LURRA IZENEKO PLANETAN

Basa-bizitzaren bila (VII)

Basamortuko Elefanteak

Testuak eta argazkiak: Andoni Canela

Namibiako Kukeneko basamortuko paisaiak eta Bostwanako Kalaharikoak dira «Basamortuko Elefanteen» agertokia, hau da, liburu bihurtu den «Basa-bizitzaren bila» (Looking for the Wild) atalaren azken kapitulua.

Namibiako ipar-ekialdean, basamortuko elefante-multzo eskasetako bat topa dezakegu, munduko basamorturik zaharrenetako batetik hurbil. Sabanan bizi direnekin alderatuta, pakidermo hauentzat are zailagoa da bizirautea, ehunka kilometro migratu behar baitute, baita ur bila lurzorua zulatu ere. Eta, natura bera nahikoa etsai ez balitz ere, ehizaren mehatxuari ere egin behar diote aurre.

Eskualde huts horretan, Hoarusib, Ganamub, Hoanib eta Jumib erreken inguruan, muturreko lehorte-aldiak gertatzen dira. Inguruko tontor batetik, basamortu malkartsua bistaratzen da. Zuhaitz gutxi batzuek erreka ikusezinaren lerroa markatzen dute, harea eta hautsez osatutako ibilgua. Hementxe, Eskeletoen kostaldearen ondoan, 150 bat basamortuko elefante-ale baino ez dira geratzen. Muturreko egoeretan bizi dira; urik gabe, azken urteotako lehorteen ondorioz, eta lur zakarrean, landaretza eskasarekin.

Nabimia erabat entzungor agertzen da elefanteen egoeraren aurrean. Hauek basamortutik aldenduta bizi izan dira milaka urtez eta parerik gabeko ezaugarriak dauzkate. Horrela, ehunka kilometro egiten dituzte lur-azpiko uraren bila eta erreka lehortuen ibilguetako zuhaitzetatik hartzen dituzte elikagaiak. Elefante populazioa larriki murrizten ari da, aipatutako lehortearen eta legez kanpoko jazarpen zein ehizaren ondorioz.

Horrelako elefante-talde bat dunaz eta mendi malkartsuz inguratuta ikusteko aukerak harrituta uzten du edonor, baina, aldi berean, etorkizun zalantzagarriaren susmoa hartuko zaie euren gorputz argalei, azal zimurrari eta kolore gris-zurixkari.

Namibiako Kunene eskualdeko Elefante hauek populazio bereizgarria dira, zeharo lehorra den inguru batean bizitzera ohituta dagoena. Beste basamortuko elefante-populazio bat baino ez dago mundu osoan: Saharan (Malin), eta 400 bat animalia biltzen ditu. Mehatxupean bizi dira horiek ere.

Hain ekosistema gogorrera egokitzeko beharraren ondorioz, nabarmen eta ugariak dira basamortuko elefantea eta sabana afrikarreko elefante ezaguna ezberdintzen dituzten ezaugarri fisikoak eta jarrerazkoak. Orain dela gutxi arte, basamortuko elefantea bestearen azpi-espezietzat hartzen bazen ere, ikerketa genetiko berriek zalantzan jarri dute teoria hori. Hala eta guztiz ere, ezberdintasunak argiak dira: basamortuko elefanteak sabanakoak bezain handiak dira -arrak lau metro garai izatera hel daitezke-, baina gorputzez ez dira hain sendoak izaten, beren elikadura kantitate eta mantenugaietan txiroagoa izaten delako. Dena dela, hori guztia gorabehera, sei tona baino gehiago pisatzera hel daitezke.

Basamortuko elefanteen bereizgarrietako bat da urtaro-migrazio luzea egiten dutela ur eta janaria dagoen lekuen bila joateko. Horretarako, sabanako senideek baino hanka handiagoak garatu dituzte denboraren poderioz, eta horiei esker ibilbide luzeak egin ditzakete arroka eta hondarrezko lurretatik. Edonola ere, horrek ez die oin-zola zein atzazaletan zauri ugari izatetik babesten, eta horixe izaten da kume eta ale gazte askoren heriotza eragiten duen kausa nagusia.

Jokabidearen beste berezitasun bat da askotan ura lortzeko erabiltzen duten metodologia: lurrean putzu-zuloak egiten dituzte, likido preziatu hori eskuratu ahal izateko. Elefanteek nahiago izaten dute egunero edan, baina, behar izanez gero, zenbait egun igaro ditzakete basamortuan urik gabe. Arrak, aukera dutenean, gai dira eguneko 150 litro baino gehiago edateko.

Janaria eskuratzeko ere estrategia ezberdinez baliatzen dira; esate baterako, atzeko hanketan bermatuta gorputza ahalik eta gehien luzatu egiten dute, ia dantzari jarrera hartzeraino, eta horrela, zuhaitzetako kimu berdeenak hartzera heltzen dira, bost metrotara arte inausita diruditen zuhaitzetan.

