ELKARRIZKETA
Jane Goodall: «Nire bizitzaren amaieran, geratzen zaidan denboran gauza gehiago lortu behar ditudala sentitzen dut»
Jane Goodall, primatologoa eta aktibista beteranoa
Etologian doktorea Cambridgeko Unibertsitatean eta honoris causa doktorea munduko 45 unibertsitate baino gehiagotan. Nazioarteko 100 sari baino gehiago lortu ditu, Asturiaseko Printzea Ikerkuntza Saria, Frantziako Errepublikako Ohorezko Legioa eta Inperio Britainiarreko Dama titulua. Halaber, National Geographic Societyren Hubbard Domina, Japoniako Kyoto Prize sari entzutetsua, Bizitza Zientzietako Benjamin Franklin Domina, Indarkeriaren aurkako Gandhi/King Saria eta UNESCOren Urrezko Domina jaso ditu. 2002ko apirilean, Kofi Annan Nazio Batuetako Idazkari nagusiak «Bakearen Mezulari» izendatu zuen, eta geroago, 2007an, Ban Ki-moon Idazkari Nagusiak berretsi zuen. 2009an NBEk Gorilaren Urtearen babesle ofizial izendatu zuen. 2015ean Kataluniako Generalitateak Katalunia Nazioarteko Saria eman zion, nazioarteko epai-mahaiaren ahobatezko botoa jaso ostean.
«(2014ko) apirilaren 3an konturatu nintzen 80 urteko adin berezira iritsi nintzela! 80 urte Lur planetan. Denbora asko da benetan. Eta denbora igaro ahala, nire bizitzaren amaieratik gertuago nagoenez, sentitzen dut gauza gehiago lortu behar ditudala geratzen zaidan denboran. Horregatik, erlaxatu eta erritmoa jaitsi beharrean, oraindik gehiago igotzen ari naiz!» (Jane Goodall, 2014ko abe.)
Bizkaia Maitea: Jane Goodall doktorea Bizkaia Maitea aldizkariko orriotan azaldu da, duela mende erdi baino gehiago hasitako bide luzean egindako etena baliatuz, 23 urterekin hasi baitzen bere ametsa egia bilakatzen. Nolakoa izan zen hasiera hori?
Jane Goodall: 1934ko apirilaren 3an jaio nintzen Londresen, maila ertaineko familia batean, eta gerraostean Bournemoutheko familia-etxean hazi nintzen, Ingalaterrako hegoaldean. Han bizi izan nintzen haurtzaro eta gaztaroan, animaliaz inguratuta eta Afrikako animaliei buruz idatziko nuela amets eginez. 23 urterekin Keniara joan nintzen, eta bertan Louis Leakey antropologo ospetsuarekin lan egin nuen. Hark, 1960an, Gombera bidali ninduen, Tanzaniara, inguruko txinpantze basatiak lehenengoz ikertzeko helburu konplexuarekin. Nire amaren eta sukaldari baten laguntzarekin bakarrik, bigarren eskuko denda jarri genuen oihanean, eta horrela hasi nuen nire ikerketa-proiektua. Hasiera batean, 6 hilabete iraun behar zuen, baina dagoeneko mende erdia baino gehiago iraun du, 55 urte zehatz-mehatz.
B.M.: Zure bizitzan gakoak izan ziren bi pertsona aipatu dituzu, lanbidean garatzen lagundu zizutelako: zure ama eta Louis Leakey paleoantropologoa.
J.G.: Bai, ama gabe ez nukeen Afrikako abentura hasiko. Hark adorea eman zidan haurtzaroko ametsak bilatzeko, Afrikara joan eta animaliei buruz idazteko. Gainera, Tanzaniara lagundu zidan nire lehen lau hilabeteetan (gobernuak ez zuen baimentzen ni bakarrik egotea). Louis Leakey, bestalde, paleoantropologo bikaina zen, eta harekin hasi nintzen lanean; hura gabe ez nintzateke honaino helduko. Beti pentsatu zuen landa-ikertzaile ona izan nintekeela. Horregatik, lehen momentutik adorea eman eta lagundu zidan.
