EKIPAMENDUAK
Kresalaz bustitako dorrea
Arrantzaleen Museoa
Aingeru Astui. Arrantzaleen Museoko zuzendaria.
Arrantzaren bizimodua, lana eta teknika erakusteko museoa Ekipamendu horretan euskal kostaldeari eta arrantza-portuei loturiko alderdiak ikus daitezke: Bizimodua eta horren lotura itsasoarekin, ontziak eta arrantza eta nabigazioko teknikak. Erakusketa iraunkorrak eta aldi baterakoak eskaintzen ditu, baita bisita gidatuak ere.
Bermeoko armarriaren aurrean gelditzen garenean, balea eta hura ehizatzen saiatzen ari diren bost arrantzale ikusten ditugu. Zetazeoak, desafiatzaile, hortz zorrotzak erakusten ditu eta arrantzaleak, bitartean, beren betebeharra gauzatzen ari dira, arpoiaren eta arraun-ontziaren laguntzarekin bakarrik. Ezin da Bermeoko historia ulertu, ezta Bizkai eta Euskadikoa ere, Kantaurira begiratu gabe, Portu Zaharreko kaietatik ibili gabe edo oraindik arrantzan jarduten duten ontziak zenbatu gabe.
Badirudi Bermeoko Hiria olatuek zizelkatu eta itsas haizeek moldatu dutela. Horregatik, duela ia hirurogeita hamar urte sortu zen irudi hori gordetzeko beharra erakusketa iraunkor batekin. Horrela, 1948an jaio zen Arrantzaleen Museoa, udalerrian zutik irauten zuen azken dorretxean bertan: Ertzilla Dorrean. Hiriko ekialdeko Dorre hori Monumentu Nazional izendatu zuten 1944an, eta horri esker, hain zuzen, ez zen eraitsi orduan oso egoera txarrean zegoen higiezina, ohiko etxe batekin ordezteko. Hiru urte geroago, Bizkaiko Aldundiak erosi zuen, eta zaharberritu egin zuen Luis Mª de Gana jaunaren zuzendaritzapean. Orduan, ezkutuko arkuak topatu zituzten fatxadan, baita lau zutabe oktogonal isabeldar ere beheko solairuan.
Eraikinaren jatorria ezezaguna da, baina haren ezaugarrietan oinarrituta, XV. mendeko azken aldikoa dela uste da. Eraikin hiritarra eta komertziala da, sei aldeko oinplano irregularrekoa, eta estaldurak isurialde kopuru bera dauka.
Hormek aretoak mugatzen dituzte, eta bertan, modu atsegin eta didaktikoan, euskal itsas hondoko kontuak ezagutu ditzakegu, arrantzaleen ohiturak, bazterrean sortutako industriak, ontziak eta dena ahalbidetzen duten teknikak, sare motak edota arte desberdinak ere bai. Beraz, arrantzaren inguruko guztia soilik erakusten duen museo urrietako bat da mundu osoan.
Dorrearen eta bertako biztanleen historia areto batean islatuta dago. Gainera, Euzkadiko Gudaontzidiaren historia ere ezagutu dezakegu, haren nukleo nagusia euskal arrantzaleek osatzen baitzuten.
Duela gutxi, eraikinaren azken zaharberritzearen ostean, jatorrizko itxura berreskuratu eta egonkortasuna sendotzeko, hainbat garbiketa-lan egiteaz gain, erakusketa-aretoak modernizatu egin dira, baita museoko zerbitzuetara zuzendutakoak ere. Obra horiek, gainera, erakusketa iraunkorra berritzeko baliatu da, teknika expografikorik modernoenak erabilita, erakusketa egungo gizartearen eskarietara egokitzeko helburuarekin.
Arrantzaleen museoa
Ertzilla Dorrea. Torronteroko enparantza. 48370 Bermeo (Bizkaia)
Tel.: 94 688 11 71
Emaila: arrantzaleenmuseoa@bizkaia.eus
Ordutegia:
- Astelehena: Itxita.
- Asteartetik Larunbatera: 10:00 – 14:00 h / 16:00 - 19:00 h
- Igandeak eta Jaiegunak: 10:00 – 14:00 h
- Bisita gidatuak: Asteartetik Ostiralera aldez aurreko hitzorduarekin.
Prezioa:
- Orokorra: 3 €/unit.
- Tarifa murriztua: 1,5 €/unit. (60 urtetik gorakoak, 26 urte arteko gazteak, urritasuna dutenak, langabeak, familia ugaria eta 10 lagun baino gehiagoko taldeak).
- Ikastetxeak: 1 €/unit.
- Bisita gidaturako taldeak (10 lagun baino gehiago): taldeko prezio murriztua (1,5 €/unit.), gehi 10 € talde bakoitzeko.
- Sarrera doan: 12 urte artekoak eta Museoaren Egunean (larunbatero) eta zehaztutako oroitzapen-egunetan.
Nola heldu:
- Euskotren: 94 688 03 57
- Bizkaibus: 902 22 22 65
Bisitak inguruetan:
- Gaztelugatxeko Doniene
- Urdaibaiko Biosfera Erreserba
Fitxategi hauek kontsultatzeko Adobe Reader dohainiko programa behar duzu, erabili esteka deskargatzeko.