Letaginak (egiatan, ebakortzak) hortz espezializatuak dira eta elefantearen bizi osoan zehar hazten jarraitzen dute. Namibiako basamortuan bizi diren elefanterik zaharrenek mende erdia baino gehiago dutela uste da. Baina Hoarusib eta Hoanteko populazioan letaginik gabeko eme asko bizi dira. Emeek letaginik ez izatea bereizgarri hereditarioa da familia-talde horren barruan. Elefante-saldoak talde matriarkalak dira: emerik zaharrenak gidatzen du familia (ahizpak, alabak… baita horien kumeak ere). Beteranoena izanik, matriarkak dauka memoriarik luzeena eta ur-iturrien gaineko ezagutzarik handiena, baita denboraldi bakoitzeko elikagaien eta migrazio-bideen gaineko ezagutzarik handiena ere, familiari bizirauten laguntzeko.

Gizaki eta elefanteen arteko gatazka da, zalantzarik gabe, pakidermo-populazio honentzat mehatxurik handiena. Agintaritzek trofeo-ehiza ahalbidetzen dute eta basamortuko elefante hauen berezitasunak baloratzen ez dituzten politikak sustatzen dituzte. Nabimiako Gobernuaren arabera, 300 basamortuko elefante-ale geratzen dira egun; baina iturri kontserbazionistek, The Conservation Action Trust erakundeak kasu, ziurtatzen dute ziurrenik 100 elefante baino gutxiago dagoela bizirik, horien artean ugaltze-aldian dauden elefante heldu gutxi (18 ale zenbatu dituzte). 2013 eta 2015 urte bitartean soilik, 26 elefante aurkitu dituzte hilik eremu horretan. Horien herena baino gehiago tiroz hil zituzten, printzipioz, kausa ezberdinek eraginda. Larriena zera da, hildako 26 elefante horietatik gehienak ugaltze-adinean zeuden emeak zirela eta, ondorioz, inguru horretako elefante-populazioa hazteko gaitasuna zeharo mugatu egin dela.

Namibia gero eta gehiago sustatzen ari da trofeo-ehiza, herrialdeari diru-sarrera ugari eragiten dizkiolako, eta pakidermo-populazio horri garrantzirik ez ematea erabaki du, herrialdeko sabanako gainerako pakidermoengandik bereizi gabe. Hori dela eta, mesede politikoen truke, ehizarako baimenak ematen dituzte agintaritzek eskualde horietan, ehiza-trofeoen interes ekonomikoa areagotuta. Egoera horrek denbora gutxian desagerrarazi ditzake elefante hauek, parerik gabeko inguru horretara egokituta milaka urtez bizi izan direnak.

Horrela bizirauten dute pakidermoek, mehatxurik mehatxu; gaueko orduetan bereziki aktibo, iluntasunak ezer ikusteko aukerarik uzten ez duen momentuan, eguneko berotik ihes eta basamortuan mugitzeak eragiten duen deshidratazioa saihestuz. Egin ohi duten legez, animalia handi horiek tronpa luzatu eta bizirauteko behar dituzten hosto berdeak bilatzen dituzte zuhaitzetan. Hosto asko izango dira, milaka, eguneko otordua bukatzea lortzen duten arte; izan ere, elefante batek egunean berrehun kilo materia begetal jan baitezake. 

Inguru erabat lehorra

Egunak argitu du. Lehoinabar bat marru egiten entzuten da eta, minutu gutxian, eguzkia agertzen hasi baino lehen, babuino batzuk korrika hasi dira errekaren ertz batetik bestera. Itxaronaldi estua. Lehoinabarra ez da inondik ageri. Baina babuinoak ez dira berriro agertuko, ez behintzat tarte batean. Tximinoek zeharkatu berri duten erreka lehor dago. Urte luze darama horrela. Berez, bada urte osoan ur-tantarik ageri ez den denboraldirik. Gau asko igaro ditut izarren azpian kanpatuta, suaren parean. Muturreko tokiak dira batzuk, eta are muturrekoagoa Namib desertua. Gauza arriskutsuak daude eta, ondoren, Eskeletoen kostaldea. Inguru basatia da hau, benetan. Babesik gabea. Hondar-pista sakonak, bide malkartsuak, arroka zorrotzak, duna erraldoiak, urik gabeko errekak eta haitzarte estuak. Bertatik babuinoen ihesa gisako eszenen lekuko izateko aukera izan dezakegu, muturreko paisaia kontrasteduna behatzeko aukera; Atlantikoaren urdina eta Eskeletoen kostalderaino heltzen den harearen gorria uztartzen dituen paisaia.

Lehoinabarra ez da inondik ageri. Baina, lehen begiratuan ezinezkoa badirudi ere, elefanteekin batera beste animalia batzuk bizi dira basamortuan, aurrera jarraitzeko borrokan: lehoiak, hienak, gazela saltariak, orizeak, ostrukak… baita jirafak ere, zuhaitz eskasetatik kimu samurrak kentzen eta hanka luzangak hondar-dunetan murgilduz paseatzen.

http://www.lookingforthewild.com/