B.M.: Baina atalka joan gaitezen. Zer aurkitu zenuen hasierako une horretan abiatutako bidaia askoz luzeagoa izango zela ulertzeko? Agian txinpantzeek gizakienak bakarrik omen ziren eginkizunak egiten zituztela ikustea?
J.G.: Txinpantzeen jokabidearen azterketak gizakien jokabideekin antzekotasun handiak islatzen ditu. Horrek frogatzen du bi espezieek uste baino gehiago partekatzen dutela. Zentzu horretan, oso argigarria izan zen txinpantzeek tresnak erabiltzen dituztela aurkitzea, ordura arte gizakiaren ezaugarri bereizgarria baitzen, edo omniboroak direla ere bai. Ondorengo azterketa genetikoek jokabide mailan ikusten genuen hurbiltasun hori berretsi egin zuten.
B.M.: Zertarako jarraitu tximino handiak ikertzen? Aurkikuntza iraultzaile gehiago aurkituko dituzulakoan?
J.G.: Mende erdia baino gehiago daramagu etengabe datuak biltzen. Indibiduo baten ibilbideari jarraitzea, jaiotzetik heldutasun edo heriotzara arte, altxor izugarria da interakzio, harreman eta erreakzioak ebaluatzeko orduan. Gure ikerketa gai nagusietako bat da ulertzea nola eragiten dieten umezaroko bizipenek helduen jokabidean. Esperientzia bat kaltegarria bada gure ahaiderik gertukoenean, txinpantzean, geure buruari galdetu beharko genioke ea ondorio bera eragiten duen gizakiengan. Galdera garrantzitsua da, batez ere gaur egun gure nerabeengan ikusten dugun jokabide disfuntzionalari lotuta. Zein neurritan da hezteko gure moduaren ondorioa?
B.M.: Zure bizitza-proiektua garatzeko, Jane Goodall (IJG) Institutua sortu zenuen 1977an. Zein helbururekin eta zer emaitzekin?
J.G.: Hasieran, ikerkuntza sustatzeko helburuarekin sortu genuen, eta gero kontserbazioa eta heziketa gehitu genituen. «Komunitatean oinarritutako kontserbazioa» (CCC – Community Centered Conservation) izeneko metodologiak tokiko populazioen beharrak hartzen ditu kontuan, epe luzean beren ingurunea babes ditzaketen bakarrak baitira.
IJGk gaur egun ia 30 bulego independente ditu, eta orain egitura global baten parte dira. Herrialde bakoitzean, IJG taldea modu desberdinez osatzen da, baina beti konpromisoa duen jendearekin. Espainiako IJG institutuko taldea Senegalen ere aritzen da. Diziplina askotako profesional eta boluntarioek beren ezagutzak ekartzen dituzte hainbat esparrutatik, enpresa munduko jendea (ekonomistak, administrariak, marketing aholkulariak, fundraising eta coaching) eta hezitzaileak, ornitologoak, botanikoak, ingurumen zientzietakoak, kimikariak, kazetariak eta naturalista aditu eta zaletuak.
B.M.: Esfortzu eta ardura handia da giza baliabide horiek, zure bidaiak eta munduan hedatutako 28 institutuetan gauzatzen dituzuen proiektuak ikusita.
J.G.: Zalantzarik gabe, gure lana betetzen ari gara izaki bizidun guztientzat mundu hobea lortzeko helburuarekin. Aukera bagenu egiten ari garen aurrerapen guztiak erakusteko, jendea harrituta geratuko litzateke. Horregatik, BIZKAIA MAITEAn gonbita egiten diegu gure webguneko leihoa zabal dezaten gu ezagutzeko eta laguntza emateko. Lan egiten ari garen herrialdeak bisitatzen ditut behin eta berriz. Horregatik, hain zuzen ere, argi daukat gertatzen ari dena liluragarria dela. Eta Jane Goodall Institutuetan lan egiten ari garenok (taldeak eta zuzendaritza batzordeak, boluntarioak, emaileak eta kideak oro har) geure erara laguntzen dugu, eta asko gainera, mundu hobe baterako.
