BRIKOLAJE EKOLOGIKOA
Eguberriaz goza dezagun etorkizun iraunkorragoa eraikitzearekin batera
Jostailuak eta opariak: dibertsioa eta konpromisoa
Iratxe Celaya
Jolasaren mundua garapen pertsonalerako eta ikaste positiborako ingurune naturala da haurtzarotik. Jostailu bat oparitzea ideiak oparitzea da, zertan jolas dezakegun eta bilatzen dugun mundua nolakoa den irudikatu ahal izateko. Jolasaren bitartez balioak lantzen hasten dira ekologia, aniztasun, genero berdintasun, indarkeria eza, eta abarri buruz; hau da, garapen iraunkorrari buruz.
Eguberriak iristean kontsumoaren eta erosketa konpultsiboen birusa askatzen da. Egun horietan etxeko kontsumoaren zati handi bat jostailuak eta opariak erostera bideratzen da, eta kontuan hartu beharreko iraunkortasunaren lehen irizpidea «eustearena» litzateke (izan ere, askotan gehiegikeriek oztopatu egiten dute opariak baloratzea, estimatzea eta gozatzea). Nahitaezko gogoetaren ondoren, opariak aukeratu eta erosteko garaian kontuan izan beharko genituzke iraunkortasun eta kontsumo arduratsuaren irizpideak.
Isurpenak eragiten dituzten opariak
Praktikan, opariaren zati bakoitzak, banaketatik hasi eta bilgarrira arte, isurpenak eragiten ditu. Halere, ezberdintasun handiak daude batzuen eta besteen artean, erabiltzen duten plastiko kopuruaren arabera edo elektrizitatea edo pilak behar izatearen baitan. IDC aholkularitza britainiarrak (www.uk.idc.com) opari batzuen inpaktu ekologikoa aztertu zuen: esate baterako, jostailuzko kontsola hezitzaile batek (kolorezko botoiak dituzten horietako bat, baserriko animalien soinuak egiten dituztenak adibidez) 93 kg CO₂ sortzen ditu, aldiz, sukaldeko robot batek 62 kg eta iPod batek 31.
Inpaktu txikiagokoen multzoan mahaiko jokoak ditugu (Trivial Porsuit jokoak CO₂-ko 21 kg-ko aztarna du), eta gezurra badirudi ere, liburuak, zuhaitzak moztetik datozen opariak izanik, inpaktu ekologikoari dagokionez taularen azken lekuan daude: hirutik zortzi kilo bitartean karbono dioxido, edizioaren arabera, poltsikokoa den edo tapaki gogorrekoa. Orotara, erosketak eta opariak dira gure CO₂ isurketen iturri nagusiena Gabonetan, %48.
Eguberrietan, Estatu espainiarrean atmosferara isur daitezke batez beste 530 kg CO₂ pertsonako. Eguberriko ospakizunek karbono dioxidoan izandako kostuari buruz 2007 egindako ikerketa batean Ingalaterrako Yorkeko Unibertsitateko ikerleek (www.york.ac.uk) kalkulatu zuten egun gutxi horietan urte osoko CO₂–ren %5,5 isurtzera irits gintezkeela.
Eguberrietako inpaktua murriztea
«Gehiegikerietan» parte hartuta ere, egun horietan planetari eragingo diogun inpaktua mugatzeko erak egon badaude. Eta ez dugu soilik hitz egiten jostailu eta opariez:
- Ez erabili argidun apaingarririk. Eguberrietan gure isurketen herena argiztapenari dagokio (etxeko eta udal apaingarriak). Krisiak, ingurumen kontzientzia handiagoa eragiteaz gain, udal gehienak derrigortu ditu argiztapenean zuten aurrekontua murriztera (bonbillak kendu dira, kontsumo txikiko edo LED aplikeekin ordezkatu dira, ordutegi murritzagoak ezarri dira…).
- Elikadura: Eguberrietako janaria gure isurketa pertsonalen %4 besterik ez da. Halere, bertako elikagaiak edo bidezko merkataritzakoak aukeratzea gomendatzen da, eta mehatxatuta ez daudenak; eta ekologikoak badira, hobeto.
