INGURUMEN OSASUNA
Gozatu jaiak modu osasuntsuan
Gabon iraunkorrak
Ibon Hormaetxe
Gabonetako jaietan oso ohikoa izaten da mahai baten inguruan ospatzea, etxe barruan eta kanpoan. Horrek ez luke eragozpenik izan behar ohitura dietetiko osasungarriak zaintzeko, baita ingurumen arloan jokabide osasungarriak eta gizarte osoarekin solidarioak praktikan jartzeko ere.
Gabonak bezalako garai berezi batean, hobeto gozatzeko irizpide eta jarraibide batzuk aipatuko ditugu, gure osasuna eta ingurumena zainduta, eta modu solidarioagoan, hau da, jasangarriagoan egiteko.
Gabon osasuntsuak
Garai hau poztasun, ilusio eta jaiarekin lotzen da. Eta, bertan, gastronomia-gozamenek (Gabonetako errezeta ugarirekin) oinarrizko eginkizuna dute. Baina batzuetan, elikagaien eta alkoholaren «gehiegikeriek» aurreikusi daitezkeen kalteak sor litzakete metabolismoan, eta horiek gozatzea eragozten digute.
Hori konpontzeko, Endokrinologia eta Nutrizioaren (SEEN) eta Obesitatearen Azterketaren (SEEDO) Sozietate Espainiarrek adierazitako aholku eta jarraibide osasuntsuei buruzko dekalogo profesionala hartuko dugu, urteko gainerako egunetarako ere baliagarria:
- Ez aldatu zure ohiko elikadura- eta ariketa-ohiturak. Ez galdu otordurik eta gorde horietan ordutegiaren erregulartasuna. Gorde «gehiegikeriak» datarik adierazgarrienetarako.
- Mugi zaitez! Egunero ariketa fisikoko hogeita hamar minutu gehiagorekin Gabonetako otorduen aparteko kaloriak berdindu ahal ditugu.
- Kontrolatu hartzen duzun alkohola, kaloria hutsak dakartzalako.
- Planifikatu menua. Plater nagusia oso koipetsua bada (adib. bildotsa), hasierako arinak prestatu behar ditugu (adib. begetalak).
- Planifikatu erosketa soberakinak saihesteko.
- Betiere fruta hartu. Postre edota bazkalondo gisa erretiluak prestatu ahal dituzu fruta tropikalekin edo, lehen plater gisa, entsaladak edo fruta-broxetak.
- Janaria prestatzen duzun bitartean, ez jan mokadurik.
- Ordeztu saltsa industrialak (oso koipetsuak) etxeko saltsekin ortuariz, belar aromatikoz, limoi-zukuz, jogurt gaingabetuz eta ozpin-olioz eginda.
- Etxeko postreak egin azukre-kopurua (edulkoratzaileekin ordeztu daiteke) eta koipea murriztuta.
- «Denetik, baina gutxi». Mahaian denetik jan nahi baduzu, plater txiki batean aukeratutako guztitik piska bat atera eta ez errepikatu.
Halaber, ohiko akatsa da bazkari edo afarira heltzea ordu askoko barauarekin, aurreikusitako elikadura-gehiegikeria «orekatzeko» esperantza funtsik gabearekin. Bada, gehiegikeria saihestearen ordez, erraztu egiten du. Horregatik, oparoa izan daitekeen otorduaren aurretik, onena da egoki gosaltzea eta, are gehiago, mokadu arina hartzea otordua baino lehen (ahal dela frutarekin) gosea eta antsietatea murrizteko.
Izan ere, jaiak gozatu eta ospatzeaz gain, mahaikideekin eta otordu ederrarekin ondo pasatu eta atsegin har dezakegu. Bizkaia21 atarian (www.bizkaia21.eus –Iraunkortasun pertsonala– Jardunbide Egokien Dekalogoak), ideia eta jarraibide berriak aurki ditzakezue nutrizio osasuntsua jarraitzeko.
Dena ez da jan-edana
Jateko gogoa eta horren ondorioak kontrolatzea komeni izateaz gain, oso garrantzitsua da gai psikologikoetan arreta jartzea, batez ere ospakizun horiek pertsona askorengan sortzen duten estresa, hainbat ikuspuntutatik: Senideen edo bertan ez dauden edo desagertutako lagunen hutsunea sentitu, familia-agapeak antolatu, erosketak, horren ondoriozko ekonomia-arazoak, etab.
Estres egoera horrek sistema immunologikoaren erantzuteko gaitasuna murriztu dezake, hainbat patologia agertzeko minberago bihurtuta, esaterako, infekzio-prozesuak (gripea eta beste koadro biral batzuk), migrainak, etab. Horregatik, jarrera pertsonala (positiboan) oso garrantzitsua da elkartzeko eta topaketak antolatzeko esfortzu gehiena egiten dutenak aitortu eta errespetatzea. Ez da komeni egun horietara ekartzea urtean zehar landu ez ditugun gaiak (batik bat polemikoenak), alkoholaren eta tabakoaren gehiegikeriek eskainitako «erraztasunak» aprobetxatuta.
Eguberri otordu iraunkorretarako aholkuak
Gorputzerako gehiegikeriak saihesteaz gain, eta Gabonetako ospakizunak jasangarriagoak izan daitezen, hona hemen errezeta egokia osagai bikainekin:
- Elikagaiak zenbat eta hurbilagoak hobeak: Garraio eta CO₂ isurketa gutxiago, tokiko ekonomia bultzatzeaz gain.
- Denboraldiko produktu fresko eta naturalaren alde egin; eta, ahal baduzu, ekologikoa (Euskadiko Kontseiluak etiketatua –www.eneek.org–).
- Aurrez egindako eta ontziratutako produktuak saihestu eta ahal duzun guztia soltean erosi.
- Haragi eta arrainaren kontsumoa murriztu eta barazkiz, ortuariz eta frutaz aberatsak diren menuen alde egin.
- Zure otorduan haragia sartu nahi baduzu, bertoko arrazak aukeratu. Eta arraina erosi nahi baduzu, etiketa begiratu «arrantza selektiboko» produktuak aukeratzeko, horren kaltegarria ez delako. Galdetu zure arrandegian eta horren berri eman diezazuten.
- Arropa erosi nahi baduzu, «eko-kotoia» probatu. Garestiagoa bada ere, hori landatzeak ohikoak baino askoz eragin txikiagoa dauka ingurumenean (azken horrek landatutako lurren %3 hartzen baditu ere, intsektiziden munduko ekoizpenaren %25 kontsumitzen ditu).
- Oihalezko poltsa edo orgatxoa eraman dezakezu erosketetarako. Horrela ez duzu plastikozko poltsarik erabili behar.
- Ah, mahatsak! Ez ahaztu urtea ondo hasi behar dela. Baina soltean izan daitezen, ontziratu gabe, eta ahalik eta hurbilen landatutakoak.
Fitxategi hauek kontsultatzeko Adobe Reader dohainiko programa behar duzu, erabili esteka deskargatzeko.