IRAUNKORTASUNA
Pertsonak eta planeta babesteko akordio global bat
Mundua eraldatzen: Garapen Iraunkorrerako 2030 Agenda
Arantza Acha. Euskadiko UNESCO Etxeko zuzendaria
Agenda 2030 garapenaren nazioarteko bidaia-orri berria da, 2015eko irailean Nazio Batuen Batzar Nagusian onartutakoa. Agenda hori izango da planeta osoan giza garapen iraunkorraren aldeko borrokarako tresna 2015. eta 2030. urteen artean. Bere funtsezko oinarriak dira pobreziaren erauzketa, zaurgarritasunen eta desberdintasunen murrizpena eta iraunkortasunaren sustapena.
Lehenengo aldiz historian munduko herrialde guztiak bat datoz eta guztiek dute pobrezia erauzteko, ekitate ezarekin amaitzeko eta planeta babesteko asmoa. Orain dela 70 urte sortu zenetik, Nazio Batuen Erakundea nazioarteko elkarrizketarako gunea da; herrialdeetako mugetatik at dauden gaien inguruko elkarrizketa du xede, koordinazioa, lankidetza eta elkar ulertzean oinarrituta, era eraginkorrean irtenbidea bilatu ahal izateko. Giza garapena beti izan da NBEren arreta puntua, muturreko pobreziaren eta gosearen inguruko arazoetan indar eginez.
Milurteko Adierazpena
2000. urtean herrialde guztiek bat egin zuten «Milurtekoaren Adierazpena»-rekin, eta konpromisoa hartu zuten muturreko pobrezia ezabatzeko eta herrialde pobretuenetako pertsonek garapenerako duten giza eskubidea bermatzeko. Adierazpen hori Milurteko Garapenerako Helburuetan finkatu zen (MGH). Bertan, 15 urteko epea eman zen pobrezia ezabatzeko bere dimentsio anitzetan, hau da, osasunean, hezkuntzan, genero berdintasunean eta natur baliabideen babesean. Egindako ahaleginei esker, lagundu da mila milioi pertsona baino gehiago muturreko pobreziatik ateratzen, gosearen aurka borrokatzen, eta, inoiz baino gehiago, neska gehiago eskolara joan daitezen ahalbidetzen.
Halere, MGHko epea amaitzean, garbi dago lortutako helburuak ez direla nahikoak izango, desberdintasunek sistematikoki irauten baitute. Are gehiago, planetaren mugak kontuan izan gabe lortu dira aurrerapen horiek, eta horrek erakusten du orain dela 15 urte baino ingurumen baldintza okerragoetan gaudela gaur egun. Joera horrekin segitzekotan, egoera irauli ezean, planetaren bizitzak oso narriadura larria jasango du, giza bizitzak barne.
Agenda berria; inklusiboa, unibertsala eta iraunkorra
Horregatik, MGHren epea amaitu baino lehen, munduko herrialdeek Nazio Batuen baitan agenda global berri bat jarri dute abian, anbizio handiagokoa, desberdintasunen eta ingurumenaren narriaduren kausetan zentratuko dena. Agenda hori, Agenda 2030 izenekoa, 2015eko irailaren 25ean sinatu zen eta erreferentzia izango da gizarte guztietan gizarte, ekonomia eta ingurumen iraunkortasunerantz aurrera egiteko. Garapen Iraunkorreko jasotzen diren 17 Helburu eta 169 helmugatan zehar, aldioro ebaluatuko dugu nola egiten duen herrialde bakoitzak apustua eta ea aurrera egiten duen benetan iraunkorra eta inklusiboa den garapen baterantz.
Agenda hori mugarria da nazioartean, izan ere, lehen aldiz bateratu dira pobrezia eta garapen iraunkorra, agerian utzita ez dela posible pobrezia ezabatzea iraunkortasuna kontuan hartu gabe. Bi gaiak lantzen ari ziren Nazio Batuen markoan, baina inoiz ez biak batera. Halaber, eta «ez utzi inor atzean» lelopean, pertsonak jartzen dira erdigunean, ulertuta giza garapena ez dela posible izango giza eskubideak kontuan hartu ezean.