- Apainketa: plastikozko zuhaitzek eta apaingarriek berrerabiliak izan ahal izateko abantaila dute, nahiz eta beren sortze eta biltze prozesuan petrolioaren azpiproduktuak (plastikoa) eta polimero toxikoak (polibinil kloruroa edo PVC) erabiltzen diren. Apaindu zure etxea edo bulegoa inpaktu txikiko apaingarriekin, berrerabilitako, birziklatutako materialarekin edo gogortutako irinarekin egindakoak, ondoren pintatu eta apaindu ditzakezunak era ikusgarri eta koloretsuan. Ez erabili inoiz gorostiaren moduko espezierik (legeak babestua eta debekatua) edo goroldio naturala (oinarrizko elementua lurren sorreran eta kontserbazioan, eta hazien ernetzean).
- Opariak prestatzean erreparatu «bioaniztasunari eta bere onurei buruz hitz egiteko» aukera ematen duten horietan. Adibidez, trebea denari pintura ekologikoei buruzko eskuliburu bat oparitu diezaiokezue, «gourmet» direnei lore jangarriei buruzko liburu bat, bidaiatzea gustatzen zaienei eko-turismoari buruzko gida bat…
- Bidaiak: planetari eragiten diogun eguberrietako inpaktuaren %15 gutxi gorabehera gure desplazamenduekin eragiten dugu, saihestezina dena, bestalde. Dena den, garraiobideak alde handia eragin dezake. «Itzuli etxera» Eguberrietarako, baina garraio kolektiboan.
- Murriztu ezin dituzun CO₂-ko isurketak konpentsatu garapen bidean dauden herrialdeei lagunduz elkartasun proiekturen batean ekarpenen bat eginez, bidezko merkataritzan erosketaren bat eginez…
Mahai joko iraunkorragoak
- Era honetako jokoak iraunkortzat har ditzakegu, horrelakoak direnean kate osoan zehar: bere sorreratik ekoizpenera arte, fabrikatzen diren lehengaitik hasita.
- Egurrez egindakoak: gai naturala, baso ziurtagiria duten tokiko zerrategietatik datorrena gainera. Jatorrizko basorako distantzia zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta energia kontsumo txikiagoa eta CO₂ko isurketa murritzagoa.
- %100ean birziklatutako papera edo ekologikoa, zaintza kateko basoetatik datorrena: jatorri europarrekoa, klororik gabekoa eta ziurtagiriduna izateaz gain, bere fabrikazioan energia berriztagarriak erabili dituena.
- Landare tintak: gehigarri kimikorik gabekoak, paperaren birziklatzea errazten dute eta ez dira kaltegarriak ez osasunerako ezta ingurumenerako ere.
- Babes ekologikoa: argizari naturalekin egina, eta araudi europarrak betetzeaz gain haurren erabilerarako egokia dena.
- Egurren ebaketa eta laser bidezko grabatuak: egurra hobeto aprobetxatzea ahalbidetzen du, hondakinak gutxituz. Laser bidezko grabazioak edozein motatako tinta edo pintura gehitu beharra saihesten du, horrek bere erabilgarritasuna luzatzen du eta birziklatzea errazten du.
- Gutxieneko bilgarria: jostailua bera izan daiteke edukiontzia, beraz, askotan tapaki bat baino ez da behar izaten gordetzeko, eta paperezko banda bat azalpenekin.
- Iraunkortasun ekonomikoa eta soziala: bertako hornitzaileak edo nazionalak erabiltzea ahalbidetuko da, eta bestela, europarrak, barne ehun ekonomikoari lagunduz.
- Eta gainera, jokoaren garapenean, iraunkortasuna bere funtzionamenduaren eta joko arauen zati kontzeptuala bada, jokoaren zirkulua eta erabilgarritasun iraunkorra osatu egingo lirateke iraunkortasunari buruzko baliabide didaktiko bat osatuz.
Fitxategi hauek kontsultatzeko Adobe Reader dohainiko programa behar duzu, erabili esteka deskargatzeko.