INGURUMENAREN GESTIOA
Muskizeko CLHren instalazioetako lurrak berreskuratzea eta lehengoratze ekologikoa
Ingurumen esperientzia arrakastatsua Barbadunen
Santiago Fuentes Sanchez. Euskal Herriko Itsasertz Mugarteko burua
CLH moduko industria bat balio ekologiko handiko ingurune batean ezartzeak eragin zuen kaltearen ondoren, hura eraitsitakoan garatutako administrazio eta ingurumena berreskuratzeko prozedura zuzendu zuen Euskal Herriko Itsasertz Mugarteak, eta adibide ona izan zen hura irtenbideak planteatzeko garaian ingurumen-kaltea zuzentzeko eta horietan enpresa erantzulea inplikatzeko.
Estuarioak dinamika misto baten pean osatutako inguruneak dira, mareen, olatuen, haizearen eta ibaien emarien baitan daudenak; oso dinamikoak eta, era berean, aldaketarik txikienaren aurrean oso ahulak diren sistemak osatzen dituzte. Mendeetan zehar, presio antropiko handia jasan dute eta bere ezaugarri naturalak neurri handi batean murriztu eta ezabatu dira.
Barbaduneko estuarioa
Barbaduneko padurek eta La Arenako hondartzaren duna sistemak osatzen duten multzoa Euskadiko ekialdeko kostako ekosistema nagusietako bat da, nahiz eta nabarmen degradatuta egon eta zonaldeko giza presioa oso altua izan. 2004ko abenduan zonaldearen zati handi bat Batasunaren Garrantzizko Leku (BGL) izendatu zuten eta Natur Sarea 2000 sare ekologiko europarrean sartu zuten. Orain dela gutxi «Barbadun itsasadarra» Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendatu zuten, interes europarreko eta balio ekologiko handiko habitatak dituelako.
Azken urteotan, ingurumen arloko berreskuratze lanak egin dira hidrokarburoen biltegiratzean jarduten zuen CLH enpresak erabilitako lursailetan. Haren instalazioak erabat eraitsi dira, lurrak deskutsatu dira eta bertako ingurumen eta paisaia leheneratzeari ekin zaio. Jokabide honi gehitu behar zaizkio laster La Arenako duna sistemaren markoan egingo diren esku hartze berriak, estuarioaren erregenerazio handia ekarriko dutenak, natur eremu horrekin egindako zorrak neurri handi batean konpentsatuz.
Aurrekari batzuk
1972an CAMPSA enpresaren (gaur egun Compañía Logística de Hidrocarburos - CLH S.A.) petrolio-gaien biltegiratze eta manipulaziorako instalazioek Barbadun estuarioaren zati handi bat okupatu zuten, itsas eta lurreko jabetza publikoko zonaldeko 165.000 m² hain zuzen. Okupazio horrek oinarria izan zuen garai hartako Obra Publikoetako Ministerioaren Portu eta Itsas Seinaleen Zuzendaritza Nagusiak 25 urterako emandako lagapenean.
1998an amaitu zen lagapena eta, «interes publikoko arrazoiengatik» bost urteko luzapena eman ondoren, jarduera amaitutzat eman zen 2002an. Orduan hasi ziren CLHren aldetik instalazioaren eraisketa lanak eta lurren ingurumen berreskurapena: lurzoruen eta uren deskutsatzea, bere garaian egindako betelanen birmoldaketa eta ekologia eta paisaia berreskuratzea, landareen lehengoratzea barne.
Instalazioen eraisketa
Instalazioen eraisketa zatika egin zen, 2001ean hasi zen, urtebete lehenago, eta sei urte geroago amaitu. Beraz, 2007. urtearen amaieran azpiegitura guztiak eraitsita zeuden, tartean biltegiratze tankeak, eraikuntzak, bideak, instalazioak eta bertan zeuden ekipo eta elementu guztiak.
Lurzoruen eta uren deskutsatzea
Eraikinak bota ondoren, lursailean geratu ziren egitura zaharrak eta obra hondakin guztiak bildutakoan, 2008an proiektuaren bigarren faseari ekin zioten, hain zuzen ere, lurzoruen deskutsatze lanak kokalekuan bertan tratatuz, deskutsatze maila egokietara iritsi arte. Ondoko teknika hau erabili zen: lurzoruen garbiketa in situ (soil flushing), bilketaren prestaketa, hondeaketa sailkatua, lurren azterketa eta trataera (kokalekuan bertan eta laborategian kontrastatua) eta gelaxkak betetzea indusketa selektiboaren materialarekin edo plantan tratatutakoarekin.
