LURRA IZENEKO PLANETAN

Aberastasun ekologiko handiko inguru ezezaguna

Mallorcako S’Albufera Parke Naturala

Mallorcako iparraldean dagoen S’Albufera Balear Uharteen gune hezerik zabalena da. Historian zehar gizakien jarduerak bertan eragin negatibo handia izan duen arren, aitortzea eta babestea merezi duen bioaniztasun handiko gunea da eta ingurumen garrantzi handia du.

S’Albufera Mallorca uharteko gune hezerik handiena da. Alcudia badian dago. Itsasotik bereizten duen urmael, istingadi eta hondarpe multzoak osatutako ekosistema honek jatorrian 2.500 hektarea baino gehiagoko hedadura zuela uste dugu. Abeltzaintza eta nekazaritzak aurrera egin zuten eta azkenik hezegunea erabat lehortu zen lehengo mendean, drainatze obra handi batzuen ondorioz, itsasoranzko etengabeko ponpatze lanekin mantendu beharrekoak. Hala ere, operazio hori ez zen errentagarria izan; mende honetan zehar ustiaketa bertan behera geratu zen eta 1960an erabat desagertu zen.

Hamarkada horretan, turismoaren etorrerarekin urmaeletan eta kostan hirigintza masiboari eman zitzaion hasiera, eta Albuferaren irudia erabat aldatu zen. Lakuak eta kanalak eraiki ziren hotelen inguruetan, baita apartamentu blokeak ere. Hirigintza prozesu hori geldiarazteko eta paraje honetako natura aberastasuna babesteko 1986an eta 1987an urbanizatu gabe zegoen lur gehiena erosi eta Govern Balearrak Parke Natural izendatu zuen 1988an, 1700 ha babestuz. S’Albufera ere Natura 2000 Sarearen barruan sartuta dago, Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu gisa (HBBE) eta Batasunaren Garrantzizko Leku gisa (BGL). 1989ko uztailetik Nazioarteko Garrantzia duten Hezeguneen zerrendan dago, RAMSAR Konbentzioaren barruan (Iran, 1971).

Gizakien eragina

Mende askotan zehar -baina batez ere azken bietan, eta gizakiaren eraginez- S’Albufera sedimentuz bete da, 1.708 hektareako padura eta dunaz beteriko uholde-lautada zabala bilakatu arte. Arabieraz «itsaso txikia» esan nahi du S’Albuferak. Duen garrantzi ekologiko eta humanoari esker, garrantzi historiko nabarmena izan du. Dena den, bere historian zehar gizakien presio oso nabarmena jasan du. Lehortzea, kanalen eraikuntza, malekoiak, birpopulatzeak, lurrak landatzea eta abandonatzea... horiek denak landare-bizitzan zuzenean eragin dute eta jarraitzen dute eragiten.

Halaber, inguruko biztanleek eta enpresek sortzen duten kutsadurak, depuratu gabeko etxeko hondakinek eragindakoa, urak asko kutsatzen ditu. Lur horien gehiegizko sedimentua da gehien kaltetzen duen arazoetako bat. Faktore horiez guztiez gain, legez kontrako ehizaren jarduera ere arazo handia da, inguru honetako animalien bizitzari zuzenean eragiten diona. Izan ere, babestutako espezie ornitologiko asko ez dituzte errespetatzen, ezta haien babes guneetan ere.

Bioaniztasuna

Gizakien ekintza negatibo horien eragina izan arren, S’Albufera inguru oso aberatsa da landare eta animalien espezieei dagokienez. Hain berezia den aberastasun ekologiko hori urak definitzen du, landaredia ugariaren hazkundeak baldintzatu eta ahalbidetzen baitu sakontasunaren, itsasoko gertutasunaren eta lur motaren arabera. Inguru honek euri ur asko jasotzen du uholdeetatik eta «ullals» deituriko lur azpiko uretatik.

S’Albuferan hiru biotopo ezberdin eta garrantzitsu daude: dunak, padurak eta hondartza. Uholde-guneetan, landaredia nagusia lezkek, masiegek eta zintabelarrek osatzen dute. Kanaletan ur azpian bizi diren landareak daude eta gune gazietan ihiak eta belar gaziak hazten dira. Zuhaitzen artean nabarmentzekoak dira makal zuria, zumarra eta milazka. Dunetako espezieak hondarren baldintza gogorretara egokituta daude.

