua txinpantze basatiak ikertu eta zaintzeko proiektua bultzatzen ari da 2009tik Senegalen, herrialde horretan geratzen diren azken Pan troglodytes verus izenekoak hain zuzen. Ferran Guallar eta Liliana Pacheco buru dituen taldea Kedougou eremuko 5 lekutan ari da, eta ikerketa eta prestakuntza zentroa du Dindefelon: Fouta Jallon Biologia Estazioa. Bertako komunitatearekin elkarlanean, erreserba komunala sortu, ekoguardiak eta kudeaketa taldeak eratu, haztegiak, garbitokiak eta ur-putzuak sortu eta eskola berreraiki dute. Gainera, hainbat proiektu bultzatzen dituzte: basoberritzea, nekazaritza eta basozaintzako jarduerak arautzea eta ingurumen hezkuntza. Komunitatean diru-sarrerak sortzeko, ekoturismo programa sustatzen da, ornitologia, mendi-ibiliak eta, epe luzera, txinpantzeen behaketa balioztaturik.
Tokiko batzuek eta Espainia osotik etorritako ikertzaile eta boluntarioek osatzen dute IJG taldea. Ikerketa ekologiko eta etologikoko programa garatzen du azken landa-teknologiekin, ahalik eta informaziorik onena lortzeko, txinpantzeen habitata eta kontserbazioa babesteari begira. Bereziki galzorian dagoen azpiespezie horrek jokabide harrigarriak ditu, esaterako, lantzak erabili edo uretan sartu.
IJGk prestakuntza-ikastaroak eta praktikak eskaintzen ditu Senegalen Europako ikasle eta doktoregaientzat, eta boluntariotzako plazak eskaintzen ditu hainbat arlotarako. Boluntarioak tokiko familiekin bizi dira eta haien kultura ikasten dute, baita frantsesa eta tokiko hizkuntza den pularra ere. Kulturarteko esperientziak oso positiboak izan dira alderdi guztietatik.
Diba Diallo senegaldarra ikerketa-laguntzaile gisa prestatu zuen IJGk, eta kontinenteko eremu honetan landa-ikerketa egiten duen emakume afrikar bakarra da. Dibak dioenez: «Nire belaunaldiak ez zekien ezer txinpantzeei buruz, ezer ez naturari buruz. Orain bestelako ikuspegia dugu, badakigu hemen Dindefelon dugun altxorraz. Erreserba sortzeak aukera berriak ekarri dizkigu. Eta dagoeneko ez ditugu zuhaitzak mozten, lehen ez bezala, natura hobeto ezagutzen dugu. Hasieran, batzuek aurka egin zuten, baina azkenean ulertu zuten. Eta neuri munduko esperientziarik zoragarriena iruditzen zait txinpantze bati begira egotea bost minutuz eserita».

Babestu txinpantze bat Chimpamig@s programarekin!
Hemendik lagundu nahi baduzu, IJGk Chimpamig@s programako bazkidea izateko aukera ematen dizu. Horrela, Kongon askatutako txinpantzeak babestu eta Senegalgo txinpantze basatiak zaintzen lagundu ahal duzu.
ChimpAmig@s programak aukera ematen du Tchimpoungan bizi diren 150 indibiduo baino gehiagori laguntzeko. Bertan, esperientzia handiko zaintzaile eta albaitariek zaintzen dituzte, eta taldeka bizi dira inguru naturalizatuan, eta egunero joaten dira Erreserbako basoetara.
Txinpantze batzuk programaren «enbaxadoreak» dira. Adibidez, Kudia oihanean bizi da dagoeneko, eta Lembak hankak paralizatuta zituen polioagatik eta orain Zentrora heltzen diren kume zurtzak zaintzen ditu.
Chimpamig@s programako bazkideek beren txinpantze kutunena eta ordaindu nahi duten hileko edo urteko kuota aukeratzen dute (denek %50eko zerga-arintzea dute). Gero, ziurtagiri pertsonalizatua eta ongi etorri gutuna jasotzen dituzte, baita 4 txosten urtean Kongo eta Senegalgo txinpantzeekin gertatzen den guztiarekin ere. Zaintzan lagundu nahi al duzu? (informazio gehiago hemen: www.janegoodall.es).
* Bizkaia maiteak urtebetez 10 txinpantze doan babesean hartzeko zozketa aurkezten du ale honetan (ikusi aldizkariari erantsitako gutuna).
Fitxategi hauek kontsultatzeko Adobe Reader dohainiko programa behar duzu, erabili esteka deskargatzeko.