Baina, zalantzarik gabe, Agenda 2030aren aurrerapen handiena agenda partekatua eta unibertsala izatea da . Ezarritako helburuak herrialde eta gizarte guztietarako dira komunak. Azkenean, Nazio Batuek eta gobernuek adostu dute garapen beharrak berdinak direla pertsona guztientzat, haien bizilekua edozein delarik ere. Duintasunez bizi ahal izateko, guztiok behar ditugu osasuna, hezkuntza, etxebizitza, enplegua, energia, berdintasuna, bakea eta ekosistema osasuntsuak; bai gaur egun, bai etorkizuneko belaunaldiei dagokienez ere.
Tokiko begirada munduko agendan
Eta zergatik dira guretzat garrantzitsuak helburu horiek? Zer paper dugu prozesu konplexuetatik jaio eta milaka kilometrotara osatu den agenda horretan? Erantzuna sinplea da, kontuan izanik iraunkortasun hori hainbat eremu eta gaitan zentratzen dela, besteak beste, hirien eta gizakien kokalekuan, ekoizpen eta kontsumo baliabideetan, gizarte inklusiboagoen eta baketsuagoen sustapenean, benetako genero ekitatearen lorpenean eta azpiegitura zein industria inklusibo, iraunkor eta berritzaileen eraikuntzan.
Gure ingurunearekin eta pertsonekin kezkatuta dagoen gizarte batean bizi gara. Eragile ezberdinek rol ezberdinak izango dituzte, baina osagarriak dira adostu ditugun helburuak lortzeko. Erakunde publikoek garapen iraunkorra bermatuko duten politika eraginkorrak abian jartzeko gaitasunak, baliabideak eta erantzukizunak dituzte. Krisi ekonomikoak ahuldu duen arren, neurri handi batean berrikuntzaren aldeko apustua egiten duen enpresa sare bat daukagu. Eta gizarte zibil aktibo eta konprometitua dugu, kontuan hartua izan eta bere garapenean parte hartu nahi duena. Gaitasuna dugu, eta Nazio Batuen Idazkari Nagusia den Ban Ki Moonek dioenez, «gure esku dago, belaunaldi honetan, giza arraza pobreziaren tiraniatik libratzea, baita planeta sendatzea eta orainaldiko zein etorkizuneko belaunaldietarako ongizatea bermatzea ere».
Garapen Iraunkorreko 17 helburu 17 erronkatarako
1. Pobrezia errotik desagerraraztea, modu guztietan eta mundu osoan.
2. Gosea desagerraraztea, elikadura segurtasuna lortzea, nutrizioa hobetzea eta nekazaritza iraunkorra sustatzea.
3. Bizimodu osasuntsua ziurtatzea eta ongizatea sustatzea.
4. Kalitatezko eta bidezko hezkuntza bermatzea eta pertsona guztiek ikasketa iraunkorrerako aukera izan dezaten sustatzea.
5. Genero berdintasuna eta emakume eta neska guztien ahalduntzea lortzea.
6. Pertsona guztientzako ura eta saneamendua eskura izango direla eta modu iraunkorrean kudeatuko direla bermatzea.
7. Pertsona guztiei energia lorgarria, segurua, iraunkorra eta modernoa eskuratzeko aukera bermatzea.
8. Hazkunde ekonomiko iraunkor eta inklusiboa, enplegu oso eta produktiboa zein lan duina sustatzea.
9. Azpiegitura erresilienteak garatzea, industrializazio inklusiboa eta iraunkorra sustatzea eta berrikuntza bultzatzea.
10. Herrialdeetan eta herrialdeen artean desorekak murriztea.
11. Hiriak eta giza kokaguneak barne-biltzaileak, seguruak, erresilienteak eta iraunkorrak izan daitezen lortzea.
12. Kontsumo eta ekoizpen jarraibide iraunkorrak ziurtatzea.
13. Klima aldaketari eta bere eraginei aurre egiteko premiazko neurriak hartzea.
14. Ozeanoak, itsasoak eta itsasoko baliabideak kontserbatzea eta modu iraunkorrean erabiltzea.
15. Lurreko ekosistemak babestea, lehengoratzea eta haien erabilera iraunkorra sustatzea, basoak modu iraunkorrean baliatzea, basamortutzeari aurre egitea, lurraren degradazioa geratzea eta lehengoratzea eta biodibertsitatearen galera geratzea.
16. Gizarte baketsuak eta inklusiboak sustatzea garapen iraunkorrerako, pertsona guztiei justizia izateko bideak erraztea, eta erakunde eraginkor, arduratsu eta inklusiboak eratzea maila guztietan.
17. Garapen iraunkorrerako exekuzio baliabideak indartzea eta munduko aliantza biziberritzea.