TXANGOAK

Natura eta kultura uztartzen ditu Zeanuriko Erroten XI. Ibilaldiak

Zeanurin errotarik errota

Testua eta argazkiak: Jon Urutxurtu

Olabarriko anteparan lanean. Gure geografiako paraje eta txoko ezberdinak ezagutzeko erarik egokiena oinez ibiltzea eta bazterrak arakatzea da. Eta aukera hori eskaintzen du maiatzaren 8an Zeanuriko Erroten XI. Ibilaldiak.

Oinezko martxa honekin antolatzaileek bilatzen dituzten helburuak honako hauek dira: alde batetik, Zeanuri eta bere auzoak ezagutzera ematea; eta bestetik, Zeanuriren historian errotek izan duten garrantzia ezagutaraztea. Ez dira gutxi, izan ere, herri honetan han-hemenka azaltzen diren errotak edo erroten arrastoak, guztira hemezortzi –gehienak bertan behera utzita, baina beste batzuk zaharberrituta–, denak hidraulikoak. Ibilbidean zehar bederatziren ondotik igaroko dira ibiltariak eta bitan –Ibargutxin eta Olabarrin– sartu-irtena egiteko aukera izango dute.

2015eko  edizioko parte-hartzaileak Undurragako urtegiaren presara bidean.

Ibilbidea 18 kilometrokoa da, baina haurrentzat edo ondo prestatuta ez daudenentzat laburragoa, 12 kilometrokoa, egiteko aukera ere eskaintzen da. Irteera herriko plazan izango da, goizeko 09:00etan; plazatik, udaletxearen aurretik, abiatuz eta Altziber eta Errotabarri erroten ondotik igaro ondoren, Undurragako urtegiaren ertzetik jarraituko dute parte-hartzaileek. Urtegia atzean utzi bezain laster, Barrengoerrota aurkituko dute Beretxikorta errekatxoaren ertzean. Agarre baserriaren ingurutik aurrera eginez, Undurraga auzunera jaitsiko dira Ibargutxiko errotarako bidea hartzeko; hemen, ateak zabalik izango dira eta nahi dutenek kuku bat egin eta errota lanean ikusteko aukera izango dute. Ibargutxitik Lanbreabeko errotara, eta hemendik berriro Undurragako urtegiaren ertzetik ekingo diote –oraingoan beste aldetik–; urtegiaren presatik 100 metro aitzina, Alkiberren, indarrak berritzeko jan-edana banatzen da. Aurrerantzean, lehenengo Otzerinmendi auzunean eta gero Uriben sartuko dira ibiltariak, eta Intxaurbeko, Axpeko eta Zulaibargo erroten ondotik igaro ostean, azken kilometroa betetzen hasiko dira; helmuga baino 300 bat metro lehenago ibilbideko azken errota azalduko da, Olabarrikoa –Pujana familiak erabat zaharberritua–, eta bisitatzeko aukera izango da, ate batetik sartuz eta bestetik atereaz, Zeanuriko plazara iritsi eta ibilaldiari amaiera eman aurretik.

Ibilbidea burutzerakoan, 18 kilometro eramango dituzte oinetan ibiltariek, baina ziur zitari erantzuteak mereziko diela, erroten ondare historiko-etnografikoa ezagutzeaz gain, udaberrian naturak azaltzen duen koloreen sinfoniaz gozatzeko aukera izango baitute. 

ZEANURIKO ERROTAK

XIX. mendearen amaierarantz Zeanurin sei burdinola eta hemezortzi errota zeuden. Ordutik hona jarduera biak indarra galduz joan dira, horrela burdinolen krisiak lantegi horien desagerpena ekarri zuen XIX. mendearen bigarren zatian. Gainbehera horren ondorioz, jende asko nekazaritzara itzuli zen; nekazaritzara lur gehiago zuzentzeak eta, aldi berean, gora egin zuten laboreen uztak ehotzeko premiak erroten beharrizana ekarri zuten. Ondorioz, burdinola batzuk errota bihurtu ziren.

