INGURUMENAREN GESTIOA

Klima, lur eta landarediaren konbinazio bereziak ahalbidetzen du

Zalamako Zohikaztegia: natura-kokaleku paregabea

Jaione Pagazaurtundua

Estalki motako zohikaztegi aktibo bakarra da Euskal Autonomia Erkidegoan. 3 hektareako azalera du, eta Europako habitat bitxien eta mehatxatuenetako bat da. Europako arautegiak lehentasunezko habitat izendatu du. Zohikaztegiak Zalama mendiko gailurra hartzen du, Ordunteko mendietan garaiena, eta metro erdi eta bi metro arteko sakonera dauka. Landare-tapizak zohikatz-biltegiaren azalera estaltzen du, eta txilar, ihi, kotoi-landare eta goroldio espezie ugari ditu.

Zohikaztegiak hezeguneak dira, eta etengabe urez beteta daudenez, oxigenoa falta da. Ondorioz, zohikaztegia osatzeko mendeetan metatutako landare hilen hondakinak ezin dira usteldu.

Zalamako zohikaztegia Europako habitat bitxien eta mehatxatuenetako baten adibide argia da: estaldurako zohikaztegiak (Batasunaren interesekoa). Zohikaztegi mota hori klima hiperatlantikoko eremuetan bakarrik dago, oso hezeak eta udan freskoak. Zohikaztegia garatu eta materia organiko asko duten lurrak sortzen ditu, oso azidoak, zohikaztegiko txilardiak, belardi higrofiloak (edo uretakoak) eta esfagno multzoak (zohikaztegiko goroldioak) dituzten mosaikoekin. Komunitate iraunkorra da, eta ingurumen-baldintzak aldatu ezean, ez da garatzen egitura konplexuagoko etapetarantz.

Zalamako zohikaztegiaren berezitasuna

Munduan dauden zohikaztegi guztietatik, %3 bakarrik estaldura-motakoak dira. Horregatik, baliabide horrek interes zientifiko eta balio natural handia dauka. Hain zuzen ere, Zalamakoa, Ordunteko KGBn (Kontserbazio Gune Berezia), Euskal Autonomia Erkidegoko estaldurako zohikaztegi bakarra da eta, gaur egun dakigunaren arabera, Europan hegoalderago eta Iberiar Penintsulan ekialderago dagoena. Hurrengoek eragiten dute ezohiko izaera hori:

Zohikaztegi onbrogenikoa da, hau da, bakarrik euri-uraz eta etengabeko lainoez elikatzen da, eta nutrienteetan pobrea da. Zohikatzaren metatze progresiboak morfologia konbexua sortzen du, lodierarik handienak 2 metro ingurukoak dira eta duela 8.000 urte hasi ziren eratzen.

Kokaleku horretan Eriophorum vaginatum landarea nabarmentzen da. Euskadin «galzoriko espezie» gisa dago katalogatuta, eta Ordunte da EAEn ezagutzen den kokaleku bakarra. Zohikatza sortzen du eta estaldura motako zohikaztegietan berezkoa da. Belar berezi hori, Iberiar Penintsulan, bakarrik agertzen da Kantabriar Mendikatean eta Kataluniako Pirinioetan. Bizkaian, landareak Kudeaketa Plana du, Foru Aldundiak onartu eta garatua, eta hartzen duen zohikaztegia berreskuratu eta zaintzean oinarritzen da.

Ekosistema baliotsua

Hezeguneetako flora-espezie ugari Zalamako zohikaztegian kokatzen dira, esaterako, zohikaztegietako txilarra (Erica tetralix) eta hainbat briofito (goroldioak eta hepatikoak), eta haietatik esfagnoen presentzia (Sphagnum spp.) nabarmendu beharra dago. Goroldio mota hori zohikaztegiak sortzeko arduradun nagusietako bat da. Beste belar mota batzuk ere badaude, adibidez, txilar arrunta (Calluna vulgaris).

Halaber, anfibioek, besteak beste, uhandre palmatuak, apo arruntak, igel arruntak edo baso-igel gorriak, eta narrastiek, besteak beste, zohikaztegiko sugandilak edo suge gorbatadunak, eremu hori erabiltzen dute beren bizi-zikloa osatzeko.

Gainera, zohikaztegiak haraneko ibai garrantzitsuenetatik datorren ura erregulatzen du, eta hobi gisa aritzen da CO₂ atmosferikoa ezartzeko, negutegi-efektuko gasak murrizten lagunduta.

