INGURUMENAREN GESTIOA
Udalerrien ekarpenak eta Aalborg+10 konpromisoekin bat-egitea
Tokiko iraunkortasuna Bizkaian
Garbiñe Henry. Deustu Gizarte Berrikuntzako Zuzendaria - Deustuko Unibertsitatea
Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Deustuko Unibertsitatearen arteko BizkaiLab hitzarmenaren baitan, Garapen Iraunkorreko ikerketaren arloan, «Udalen Agenda 21 egitasmoen eta iraunkortasun planen ekarpena eta Bizkaia 21 programarekin zein Aalborg+10 nazioarteko konpromisoekin lerrokatzea» izeneko proiektua sortu da. Era horretan bidea irekitzen da etorkizunean helburu horiek hobeto betetzea indartu eta sustatuko luketen programak edo ekimenak sortzeko.
EAEn, eta zehatzago, Bizkaiko Lurralde Historikoaren eremu guztietan (sozialean, ekonomikoan eta ingurumenekoan), lurralde iraunkorragoa lortzeko proiektuaren markoan, interesgarria da ikerketa bat egitea lurraldeko udalerriak ekosistema iraunkorragoak lortzeko egiten ari diren apustua ezagutzeko.
Horren ondorioz, BizkaiLab ekimenaren markoan sortu da ikerketa hori, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Deustuko unibertsitatearen arteko lankidetza esperientzia berritzaile bilakatzeko asmoz. Izan ere, errealitate konplexuan sortutako arazoei erantzunak bilatzeak lankidetza eta baterako sorkuntzaren garapena eskatzen ditu era ezberdinetako eragileen artean.Ikerketa Deustu Gizarte Berrikuntza unitatetik egin da eta helburua izan da Bizkaia 21 Programaren barruan dauden iraunkortasun planen eta Tokiko Agenda 21 zein iraunkortasunaren aldeko Aalborg+10 konpromisoen arteko harreman maila ebaluatzea. Agenda 21 horiez gain, eskura dauden ondoko udal plangintzak ere aztertu dira udalerri bakoitzean: Energia Berriztagarrien Ekintza Plana, Klima Aldaketaren aurkako Borroka Plana, Mugikortasun Iraunkorraren Plana eta Gizon eta Emakumeen arteko Berdintasun Plana.
Udalen jarduketa eta autonomia gaitasuna oinarri hartuta, proiektu hau plan horien azterketan zentratu da, baina 5.000 biztanletik gorako udalerrietan soilik.
Udalerri bakoitzaren konpromisoaren argazkia iraunkortasunarekiko
Ikerketaren helburua izan da azterketaren xede diren 35 udalerrien iraunkortasuneranzko egungo konpromisoaren argazkia egitea, ekintza plan horien lerro estrategiko, programa eta ekintzen azterketa kualitatiboaren bidez; baita udal aurrekontuen azterketa kuantitatiboaren bidez ere, udalerri bakoitzak iraunkortasunari begira garatzen dituen aipatutako ekintza horietan egiten duen gastu errealaren irudi adierazgarriagoa emateko.
Ikerketa honen bidez, udal eta lurralde eremuan Aalborg+10 Konpromisoek ordezkatzen duten arlo bakoitzaren garrantziaren ulermena ahalbidetzen da, bai xede horri begirako ekintzen batuketan, bai aurrekontu mailan ere. Helburu nagusia da jasotako informazio osoa Bizkaiko Foru Aldundiaren esku jartzea, udalerri ezberdinetan iraunkortasunarekiko konpromisoari buruz sumatutako ezberdintasun eta antzekotasunen panorama osatuz, etorkizunari begira ekintza zehatzak eta programak egitea ahalbidetzeko.
Gainera, proiektu honen xedea da gaur egun udalerrietan iraunkortasun eremuan egiten ari diren jardunbideei balioa ematea eta, era berean, kontzientzia hedatzea egungo lerroetan intentsitate handiagoz lanean jarraitzeak duen garrantziaz, estrategia berriei ekinez ezarritako helburuak betetzen laguntzeko.
Horrela, ikerketan ahalegin berezia egin da udal ekintza estrategiko bakoitzean inplizituki duten iraunkortasun osagaia erakusteko, ikuspegi baikorra erakusteko xedez, udalerriak ahaldundu daitezen beren bidean ekonomia, gizarte eta ingurumen iraunkorraren garapenerantz.
Berdintasun eta Gizarte Justizia konpromisoa nabarmentzen da
89 iraunkortasun plan aztertu dira guztira. Aztertu diren 35 udalerriek Tokiko Agenda 21 dute, hau izanik, beraz, planik hedatuena eta onartuena bide-orri gisa. Berdintasun Planak dira ezarpen handiena duten bigarren programa mota, eta hirugarren lekuan Mugikortasun Iraunkorreko Planak daude. 13 udalerri dira mugikortasun iraunkorreko planak dituztenak, nahiz eta kasu batzuetan mankomunitateak garatutakoa aplikatzen duten.
Azterketa xedeko 35 udalerrietan 7.231 ekintza aztertu da guztira iraunkortasun planetan. Nabarmentzekoa da ekintzen %49,32 Agenda 21-en baitakoak direla, eta bigarren lekuan, %35,50 Berdintasun Planekoak.
Konpromisoei dagokienez, 9. konpromisoa nabarmentzen da, Berdintasuna eta Gizarte Justizia, ekintza guztien %22,62; ondoren 1. konpromisoa, Gobernu Erak %18,70ekin. Aipatutako konpromisoak betetzeko iraunkortasun ekintzen ehunekorik txikienak ondoko hauek dituzte: 10. konpromisoa, Tokikotik globalera, %1,16; 5. konpromisoa, Plangintza eta hirigintza diseinua, %6,51; eta azkenik, 2.a, Udal kudeaketa iraunkortasunerantz, %6,82.
Laburbilduz, esan genezake Bizkaiko udalerriek asko laguntzen dutela komunitate integratzaile eta solidarioak bermatzen, iraunkortasun planen bidez (9. konpromisoa). Era berean, demokrazia parte-hartzailea erabiliz, erabakiak hartzeko prozedurak sustatzen dituzte (1. konpromisoa).
Fitxategi hauek kontsultatzeko Adobe Reader dohainiko programa behar duzu, erabili esteka deskargatzeko.