GURE INGURUNEA

Lucanus cervus eta Rosalia alpinaren habitata

Motxotegiko Pago motzak, bioaniztasunaren santutegia

Mikel Fernandez de Larrinoa - Carlos Garrido. Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko teknikariak. Bizkaiko Foru Aldundia

Gorbeia, Motxotegitik. Leon Tolstoik honela esaten zuen: »egon bada basoa zeharkatuta sutarako egurra baino ikusten ez duenik». Zalantzarik gabe, Motxotegiko pagadian (Ubide) galtzen denak sutarako egurra baino askoz gehiago aurkituko du. Natur balio handiko baso bat aurkituko du, neurri handi batean lepaketa ohiko teknikaren praktikari esker, habitat ezberdinak sortu dituen teknika hain zuzen, izakien komunitate aberatsa bizi den habitat ezberdinak sortu dituena.

Uztail erdiko egun zoragarri eta beroa da. Errepideetarako erabiltzen den gatz depositura iritsi gara, Barazar Gainera doan errepidearen ertzean, eta eskuinera hartu dugu basora doan pista batetik. Konturatu gabe, Bizkaiko basogintzaren sorlekutik gertu gaude; izan ere, gure lurralde historikoan inguru hauetan egin ziren lehen esperientziak zuhaitz zurgaien aldaketan. Eguerdiko eguzkiak gogor jotzen du, eta bide honetatik sigi-saga goaz aurrera, pixkanaka pagadiaren freskuran sartuz.

Matxotegiko Pagadia baso bioaniztuna da, eta izen bereko mendian dago, Bizkaiko Ubide udalerrian. 40 hektarea inguru ditu eta leku estrategikoan dago, uren isurialdeen banalerroaren erdian, eta inguruneko natur guneen arteko lotura ekologikoa: Urkiola, Gorbeia, Zadorrako urtegiak.

Gailurrerantz doan bidea jarraituta, bat-batean eta harridura handiz basoko alde iluna utziko dugu eta eremu argiago batean sartuko gara. Hemen edonork esango luke suntsiketa handi bat gertatu dela: zuhaitzak astamakila hutsak dira, enborrak adarrak zeharo mutilatuak, lurrean egur hondakinak barreiaturik… Bertan jarritako kartelek argitzen digute gertatutakoa. Foru Aldundiak eta Ubideko Udalak zuhaitzen bi lepaketa esperientzia egin dituzte 2,5 hektareatan, helburu bikoitzarekin, ohiko aprobetxamendua eta bioaniztasunaren babesa.

Baina zer da lepaketa? Kimaketa mota bat da. Zuhaitzaren zati apikala mozten da (pagoa, haritza, haltza…), bere hazkunde naturalaren bidea eteten da eta bere bizi garapena eta baso aprobetxamendua egokitu egiten da, abeltzaintzaren erabilerarekin bateragarri eginez. Ohiko baso praktika bat izan da, mendeetan zehar iraunkortasunari dagokionez bertako basoetako aprobetxamendu onargarria ahalbidetu duena, hainbat erabileratarako zurez hornituz: eraikuntza (itsasontziak, baserriak…), tresnen fabrikazioa (armak, altzariak…), erregaiak (olak, etxeak…); era berean, nekazaritzarako ongarriak, abereentzako elikagaiak eta abar. Nabarmentzekoa da forma berezi batzuen bilaketa erabilera jakin batzuetarako, esate baterako, ohiko «horca y pendón» erdi aroko itsas ontzigintzarako.

Zuhaitz motzen basoak bioaniztasunaren erreserbak dira eta Europako garai bateko lehen basoen ispiluak dira. Horiek berriro ezartzeko, basoen ekosistemaren bilakaera naturalarekin urte asko eta asko beharko lirateke gizakiaren esku hartzerik gabe. Lepaketak eragiten dien «zahartze» goiztiarrari esker, aleek urte askotako zuhaitzen edo zuhaitz seneszenteen funtzioak betetzen dituzte, hau da, babes eta elikadura lekua dira zuhaitz zahar hauen presentziaren menpe bizi diren espezie ugarientzat, eta batez ere, espezie komunitate oso berezi baten habitat gisa: fauna saproxilikoa.

Pago motz hauen artean paseatzen garen bitartean, harritu egiten gaituzte lurrean dauden enbor eta adar pilak, beste baso batzuetan ez bezala, «garbitasunak» egur hilaren gabezia suposatzen baitu normalean. Lepaketa mota honen funtsezko ezaugarrietako bat da egur hilaren horniketa, oinarri trofikoa dena fauna saproxilikoa finkatzeko, hau da, bere bizi zikloa neurri batean egur hilaren mende, bere deskonposizioaren menpe, edo bertan dauden organismoen baitan daukana. Egurra bere heriotza eta deskonposizio etapa guztietan kantitate nahikoan egoteak bakarrik berma dezake baso batean fauna saproxilikoaren presentzia osoa edo ia osoa.

