LURRA IZENEKO PLANETAN
Ozeano Barearen handitasunean galdutako mundua
Galapagoak
Testua eta argazkiak: Manu Ocen
Historiaurreko itxura duten dortoka erraldoiak, iguanak, txontak eta beste zenbait animalia berdingabe gizakiarekin elkarbizitzan. Hori guztia denboran ahaztutako lurralde liluragarri batean. Animalien hurbiltasunak eta haienganako errespetu ageriak esperientzia ahaztezina biziaraziko diote bisitariari.
Gizadiaren aurkikuntza handietako asko kasualitatez gertatu dira eta, zentzu horretan, Galapagoak ez dira salbuespena. 1535eko martxoaren 14an, Anaia Tomas de Berlangak, Panamako apezpikuak, Carlos V. enperadorearen misio batean zegoen El Callaoko portura bidean, ustekabean ezarritako ibilbidetik desbideratu zen arte. Haize faltak itsasontzia geldiarazi zuen eta garai hartan ezezaguna zen Humboldt korronteak noraezean eraman zuen. Horrela, nahi gabe bere helmugatik urrunduz, itxura harrigarriko uharte batzuetara heldu zen. Beranduago idatzi zuen txostenean, zehaztasunez deskribatu zuen lehendabiziko aldiz bertan topatu zuen fauna bitxia; dortoka erraldoiak, iguanak eta hegaztien aparteko otzantasuna.
Anaia Tomas de Berlanga ez zen ibilbidetik urrundu zen bakarra izan, Espainiako nabigatzaile ugarik patu bera izan baitzuten. Garai hartako kontakizunen arabera, uharteak aztikeriaz bezala agertu eta desagertzen zirela zirudien, nabigazioa zailtzen zuten korronte gogorrak eraginda. Gainera, uhartedia inguratzen zuen lainoak ukitu ia magikoa ematen zion, itsasontzia ez eta irlak beraiek mugitzen ziren inpresioa ematen zuelarik. Horregatik eman zitzaien «Irla Sorginduak» izena, gaur egun ere erabiltzen dena.
Ondoren etorri ziren hirurehun urteetan pirata ingeles eta amerikarren babesleku, eragiketa-zentro eta hornikuntza- gune bilakatu zen uhartedia. Beranduago, foka eta balea ehiztariak heldu ziren kostaldera, eta hauek bizigaiak hornitzeko base gisa erabili zituzten irlak. Han bizi ziren dortoka erraldoiek (apoarmatua, galapagoa) ematen diote izena uhartediari. Denboraldi luzeak ur eta elikagairik gabe bizirauteko gaitasunari esker, animalia hauek tristeki ospetsu egin ziren eta, zoritxarrez, sarraskia izugarriak jasan zituzten, han ainguratzen zuten ontzietako bodegetan ohiko karga izan ohi ziren eta.
Darwin eta Galapagoak
Kontakizun eta kondaira asko daude leku ezagun honen inguruan, baina ez zen benetan istorio garrantzitsurik sortu 1835eko irailaren 15ean HMS Beagle bergantina heldu zen arte, Robert Fitzroy kapitain zuela. Mundu osoko lekurik zokoratuenen kartografia eta informazioa jasotzea zen bere misioa. Horretarako, Charles Darwin gaztearen ezin estimatuzko laguntza zeukan. Bost aste baino ez ziren egon uhartedian, baina egonaldi labur hartan zientzialari ingelesak jasotako oharrak nahikoa izan ziren 25 urte geroago «Espezieen jatorria» liburua sortzeko abiapuntua ezartzeko. Argitalpen hori sintesi ebolutibo modernoaren funtsezko parte da eta erakusten digu Darwinen aurkikuntza zientifikoak ikerlan ugariren oinarria izaten jarraitzen dutela oraindik ere. Lau uharte baino ezin izan zituzten bisitatu, baina horietako lehenengoan lur hartu zuen unean bertan konturatu zen leku hura ezagun zuen ororen ezberdina zela erabat.
Fauna eta flora berdingabeak
Kontinentetik urrun dago, jatorri bolkanikoa du eta bereziki hiru korronte ozeanikok baldintzatzen dute bertako klima; Humboldt hotzak, «Haurra» («el Niño») beroak eta Cromwell korronteak. Horrek guztiak berebiziko eragin garrantzitsua izan du kostalde horretara heldu ziren animalia eta landareengan. Baina, dakigunez, «naturak bere bidea egiten du» eta, milaka urtez biziraun eta inguruari egokitu ondoren, kolono berriek bilakaera berezia izan zuten.