Betelanen birmoldaketa eta ekologia zein paisaia berreskuratzea
Azkenik, berreskurapen geomorfologikoaren eta deskutsatutako lurrak birmoldatzeko eta lursaileko landaredia leheneratzeko azken faseari ekin zioten.
Esku-hartze honen bidez ezaugarri ezberdinak dituzten hiru gune sortu dira:
- Dunen zonaldearen berreskuratzea, jardueraren iparraldean, La Arena hondartzarekin muga eginez. Helburua: trantsizio gune bat sortzea, hondartza eta hegoaldeko padura zonalde berriaren artean pantaila egingo duena. Egokitzapenean ondoko landare espezieak erabili dira: Elymus farctus, Pancratium maritimum eta Ammophila arenaria.
- Lur aldapatsuaren tipologia duen gune baten sorrera, aipatutako kokalekuaren ekialdean eta hegoaldean. Zarataren aurkako ikus-pantaila baten gisan osatua, padura zonaldea errepidetik eta erantsita dauden egungo aparkalekuetatik bereizten ditu. Zonalde honetan landare komunitate anitza dago: belarkarak, zuhaixkak, zuhaitzak eta makrofitak. 1,5 km baino gehiagoko luzera duen oinezkoentzako bidea du.
- Padura eremu baten erregenerazioa, dunen hegoaldean eta aldapan dagoen zonaldearen mendebaldean. Geomorfologia bat irudikatzen du bertan dagoen padurarekin bat datorrena, kanal nagusiekin eta bigarren mailakoekin. Nahiz eta eremu honek birlandatzeko zailtasun handiagoak dituen, aukeratutako landare espezieak 4 taldetan estratifikatu dira, padura zonaldean izan dezaketen mareen eraginaren arabera.
Ingurumen jarraipena
2009ko amaiera aldetik, Euskal Herriko Itsasertz Mugarteak Natur Baliabide eta Oviedoko Unibertsitateko Lurraldearen Antolamenduaren Institutuarekin lankidetzan (INDUROT) «La Arena hondartzan CLHko instalazioen ingurumen eta pasaia berreskuratze proiektua»-ren exekuzioaren ondoren, sistemaren bilakaeraren jarraipena egiten ari da.
CLH-ren instalazio zaharren berreskuratzeari buruzko zifra batzuk
- 165.000 m2 lur berreskuratuta.
- 4.760 analitika egin dira lurzoruen eta uren deskutsatze prozesuan zehar.
- 5.210 landare (Halimione portulacoides eta Juncus maritimus) eta 1.435.208 hidroereindako hazi dira (Limonium vulgare, Plantago maritima eta Sarcocornia fruticosa) padura eremuan.
- 85.000 landare erabili dira duna sisteman (Ammophlila arenaria, Elymus farctus eta Pancratium maritimum).
- Belarren hidro-ereintza eta 9.467 zuhaitz eta zuhaixka berri lur aldapatsuan aldatuta.
- Oinezkoentzako 1.500 m-ko pasealeku berri bat.
La Arena hondartzaren irudi berria
Abian den eta nabarmentzekoa den beste jarduketa bat osatzen dute La Arena Bizkaiko kostaldeko hondartzarik bisitatuenetakoaren berreskuratze lanek. Bere irudia asko hobetuko da 2016ko udarako.
Obren barruan sartzen dira, besteak beste, asfaltatuta dauden erdiko guneak eraistea, duna sistemaren erregenerazioa eta kilometro inguruko itsas pasealekua egokitzea (gaur egun ez dago). Pasealeku honek lagundu egingo dio dunen gainetik doan bideari atzera egiten, eta antzinako CLHko gune berreskuratuarekin komunikatuko da. Halaber, Pobeña pasealekura ere hurbilduko gaitu, egindako zurezko oinezkoentzako oinzubiari esker, itsasertzetik paraleloan doana.
Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioa finantzatzen ari da 1,5 milioi euro inguruko lanak. Horrek guztiak Euskal eta Kantauriko kostaldeko duna eremu garrantzitsuenetako baten berreskuratzean aurreratzea ahalbidetuko du.