Artxibategi historikoa arriskuan

Zohikatzari esker, zohikaztegiek iraganeko ingurumen eta klima gertaerak erregistratzen dituzte. Landare eta intsektuen arrastoek, polenak eta zohikatzaren ezaugarri fisiko-kimiko batzuek zenbait garaitako klima eta paisaiaren berri ematen digute.

Hala ere, erosioaren arazoak arriskuan jartzen du kapital historiko hori. Zalamako zohikaztegian egondako aspaldiko suteek ezpondak irekitzea eragin zuten, eta horietatik ura eta zohikatza galtzen zen etengabe. Ur-korronte txikiek eta gailur horretan dagoen ohiko haize gogorrak lagundu zuten zohikatz biltegia higatzen eta zohikaztegiaren gainazala lehortzen. Bizkaiko Foru Aldundiak egoera hori lehengoratu nahi du, 2009an abiatutako «Life+ Ordunte Jasangarria» Europako Proiektuaren barruan gauzatzen ari den berrezarpen programaren bitartez. 

Gune lohitsuak vs Zohikaztegiak

Euskadin, klima heze batean, ohikoak dira oinarrian esfagnoek osatutako landare-komunitateak. Goroldio horiek morfologia eta ekologia berezia dute, eta ohikoak dira isurialdeen banalerro kantauriar-mediterraneoko mendietan. Bertan, prezipitazio ugariek eta substratu silizeoak hura garatzen laguntzen dute.

Hala ere, eskualdeko erliebe malkartsua ez da egokia ingurune zingiratsuetarako. Ingurune horien bilakaerak zohikaztegia sortzen du, mendeetan zehar landareak edo zohikatza metatuta.

Beraz, esfagnoak ugariak izan arren, gure inguru hurbilean benetako zohikaztegiak oso urriak dira. Adibide bakarra dugu Saldropoko (Gorbeiako mendigunean) zohikaztegi hilean, eta beste hiru Ordunteko mendietan, Burgos, Kantabria eta Bizkaia artean, Los Tornos, Alta eta Zalama tontorren ondoan. Egoera eskasa are gehiago larriagotzeko, zohikaztegiak galtze bidean dauden komunitate biologikoak dira. Saldropon dugu adibidea. Ia-ia galduta dago gizakien esku-hartzeagatik eta zohikatza begirunerik gabe ustiatzeagatik. Aldiz, eta azalera zati handian oso kaltetuta egon arren, Bizkaiko Foru Aldundia Zalamako Zohikaztegia lehengoratzen saiatzen ari da, hainbat berreskuratze-lan eginez aspalditik, higadura-prozesuak murriztu eta zohikaztegia zati batez berreskuratzeko helburuarekin. «LIFE+ Ordunte Jasangarria» Europako proiektuak Ordunteko Kontserbazio Gune Bereziko Batasunaren intereseko habitat eta espezieen kontserbazio-egoera lehengoratu eta zaindu nahi du, inguruko behar sozio-ekonomikoak kontuan hartuta baliabideak modu iraunkorrean baliatuz. Zalamako zohikaztegian, LIFE proiektuak hainbat ekintza garatu ditu, esaterako, babestutako guneak ehun geotestilarekin estaltzen amaitzea, zohikatzaren eta uraren galera saihesteko, estalkia zohikaztegiko espezie tipikoen tokiko haziekin ereitea eta inguruan babesteko hesiak jartzea.

Bisita Zalamako Zohikaztegira (4,9 km)

Ibilbidea Ordunteko Mendilerroaren ipar-mendebaldeko muturretik doa, Bizkaiko Lurralde Historikoan, Enkarterrietan, biztanleguneetatik nahiko urrun. Herririk hurbilena La Calera del Prado da, Karrantzan. Karrantza (Bizkaia) eta Mena Harana (Burgos) artean dago, eta Los Tornos mendatetik (920 m) sar gaitezke.

Ibilbidearen azalpena:

Los Tornos mendatetik, Ordunteko Mendikatearen iparraldeko maldatik igo, gailurren lerrora iritsi arte. Igoera aldapatsua egin ostean, 2,3 kilometro inguru, eta gailurretara helduta, ezkerrera jo eta Zalama mendiko tontorrera (1.226 m) iritsi behar dugu.

Hemendik, 300 metro inguru egingo dugu aurrera, eta zohikaztegira helduko gara, gutxi gorabehera ordu eta erdi ibili ostean. Gure urratsetatik atzera itzul gaitezke.

PDFFitxategi hauek kontsultatzeko Adobe Reader dohainiko programa behar duzu, erabili esteka deskargatzeko.