B.M.: Oso interesatuta gaude iraunkortasunaren heziketako edozein proiektu parte-hartzailetan. Abiatutako heziketa-programaren bat azaldu ahal diguzu, webgunera jo aurretik informazio gehiago lortzeko eta nola parte hartu ikusteko?
J.G.: Proiektu asko egiten ditugu, eta gure webgunean izan dezakezue horien berri. Adibidez, Roots&Shoots (Erroak eta Kimuak) heziketa-programa aipatuko dizuet. Aktibo dago 138 herrialdetan, eta adin desberdineko 150.000 parte-hartzaile daude, eskolaurretik unibertsitatera. Kolektiboki, Roots&Shoots taldeak eragin positibo handia izaten ari dira, beste pertsonei, animaliei eta ingurumenari laguntzeko lanean. Horregatik animatzen zaituztet zuen hiri, auzo edo herrian proiektu bat hastera, eta sarera batu eta mundu hobe baten alde lan egitera. Espainian, Roots&Shoots programa eskuko telefonoak birziklatzeko Movilízate por la selva (www.movilizateporlaselva.org) izeneko kanpaina arrakastatsua bultzatzen ari da boluntarioen taldearekin eta eragile mobilizatzaileekin, gure telefonoetako gatazka-mineralei buruz sentsibilizatzeko, Afrikako bihotzean erauzketak ingurumenean eta gizartean duen eraginari buruz, eta bertan heziketa eta kontserbazio proiektuak finantzatzen laguntzeko. Proiektu horietan, birziklatutako telefonoen fondoekin basoberritzeko haziak, erreskatatutako txinpantzeentzako elikadura edo Kongon umeak hezteko materialak lortzen ditugu.
B.M.: Arriskuan al dago txinpantzeen mundua? Zein dira arrisku nagusiak?
J.G.: Zalantzarik gabe, arrisku nagusia habitata galdu edo zatikatzea da deforestazioaren ondorioz, gizakien demografia-hazkundeagatik (laborantzak, azpiegiturak, etab.). Gainera, isileko ehiza, animalia basatien haragia salerostea eta maskoten trafikoa negozio handia bilakatu dira, eta txinpantzeen eta bestelako animalien iraupena arriskuan jartzen dute.
B.M.: Orduan, agian ondorioztatu dezakegu gure egoismoak eta nolabaiteko itsukeriak eragiten dituztela gure jarrera eta jokabide («irrazional»?) batzuk, eta horiexek dira planetak eta bertako espezieek dituzten arrisku nagusiak, ezta?
J.G.: Benetan harrigarria iruditzen zait izaki guztien aldean burmuinik sofistikatuena daukagula frogatzea, hizkuntza konplexua erabiltzeko, etorkizuna sortu eta planifikatzeko, eta aldi berean burmuin horrek daukagun mundu bakarra suntsitzeko gai dela egiaztatzea. Neure buruari galdetzen diot, nola gerta daiteke horrelakorik? Eta erantzuten dut: Burmuin boteretsu horren eta bihotzaren arteko deskonexioa da zentzu metaforikoan, maitasuna eta enpatia. Gaur egun, enpresa handi bat zuzentzen duenak erabakiak hartzen ditu ikusteko nola eragingo dion hiru hilabete barru akziodunen bilerari, eta aspaldian, aldiz, indigenen taldeek planteatzen zuten nola eragingo zioten haien erabakiek haien herriari hiru belaunaldi geroago. Gaur baieztatu dezakegu gure ondorengoen etorkizunak kezkatzen gaituela, baina aldi berean, gure bizimoduagatik, haiei kaltea eragiten diegu, txinpantzeei eta gainerako gizakiei. Berehala aldatu behar dugu, premiazkoa delako. Horregatik bidaiatzen dut etengabe munduan zehar, pertsonei ulertarazteko egunero egiten dugunak garrantzi handia duela gure etorkizunerako eta gure seme-alaba eta bilobentzat. Eta mezu hori bera BIZKAIA MAITEA aldizkariaren bitartez zabaldu nahi dut.
