GURE INGURUNEA

LIFE LUTREOLA SPAIN proiektua

Helburua: bisoi europarra iraungitzeko arriskutik salbatzea

LIFE LUTREOLA SPAIN/LIFE13 NAT/ES/001171 proiektua, «Espainian bisoi europarra mantentzeko ikuspegi berriak», 2014 eta 2018 urteen artean garatuko da eta helburu nagusia bisoi europarraren egoera hobetzea da. Horretarako, bisoi-populazioaren eta horien aurkaria den bisoi amerikarraren jarraipenerako sare bat ezarriko da; aldi berean, azken hori desagerrarazteko saiakerak burutuko dira.

Proiektua Europar Batzordeak finantzatu du %75ean, LIFE+ programaren baitan. Bizkaiko Foru Aldundiak eta beste instituzio eta elkarte batzuek parte hartu dute, hala nola Araba eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gasteizko Udala, Errioxako Gobernua, Aragoiko Gobernua, Generalitat Valenciana, Tragsatec, Senda Viva Natur Parkea eta Bisoi Europarraren Elkartea.

Helburu nagusia betetzeko, proiektu honek zera planteatzen du:

Proiektuaren lehenengo fasea 2014ko udazkenean burutu zen. Ezarritako protokolo baten bidez garatu zen entsegua, Bizkaia, Araba, Gipuzkoa, Errioxa eta Aragoiko zortzi errekatan: Horietako lautan bisoi europarraren presentzia dago (Leitzaran, Ebro, Oja-Tiron eta Iregua) eta beste lautan bisoi amerikarrarena (Butroe, Zadorra, Najerilla eta Jalon).

Erreken hegaletan bizirik harrapatzeko dauden tranpen erabilera konparatu zen (azken 20 urteetan erabilitako metodoa) ur gaineko plataformen bidezko tranpekin (Erresuma Batuan garatutako teknika berria). Azken metodo hori honetan datza: errekako ur gainean flotatzen duen plataforma bat jartzen da eta gainean buztinez estalitako erretilu bat, egurrezko kutxa batek babestuta. Bertan bisoiek oinatzak uzten dituzte. Egun batzuetan plataformak errebisatu eta harrapatzeko tranpak jartzen dira, baina bakarrik oinatzak utzi dituzten plataformetan eta horien ondo-ondoan daudenetan. Gainera, aldi berean jarraipenerako hirugarren metodo bat aplikatzen da, fototranpeoa, informazio osagarria lortzeko helburuarekin.

Emaitza izan da ur gaineko plataformak eraginkorragoak izan direla, bisoi amerikarrak antzeman eta harrapatzeko. Gainera, plataforma bidez harrapatu ziren bisoi amerikarren batez besteko kopurua ertzetako betiko tranpen bidez harrapatu zirenena baino zazpi aldiz handiagoa izan zen. Proba egin bitartean 168 bisoi amerikar harrapatu ziren (138 plataformetan eta 30 ertzetako tranpen bidez). Bizkaian, Butroe ibaiaren arroan 39 bisoi amerikar harrapatu ziren, eta europar bat ere ez.

Lehenengo proba horretatik aterako ondorio nagusia, harrapatzeko metodoak probatzeaz gain, bisoi europarraren egoera kritikoaren konfirmazioa izan da, eta horrekin batera, bisoi amerikarra aurreikuspenen gainetik hedatzen ari dela. Orain arte bisoi europarraren zabalkunde eremuan eta mugetan tranpekin egindako esfortzu handiarekin ez dugu lortu bisoi amerikarraren zabalkundea mugatzerik. Seguru aski dentsitateak, azken horren zabalkundea eta batez ere, eremu berriak kolonizatzeko gaitasuna ez dira behar beste baloratu.

Argia dago tunelaren amaieran

Datuek emandako egoera larriaren aurrean, bisoi amerikarra erradikatzeko ekintzak aurreratu egin dira, LIFE LUTREOLA SPAIN proiektuaren barruan. Horrela izanik, lehentasuna eman zaio arro guztietan tranpekin jarraitzeari, eta kasu batzuetan, hala nola Bizkaian, bisoi amerikarra erradikatzeko lana ere handitu da. Horrela, 2015eko negu-udaberrian lehenengo fasea burutu zen eskala handian; ondoren, 2015eko udazkenean eta 2016ko negu-udaberrian jarraitu da horrekin. Kasu honetan plataformak soilik erabiltzen dira eta oinatzak antzemateko aldiak tranpekin ordezkatu dira.