Landaredia ugari honen artean, nabarmentzekoak dira landare endemikoak, besteak beste, Hiazinto komosoa (Muscari comosum), orkidea balearra, Balear uharteetako orkidea endemiko bakarra dena (Ophrys balearica), eta Gladiolo basatia (Gladiolus communis).

Mallorcako itsas biologiari dagokionez, honen protagonista nagusia ozeanoko Posidonia da, Mediterraneoko espezie endemikoa. Itsas landare honek uren gardentasunari mesede egiten dien itsas azpiko zelaiak osatzen ditu, erosioa saihesten du eta uretako animalia askorentzat babesleku da. Funtsezkoak dira kostako lerroa eta hondarrezko hondartzen eta itsas fondoen oreka mantentzeko ere.

Bestalde, onddo aniztasun handia dago, guztira 205 espezie. Horietako bat, Psathyrella halofila, zientziarako berria dena, S’Albuferan aurkitu zen 1992an. Bestalde, ornogabe talde nabarmenenak sorgin-orratzak, dipteroak (inon aurkitzen ez diren espezieak aurkitu dira), armiarmak, eta batez ere, gaueko tximeletak dira. Horien arten, dagoeneko 450 espezie baino gehiago identifikatu dira.

Ornodunen artean, arrain espezie arruntenak aingira eta korrokoiak dira. Ugaztun ugarienak karraskariak eta sagu-zaharrak dira, eta tartean espezie berezi garrantzitsu batzuk, basoko sagu-zaharra bezalakoak (Barbastella barbastellus).

Baina, nabarmen, hegaztiak dira ornodunen taldean prestigiorik handiena dutenak S’Albuferan, aniztasunagatik, asko daudelako, eta ikusi eta entzuten direlako. 230 hegazti mota behatu dira, horien artean bi espezie endemiko, Kopetazuri gandorduna (Fulica cristata) eta Audouin kaioa (Larus audouinii). Kopetazuri gandorduna Afrikatik dator eta mendebaldeko Mediterraneoan gune txiki bat du. Mende honen erdialdean ia guztia suntsitua geratu zen espezie hau eta Europan «desagertzeko arriskuan» kategorian sailkatuta dago. Bestalde, Audouin kaioa Europako itsas hegaztirik arraro eta bitxienetako bat da. Mediterraneoan dauzka bere kabi kolonia bakarrak eremu globalean, eta Espainian «arrarotzat» hartzen da.

10.000 hegazti baino gehiagok negua igarotzen dute S’Albuferan: besteak beste, ahateak eta koartzak, araba-zozo talde handiez gain. Parkea epe laburreko egonaldiak egiten dituzten hegazti migratzaileentzat eta noraezean edo, lertsunen modura, tarteka etortzen direnentzat ere garrantzitsua da.

Balear uharteetako bioaniztasun handienetako bat duen arren, S’Albuferak jarraitzen du, neurri handi batean, ezezaguna izaten bai bertako herritarrentzat eta baita Iberiar penintsulako gainerakoentzat ere. Horregatik da horren garrantzitsua babestea; natur gune bat da, herritar guztien eskura dauden natur eta ingurumen balioak batzen dituena. 

Drach kobazuloak

Mallorcako mendebaldeko kostaldean daude eta uharteko turismo gune erakargarri eta nagusienetakoa da. Erdi Arotik ezagutzen diren arren, 1922 eta 1935 artean egokitu ziren bisitatu ahal izateko.

Kobazuloak dauden lurrak aro mizenastarrekoak dira eta ur filtrazioek barruko formak modelatu dituzte: zuhaitz itxurako estalaktitak, estalagmitak, habeak eta oihalak. Barruko tenperatura 21ºC-ekoa da eta hezetasuna %80koa. Kobazuloak 25 m-ko sakontasuna du. Barruan Martel lakua dago, 170 m-ko luzera duena, eta 4 eta 12 m arteko sakonera.

Bisitak ordubete irauten du gutxi gorabehera eta ibilbidea 1.200 m-koa da. Barne daude musika klasikoko kontzertu bat eta Martel lakuan paseo bat txalupan.