B.M.: Orduan, itxaropenik ba al dago etorkizunerako? Baduzu errezetarik gure eguneroko bizitzan gehitzeko?
J.G.: Bai, itxaropena daukat, horregatik egiten dut egiten dudana. Etorkizuna dago gazteen energiari esker, arazoak ezagutzen dituztelako eta konpontzeko neurriak hartzen dituztelako. Eta gure buruaren ahalmenari esker ere bai, gauza onak egiteko, burua gure sentimendurik nobleenekin harmonian dagoenean. Eta habitatak, animaliek eta giza espirituak suspertzeko eta erresilientziarako gaitasun izugarria dutelako.
Ezin dugu ahaztu gutako bakoitzak diferentzia markatzen duela. Egunero. Eta zer inpaktu izan nahi dugun erabakitzeko aukera daukagu. Bakarrik pentsatuko bagenu zer ondorio dituzten gure erabaki txikiek (zer jaten dugun, zer janzten dugun, zer erosten dugun…) eta geure buruari hau galdetuko bagenio: produktu horrek nola eragingo dio ingurumenari? Haurren eskulana erabili al zen edo lan eskubideak urratu al ziren hura ekoizteko? Animaliek sufritu zuten hura ekoizteko?
Milaka norbanakok hartutako erabaki txiki askoren eragin metatuak lagundu ahal digu gure seme-alabei eta haien oinordekoei utzi nahi diegun mundu-eredura gehiago hurbiltzen.
Janeren Bidaia
Haren landa-ikerketa sakonen emaitzek iraultza ekarri zuten zientzialarien komunitatean eta mundu osoa liluratu zuen National Geographiceko dokumentalen bitartez, besteak beste. Haren pertseberantzia, sen, enpatia eta ikusteko gaitasunari esker, ordura arte ezezaguna zen txinpantzeen munduan argia egin zuen, eta hainbat alderdi erakutsi zituen: haien jokabide instrumentala, egitura soziala, bazka biltzea, ehiza, taldeen arteko gerra, altruismoa, dominantzia, kanibalismoa, hazkuntza eta adopzioa, besteak beste. Haren lan zabala, Jane Goodall Institutuko ikertzaileek jarraituta, aske dauden animaliei buruzko landa-ikerkuntzarik luzeenetako bat da.
25 liburu baino gehiago, zientzia-artikulu ugari eta zinema eta telebistarako 20 ekoizpen baino gehiago egin ditu, eta hari buruzko milaka artikulu eta elkarrizketa daude. Haren lana funtsezkoa izan da txinpantzeei eta beste espezie batzuei buruzko ezagutzak zabaltzeko eta enpatia sortu eta haiek eta haien ekosistemak babesteko. Gainera, gonbita egiten digu gure espezieaz hausnartzeko eta gure gizarteetan bizimodu jasangarriagoa sustatzeko. XX. mendean inpakturik handiena izan duten emakume zientzialarietako bat izan da. Haren bizitza eta obrari buruzko dokumentala, «El viaje de Jane» (Janeren bidaia) 2011n estreinatu zen Espainian. «Best Green Film» saria irabazi du Berlingo GreenFilmFest jaialdian, eta lehen hautatuen artean egon da Dokumentalik onenaren Oscar 2012 sarietan. Jane Goodall Institutuko webgunearen bitartez dokumentala eskuratzera eta haren lanari laguntzera gonbidatzen zaitugu (www.janegoodall.es).