TXANGOAK
Ibilbideak bizikletaz
Barakaldo – Portugalete – Muskiz
Alberto Hurtado
Gure bizikleta ibilbidean denboran atzera egiteko aukera izango dugu, burdin mea erauzi eta garraiatzen zen garairaino.
Ibilbide honen hasierara heltzeko modurik egokiena Renferen aldiriko trena erabiltzea da, Barakaldo geltokiraino. Metroz ere joan gaitezke, Bagatzako geltokiraino. Beste aukera bat itsasadarraren eskuinaldean Erandioko txalupa hartzea da (gure abiapuntutik oso hurbil utziko gaitu, Zamalekuen pasealekuan).
0 km: Mineral kargalekua – Barakaldo. Gure ibilbidea konpainia franko-belgikarraren mineral kargaleku historikoaren ondoan hasten da. 2002an zaharberritu egin zuten eta Arrontegiko zubiaren azpian dago. Informazio-panel batzuek Bizkaiko industria-garaiaren erreferentzia den 1886ko monumentu horren jatorria eta eginkizunak azaltzen dituzte. Ikur hau itsasadarraren ikuspegi ederra eskaintzen digun begiratoki paregabea da gaur egun.
2,7 km: Urban – Galindoko araztegia. Portuko dartsena zaharberrituan ekingo diogu bideari, kargalekua eta Arrontegiko zubia atzean utzita.Pasealeku horretatik hurbil, garai batean AHVko bulego nagusiak egon ziren eraikina aurkituko dugu, El Carmen kalean, eta apur bat aurrerago Ilgner eraikina (Bizkaiko Labe Garaietako Transformazio Elektrikoko Zentrala izan zen garai batean).
Bidegorritik joango gara Galindo ibaiaren eskuinaldeko ertzetik, Ballonti errekarekin bat egiten duen lekuraino.

6 km: Galindo – Ugaldebieta. Bidegorriak Barakaldotik Sestaora jauzi egiten du oinezkoentzako zubi berritik. Handik Portugaleterantz jarraitzen du, Ballontiko autobiaren albotik beti. Ugaldebieta gurutzagunera iristean, biribilgune handi baten erdian Ibarrolaren «La casa de hierro» eskultura nabarmentzen da (1989). Nahi izanez gero, Portugalete herriaren barrualdera joan gaitezke. Portugalete bisitatu ondoren, lehengo bidera itzuli eta Abanto-Zierbenarantz jarraituko dugu, antzinako La Galdames trenbidearen trazatuaren zati batetik.
18 km: Ugaldebieta – Arena hondartza. 12 kilometroko bidegorri zoragarritik joango gara, askotariko paisaia ederrez inguratua. Urteko sasoiaren arabera, pitxartxarren, txantxangorrien, zozoen, birigarroen, txioen edo beste txori batzuen kantua entzungo dugu. Lore ugari ere ikusiko ditugu gure inguruan, hala nola ezpondak kolore hori biziz janzten dituzten udaberri-loreak. Bidegorriaren ibilbidearen erdia aldapa gora da. Igoera leuna eta apurkakoa da Gallartaraino. Ortuella udalerria zeharkatuko eta atsedengune bat aurkituko dugu. Bertan gelditu ahal gara atseden hartzeko, edo hurrengoraino jarraitu, Abantoraino. Bizikletari egindako monumentua ikusiko dugu atsedengune horretan. Luze gabe, ibilbideko lekurik garaienera helduko gara. Santa Luzia auzoaren ondoan dago. Hortik sei kilometro inguru egin behar ditugu Arena hondartzaraino, maldan behera. Bidea sigi-saga doa Cardeo haranean barrena, Ekialdean Serantes mendia eta Mendebaldean Montaño mendia dauzkala.
Beherantz goazela, bi tunel zeharkatuko ditugu, lehena autobiaren azpian (kontuz ibili sarrerako bihurgunean!). Geroxeago, beste atsedengune baten albotik igaroko gara, bidegorria bitan banatzen den lekura iritsi baino lehen. Eskuinetik jarraituko dugu, Arenako estuariora heltzean itsasotik datorren haizetxoak ongi etorria egiten digun arte.
18 km: Arena hondartza. Bizikleta hondartzako sarreran bertan aurkituko ditugun bizikleta-aparkalekuetakoren batean utzi –ez ahaztu giltzarrapoa!-, eta ibilalditxo lasaia egin edo bainu ederra har dezakegu.
Hondartzaren muturrik mendebaldekoenean Barbadun edo Mayor ibaiaren bokalea dago. Urdinez margotutako zubi batek Pobeñara darama. Dena dela, oraindik ez dugu zeharkatuko. Lehenago, merezi du Barbadun ibaiaren bokaleko dunak eta padurak bisitatzea.Natura-gune ahulak dira, baina berebiziko garrantzia dute kostaldeak bizirik iraun dezan eta bertan bizi diren landare- eta animalia-espezie ugariak gal ez daitezen. Horregatik, bizikletatik jaitsi eta kontu handiz ibiliko gara bidexka ñimiñoetatik, dunetako harea ez zapaltzeko. Apur batean geldirik eta erne egonez gero, hegazti batzuk ikusiko ditugu lezken artean eta, segur aski, errekatxindor iheskor eta beti ikusten zailaren kantu metaliko bizia entzungo dugu.
23 km: Arena hondartza – Muskiz. Gure jomuga Muskiz da. Han, etxerako trena hartuko dugu. Horretarako, hondartzaraino ekarri gaituen bidegorritik itzuliko gara. 300 metro inguru egin ondoren, Punta Lucerora daraman errepide berriaren azpitik igaro bezain laster, eskuinetara doan bidegorria hartuko dugu, Muskizko herrigunerantz. Bidegorri horrek Petronorren findegira daraman errepidearen ondotik doan bizikleta-errei babestura eramango gaitu. Cotorrio erreka zeharkatu bezain laster, San Juan Muskiz herriaren sarreran, ezkerretara joko dugu, El Malecón futbol-zelaietarantz, eta gure eskuinaldean utziko ditugu.. Laster, gelditu eta El Crucero kalea zeharkatzeko semaforoa berde jarri arte itxaron beharko dugu. Kale hori N-634 errepidea da. Errepidea zeharkatu, eta gorantz doan kale estu batetik jarraituko dugu. Oinezkoek eta bizikletek bakarrik erabil dezakete kale hori. Renferen geltokira helduko gara eta hortik etxera itzuliko gara.

Barakaldo-Portugalete-Arena hondartza-Muskiz (Bizikleta Plan Nagusiko Ezkerraldea-Meatzaldea ardatza)
Ibilbidea: 23 km
Gutxi gorabeherako denbora, geldialdiekin: lau ordu eta erdi
Zailtasuna: ertaina-txikia
Zirkulazioa: ez dago, herri barruko zati labur batean izan ezik
Gomendatutako bizikleta mota: edozein
Fitxategi hauek kontsultatzeko Adobe Reader dohainiko programa behar duzu, erabili esteka deskargatzeko.