BRIKOLAJE EKOLOGIKOA
Bizkaiko Elikagaien Bankuaren erronka berria
Elikagai galkorren bilketa
Testua eta argazkiak: Hondakinen atala – Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko saila
Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bizkaiko Elikagaien Bankuak elikagaien bilketa zabaltzeko lankidetza-hitzarmena sinatu dute, lan-lerro berri bati ekinez: elikagai galkorrak. Hitzarmen horren bidez, foru erakundeak Bizkaiko Hiri Hondakinen inguruko Prebentzio Planak (2010-2016) ezarritako estrategia-lerroak eta helburuak lortzeko bidean aurrera egitea bilatzen du.
Plan hura onartua izan zenetik Bizkaiko Foru Aldundiak abiatutako hondakinen prebentziorako politikak elikagaien zarrastelkeria gelditzeko ekimenak bultzatzeko beharra ezartzen du. Aipatutako planak, merkataritzako saltoki handiek lurraldean sortutako elikagai-hondakinen kopuru osoan duten eragin handia kontuan hartuta, halako establezimenduekin hitzarmenak egitea proposatzen du. Azken batean, saltoki horiek dira –hots, supermerkatuak– elikagaien galera urritu eta, aldi berean, biohondakina murrizteko helburua lortzeko Elikagaien Bankuarekin zuzenean kolaboratzen dutenak.
100.000 euroko inbertsioa dakarren hitzarmen berri honi esker, Aldundiak helburu bikoitza lagunduko du: elikagaien zarrastelkeria gelditzekoa, Bizkaiko pertsona behartsuenen artean banaketa erraztuz; eta sortutako hondakinak murriztekoa. Diru-laguntza bi hozkailu-furgoneta berri eta bi furgoneta egokitu erosteko baliatu da, baita ibilgailu horiek erabilera-gastuak ordaintzeko ere.
Elikagai galkorren bilketa hautatu berria maiatzaren 15ean hasi zen Mercabilbao-n eta Eroski, Simply, El Corte Inglés, Carrefour eta Eurosuper kateetako beste 59 merkataritzako saltokitan. Ekimen honetan 14 pertsonak parte hartzen dute, denak boluntarioak, beren ahaleginaren truke dirurik jasotzen ez dutenak. Horietatik bederatzi lanaldi osoan ari dira, eta beste bost, lanaldi partzialean.
Helburuak eta metodologia
Bizkaiko Elikagaien Bankuko helburuetako bat dohaintzan jasotako produktuen aniztasuna handitzea da: fruituak, barazkiak, haragi- eta arrain-potoak, esneki-potoak, etab. Azken batean, iraungitze-data hurbila izan arren –hori baitzen orain arte halako produktuak baztertzeko arrazoia–, oraindik kontsumitzeko moduan dauden elikagai galkorrak biltzea.
Bilketan parte hartzen duten saltokietan saski handi berezi batzuk kokatuko dira dohaintzarako elikagaiak horien barruan sartu ahal izateko. Era berean, elikagaiak haietatik jasoko dira eta, erositako hozkailu-furgoneten bidez, Elikagaien Bankuak Basaurin duen biltegi nagusiko hozkailura eramanak izango dira. Bertan pisatu, sailkatu, gorde eta birbanatuko dira. Elikagaiak ahalik eta kontu handienaz tratatzen dira, eta sailkatu eta gorde egiten dira, haien kalitatea bermatuz eta osasun-arauak errespetatuz; modu horretan, hartzaileengana kontsumitzeko baldintza egokietan irits daitezen.
Aldian-aldian, elikagai horiek jasotzen dituzten gizarte-erakundeek dagokien saila hartzen dute, Bizkaiko Elikagaien Bankuan dagoen stockaren eta erakundeak laguntzen dituen pertsona-kopuruaren arabera; elikagai galkorren kasuan, banaketa bilketaren hurrengo egunean egin ohi da. Erakundeek, beren aldetik, jasotako dohaintzen erabilera zuzena egingo dutela eta elikagaiak salduko ez dituztelako edo beste norbaiti emango ez dizkietelako konpromisoa hartzen dute.
Bizkaiko Elikagaien Bankua
Elikagaien zarrastelkeriaren aurkako Elkartea – Bizkaiko «Elikagaien Bankua» ongintzazko fundazio pribatua da, independentea, irabazi asmorik gabekoa, onura soziala, ekonomikoa eta humanitarioa helburu dituena eta, Bizkaian zarrastelkeriari eta gizarte-bazterkeriari aurre egiteko asmoz, ongintzazko erakundeen bitartez bestela galdu egingo liratekeen elikagaiak gure inguruko pertsona behartsuenei ematen dizkiena.
Bizkaiko Elikagaien Bankua boluntario talde batek 1995ean eratu zuen eta Eusko Jaurlaritzak «Herri Onurako» erakunde izendatu zuen. Bizkaiko Elikagaien Bankuaren ekintza osoa jasotako elikagaien doakotasunean eta hartzaileen beharrei erantzuten dieten ongintzazko erakundeen bitartez egiten den bidezko banaketan datza. Zeregin hori boluntario-kopuru handi baten lanari esker burutzen da.
Azkenaldian, pobrezia-tasa eta baztertutako taldeen kopurua modu esponentzialean hazi da eta, horren ondorioz, Bizkaiko Elikagaien Bankuak erakundeetatik jasotzen duen elikagai-eskaera ia bikoiztu egin da. Aldi berean, kontsumo-gizarte honetan, aprobetxatu zitezkeen elikagaien deuseztapenaren paradoxa gertatzen da. Eta, nahiz eta elikadurazko produktuen enpresa ekoizleak gero eta kontzienteago diren arazo honetaz, hondakinen kudeaketarako instalazioetara oraindik ere kontsumorako egokiak diren elikagaiak iristen dira.
Zenbait datu interesgarri
Bizkaian biztanle bakoitzak urtean batez beste sortzen dituen 350 kg hondakinetatik, 100 kilotik gora kontainerretan amaitzen duten elikagaiei dagozkie. Familia bakoitzak erosten duen janariaren %10 zaborrontzira botatzen duela kalkulatzen da.
2015eko maiatzetik, hots, Bizkaiko zenbait supermerkatutan elikagai galkorren bilketa-kanpaina abian jarri zenetik, Bizkaiko Elikagaien Bankuak oraindik kontsumorako egokiak diren 75 tona inguru elikagai bildu ditu.
Hondakinen Prebentziorako Europako Astea bezalako ekimenak garrantzi handikoak dira Prebentzio-ekintzen zabalkunderako.
Era berean, herritarren jokaera funtsezkoa da elikagaien zarrastelkeria ekiditea helburu duten hondakinen prebentzio-mota honetan. Nola lor daiteke? Gure menua eta erosketak ondo antolatuz, kopurua egokia prestatuz, janari prestatuaren soberakinak berrerabiliz... Hondakinik onena hondakinik eza da.
informazio gehiago: https://www.bancali-biz.org/www/eu/