Uhartedi hau mundu osoan (zientzia zein turismo aldetik) erakargarri izateko arrazoia, neurri handi batean, bertan bizi den fauna behatzeko erraztasun harrigarria izan da, batez ere, harrapari ezari esker posible dena. Metro eta erdi luze diren eta 250k pisatzen duten dortoka erraldoiak, 150 urte baino gehiagoz bizi direnak; itsasoko bizitzara egokitutako iguana handiak; lurreko iguana ikusgarriak, kafe koloretik hori bizira bitarteko azal ezkatatsua dutenak; ekuatore lerroan bertan bizitzera egokitu diren pinguino txikiak; Darwinen txontak, espeziazio eta eboluzio egokigarriaren ikerketetan eredu ikonikoak; hanka urdindun zanga atseginak eta ubarroi apteroak. Bertan topa dezakegun faunaren dibertsitate ikusgarriaren lagin txikia baino ez dira. Honakoak ere aipatzekoak dira: albatros izurtua, itsas otsoen espezie bi, koartza beltzak, huaque-ak, laba-sugandila, kukubeak, hontzak, fragatak, isats adarkatudun kaioak, eta endemikoen abar luze bat.
Florari dagokionez, 560 espezie inguruk estaltzen dute lurzoru bolkanikoa (horien herena endemikoak), guzti-guztiak uharteen bilakaera biologikoaren adibide garbia. Besteak beste, honakoak aipa daitezke: eskalesia baso ikusgarriak, palo santo eremu zabalak, laba-kaktoak, mikoniak, guayabilloak, etab.
Gainera, munduko Itsas Erreserba handienetakoa dago eta, bertan, ekosistema tropikalak, azpi-antarktikoak eta itsas azaleratzeen ohiz kanpoko fusio ikusgarriak nabarmentzen dira, horrek dakarren fauna aberats eta anitzarekin batera.
Espero dugu turismoaren gorakada esponentzialak eta populazioaren hazkundeak (baliabide naturaletan presio gogorra egiten du) ez dutela Galapagoen kontserbazioa arriskuan jarriko. «Galapago Probintziaren Kontserbazio eta Garapen Iraunkorrerako Erregimen Bereziko Lege» berriaren sorrerarekin eta Lege horren aplikazio orokorrerako araudiaren sinatzearekin mehatxu gehienak eten egingo direla aurreikusten da. Gaur egun, munduko laborategi natural handiena da uhartedia eta, izaki bizidun ororen ongizatea helburu, espero dugu horrela izaten jarraituko duela urte luzez.
Munduko eremu natural garrantzitsuenetako bat
Galapago uhartedia (ofizialki Kolonen Uhartedia) ekuatorea markatzen duen lerroak bereizita dago, amerikar kontinentetik 960 bat kilometro mendebaldera, sartaldeko Ozeano Barean. 13 uharte handi bolkanikok, 6 irla txikiagok eta 107 harkaitz zein uhartetxok osatzen dute.
Arlo administratiboan, 1832ko otsailaren 12an Galapagoak Ekuadorri erantsi zitzaizkion eta, 1973ko otsailaren 18an probintzia izaera hartu zuten. Hiriburua Puerto Baquerizo Moreno da, San Cristobal uhartean.
Uhartediaren lur-azaleraren %97 inguru Parke Nazionala da, eta 1979an Gizateriaren Ondare Natural izendatu zuten UNESCOren estatu-kideek. Izendapen hark munduko eremu natural garrantzitsuenetako baten aitortza ematen die Galapagoei eta gizateriaren herentzia natural berdingabe gisa kontserbatuak izateko beharra azpimarratzen du.
Gainerako %3 eremu kolonizatua da eta hiri zein landa eremuek osatzen dute, lau irlatan bananduta dagoelarik: Floreana, 150 biztanle inguruko populazioa duena; Isabela, 2.200 biztanletik gora erregistratuta; San Cristobal, 7.500 biztanle inguru dituena; eta Santa Cruz, 15.300 biztanle ingurukoa.