Bestalde, erroten agonia XX. mendearen erdialderantz larriagotu egin zen. Duela berrogeita hamar urte Zeanurin hamaika errota lanean bazeuden, 1979an hiruk bakarrik ehotzen zuten, euretako bik etxerako; gaur egun, batek bakarrik egiten du lan eta berak era testimonialean, Olabarriko errotak hain zuzen ere; beste bi, Ibargutxikoa eta Errotabarrikoa, noizean behin jartzen dituzte martxan.

Zeanurin ezagutu diren errota guztiak hidraulikoak izan dira eta udalerriko lau erreka nagusien inguruan eraiki ziren: Arratia erreka (Lanbreabe, Ibargutxi, Alkiber, Errotabarri, Altziber eta Olabarri);. Beretxikortako erreka (Goikoerrota, Erdikoerrota, Barrengoerrota eta Undurraga); Uribeko Erreka (Atxiti, Intxaurbe, Axpe eta Zulaibar); eta Asterriko Erreka (Ibarre, Landaburu, Akeuri eta Uribiarte).

Hemezortzi errota horietatik lau burdinola izan ziren: Lanbreabe, Ibargutxi, Altziber eta Olabarri. Beste bi ola ere egon ziren: Olazar eta Undurragako Olabarri.

Ibargutxiko errotaren errotapea.
Ibargutxi eta olabarri: bisitatzen diren bi errotak

IBARGUTXIKO ERROTA

XIX. mendean burdinola izan zen. Gaur egun harri bi baditu ere, hiru harrirekin egin zuen lan. Hirugarren harri hori garagarra eta pentsuak ehotzeko erabiltzen zen, eta Ibargutxiko etxea eta beste harri biak dauden eraikinaren behealdean kokatzen zen, bi errotarri horiek mugiarazten zituen ura aprobetxatzeko. Hirugarren harriak 1950erantz utzi zion lan egiteari.

1945ean errotaren azpiko aldean turbina eta generadore batez baliatuz argindarra ekoizten hasi ziren Ibargutxin, eta 1978ra arte gutxi gorabehera Altzua, Ipiñaburu eta Undurragako baserri batzuetara saltzen zuten elektrizitatea.

Ibargutxiko errotaren instalazioak guztiz zaharberrituta daude eta, oraindik, noizean behin etxerako garia edo artoa ehotzen dute jabeek; horrez gain, generadorearen bitartez etxerako argindarra ere ekoizten dute.

Azken errotaria Gabriel Larrazabal izan zen. Gaur egun Bitoriano, Satur eta Mª Jesus bere seme-alabak dira jabeak, eta errota zaharberritzeaz eta ingurua txukun-txukun mantentzeaz arduratzen direnak.

OLABARRIKO ERROTA

Jatorriz burdinola izan zen eta Arriola familiaren –Zeanuriko patronoa– jabetza. 1898ko azaroaren 30ean, San Andres egunean, Isidro Pujana, errentari moduan, errotaren kargu egin zen eta ordutik gaur arte hor daude Pujanatarrak.

XX. mendearen erdirantz Benigno Pujanak –Isidroren semeak– errota erosi egin zien Arriolatarrei. Benignok errotari lanetan jardun zuen 1995eko urriaren 11n hil zen arte. Aitaren heriotzaren ondoren, Fermin semeak errotaren zaharbarritze lanei heldu zien, eta hor darrai gaur egun ere jo eta ke apurka-apurka txukunduz.

Olabarriko errotak hiru harri ditu eta, gehienbat arrazoi sentimentalengatik bada ere, betiko bezeroen eskariari erantzuteko lanean darraien Zeanuriko errota bakarra da. Benigno Pujana –herriko azken errotari profesionala– hiltzerakoan, bere alaba Ana Mari izan da lekukoa hartu duena, azken ehun urteetan familiaren ogibidea izan den ofizioa bizirik mantentzeko. Errotaren ondoan burdinolaren arrastoak ere azaltzen dira.

Errotagintzari buruzko gorabeherak ezagutu nahi dituztenek horretarako aukera dute Olabarrira hurreratuz, Pujana familiak bisita gidatuak antolatzen baititu.