Bisoi amerikarren populazioa aurreikusitakoa baino handigoa izatea datu kezkagarria da, baina horien aurka egiteko metodo eraginkor bat dagoela jakiteak animatu egin behar gaitu; gainera, emaitzak ikusten hasi gara. Hala ere, espezie inbaditzaile bat erradikatzeko lana konplexua da, eta hainbat faktore sartzen dira tartean. Ez da nahikoa metodo eraginkor bat izatea. eskala geografiko egoki batean garatzeko lan-plan bat diseinatu behar da, bisoi europarraren kontserbazioan inplikatutako eragileen parte-hartze koordinatua eta baliabide nahikoak (giza baliabideak zein ekonomikoak) izan. Bisoi amerikarra gutxiengo mailetan mantendu ahal izango da baina pertseberantzia handia izan beharko dugu guztiz erradikatzea lortzeko.

Oraingoz, bisoi amerikarrak espero genuena baino eremu handiagoa hartu du; Kantauriko hainbat arro eta Ebro ibaiarena ere hartu ditu. Lehenengo tranpekin eremu batzuetako dentsitatea murriztu dugu, baina LIFE LUTREOLA SPAIN proiektuaren lehenengo fasean gaude oraindik, eta asko dago egiteko. Bizkaiko erreketen bisoi amerikarrak murrizten jarraitzea funtsezkoa da gure bisoi europarra babesteko. LIFE proiektuak proposatutako irizpideak betetzen jarraituz gero, etorkizunean beste ekintza batzuk aztertuko ditugu, hala nola gatibu hazitako bisoi europarrak sartzea. 

____________

1 Icarus, Ingurumen arloko ikerketak.
2 Natur Ondarearen Zerbitzua. Bizkaiko Foru Aldundiaren Iraunkortasun eta Natur Ingurunearen Saila.

 

Bisoi europarra bizkaian: egoera kritikoa

Europako ugaztunen artean mehatxurik handiena jasaten ari dena da; bisoi europarren (Mustela lutreola, Linnaeus, 1761) bi populazio txiki baino ez dira gelditzen: bata hego-mendebaldean (Euskadi, Akitania…), eta bestea Danubio ibaiaren deltan (Errumania eta Ukraina). Baliteke Errusiako lekuren baten ere egotea, baina ez gaude ziur. Beraz, bisoi europarra Mehatxupean dauden Espezieen Euskal Katalogoan dago, «desagertzeko arriskuan» daudenen artean. Bizkaiko Foru Aldundiak Kudeaketa Plan bat onartu zuen horren inguruan, 2006an.

Gaur egun, bisoi europarraren egoera dramatikoa da Bizkaian. Azken urteetan asko jaitsi da, batez ere bi arrazoirengatik; (1) habitata hondatzen ari dela, batez ere erreken arroetan egiten diren obren eraginez, eta (2) espezie exotiko inbaditzailearen zabalkunde azkarra, bisoi amerikarra (Neovison vison, Schreber, 1777) europarra baztertuz eta ordezkatuz joan dena.

Bizkaiko Foru Aldundia urtero garatzen ari da plan bat, 2007tik, espezie inbaditzailea kontrolatzeko. Era berean, Kudeaketa Planak baimen eta txosten erregimen bat ezarri du bisoiaren habitataren ezaugarriak ez aldatzeko, hau da, erreken ekologia. Izan ere, Foru Aldundiaren ahaleginen zati handi bat Plana aplikatzera bideratuta dago, erreken inguruari eragin ahal dioten obren baimen edo ezeztatzearen mende. Kasu gehienetan beharrezko prebentzio neurriak edo neurri zuzentzaileak ezarriko dira, habitataren degradazioa murrizteko, bereziki Interes Bereziko Eremuetan (haltzadia konpondu eta landatzea, landare inbaditzaileak kentzea, eraikuntzak iragazkortzea). Era berean, mehatxatutako espezie edo eremu babestuen inguruan egindako salaketen %40 bisoi europarraren interes-guneko gertaerei dagozkie.