Zuhaitz motz hauen beste ezaugarri funtsezko bat da basoei eragiten dien heterogeneotasun espaziala eta egitura konplexua, intsektu horien biziraupenerako funtsezkoa dena. Dena den, baso bakoitzaren bioaniztasuna fenomeno historikoen baitan ere badago. Eta fauna saproxilikoa iraganean heterogeneotasun eta konplexutasun handiko baso zabaletan bizi izan denez prozesu ebolutiboek fauna hori bereizketa maila altuetara eraman dute, aniztasun izugarriarekin eta nitxo edo mikrohabitat ugariekin. Horrek guztiak espezie ugariren agerpena eragin du, baina dispertsiorako gaitasun oso txikiarekin. Eta gizakiak jatorrizko baso horiek baso murritzak bilakatu dituenez, zatikatuak, heterogeneotasun eta konplexutasun txikikoak, intsektu horien zati garrantzitsu bat desagertzea edo ia desagertzea eragin du.

Motxotegiko gailurrera iritsi gara. Gorbeia urrutian dagoela, gure pagadi motzari begira gaude eta erreserba biologiko hori, kultur ondare hori, kontserbatu behar dugula uste dugu. Baso ustiaketarekin jarraitu nahi dutenek, baina era iraunkorrean, naturak eskaintzen dituen zerbitzuak aprobetxatuz, eta erabilera posible guztiak bateragarri eginez, seguru ondo ulertuko dituztela lepaketaren abantailak. Jarrera kontserbazionista estua eskatzen dutenek, esku hartze eza, basoko ekosistemari era naturalean eboluzionatzen utzi nahi diotenek, erraz uler dezakete zuhaitz motz hauek gaur egungo basoetan jokatzen duten paper biologiko eta ekologiko garrantzitsua. Ekologikoki funtzionalak diren baso azalerak berreskuratzea lortzen den bitartean, hau da, era naturalean garatzen direnak heldutasun egoera bikaina lortu arte, zuhaitz motz hauek ondoen kontserbatuta dauden baso hauetako espezieen aniztasuna babesten lagun dezakete. 

Rosalia alpina (Linnaeus 1758) / Lygistopterus sanguineus (Linnaeus 1758)
Motxotegiko intsektuak (entomofauna)

Bizkaiko Foru Aldundiak Santiago Pagola entomologoari Motxotegiko pagadiaren prospekzioa eskatu zion mehatxatuta dauden eta interesgarriak diren intsektuen presentzia antzemateko, horrela ebaluatu ahal izateko baso honetako bioaniztasuna. Lan honen ondorioz pagadian lokalizatu dira espezie mehatxatuen edo babes mailaren bat behar duten espezien zerrendan eta katalogoetan jasotako bi espezie, Lucanus cervus (Linnaeus 1758), arkanbele dotorea, eta Rosalia alpina (Linnaeus 1758), kakalardo adar-luzea, izugarri ederra eta kezkatzeko moduko urritasun eta ahultasunekoa.

Bi espezie enblematiko hauez gain, hamarretik gora intsektu saproxiliko identifikatu dira. Horien artean, nabarmentzekoak dira Cetonia aurata (Linnaeus, 1761) eta Gnorimus nobilis (Linnaeus, 1758) zetonido distiratsu eta metalikoak. Beste espezie batzuetako ale batzuk ere aurkitu dira, horietako asko mendiko pagadietan ohikoak direnak, baina denak edertasun berezikoak, Clytus arietis (Linnaeus, 1758) zeranbizidoak eta Stictoleptura scutellata (Fabricius, 1781).

Halaber, pagadiko argigune eta soilguneetatik jira biraka hegan, eta baita inguruko zelaietan ere, hogeitik gora eguneko tximeleta antzeman dira, Euphydryas aurinia (Rottemburg, 1775) ninfalidoa barne, Habitaten Zuzentarauek babestutakoa; Araschnia levana (Linnaeus 1758) espeziea Motxotegin ere aurkitu da, ikusgarritasun eta ezaugarri bereziko taxona da, izan ere, bi belaunaldi ageri dira irudi kromatiko guztiz ezberdinarekin, kolore gorriztak dituen udaberriko tximeleta, eta udatiarra bestea, tonu zuri-beltzak dituena.