INGURUMEN OSASUNA

Hiri irisgarritasunerako herri-partaidetza

Hiri Lagunkoiak pertsona guztientzat

Ekimen honen bitartez Herritarren Kontzientzia piztu nahi da Hiriko Irisgarritasunaren inguruan. Nerabeek, aniztasun funtzionala duten pertsonek lagunduta, beren ingurunea mapatuko dute (eta OpenStreetMap software librerako plataforman partekatu). Ondoren, irisgarritasun txosten baten bitartez, ingurune hori hobetzeko proposamenak aurkeztuko dituzte komunitatean.

Hiri Lagunkoiak pertsona guztientzat proiektua diziplinarteko ekimena da, gizarte, hezkuntza eta udal arloetako erakunde ezberdinekin lankidetzan burutua. Helburua da hiriko irisgarritasunaren arloan herritarren kontzientzia eta parte-hartzea sustatzea.

Nerabeak dira prozesuaren fase guztietako protagonista eta mugikortasunari lotutako urritasuna duten kolektiboekin lankidetza estuan burutu dute proiektua, herritarren parte-hartzetik baztertuta geratu ohi diren kolektiboak baitira biak.

Ikasketa eta Zerbitzu Solidarioaren (AySS) metodologiaren bitartez, kolektibo biek bizipenen bidez ikasteko aukerak eraikitzen dira (mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonei lotutako hiri-oztopoak diagnostikatu eta erregistratuta), eta komunitatearen zerbitzura dauden produktuak sortzen dira (datuak erregistratuz, irisgarritasun eta ibilbide lagunkoiei buruzko txostenak sortuz, proposamenak jasoz). Horretarako, OpenStreetMap (OSM) plataforma irekia erabiltzen da eta komunitatean zabaltzen dira, pertsona guztiei erronka honen konponbidean parte har dezaten gonbidapena luzatzeko.

Laburbilduz, gazteen zein mugikortasun urritasuna duten pertsonen bokazio soziala sustatzen da, baita komunitateko kide izatearen sentimendua ere, eta, era berean, esangura sozial partekatuaren sorkuntza eta hedapenean elkarrekikotasunez parte-hartzea bultzatzen da.

Metodologia

Metodologiak gogoeta-ekintza prozesuak sistematizatzen ditu, fase ezberdinetan:

Proiektu honetan nahasitako pertsona guztiek lankidetzan oinarrituta parte hartzen eta ikasten dute. Hortaz, guztiek «eman» eta «jasotzen» dute zerbitzu bat, ekimen honen helburua baita gizarteari ekarpena egitea, aldi berean eskubide eta betebehar gisa ulertuta. Ekarpen horren bitartez, Herritarren Konpromisoa eta Ahalduntzea sustatzen da gizarte, hezkuntza eta lan arloetan. Era berean, herritarrak dira proiektu honen emaitzen hartzaileak, hala zuzenean nola zeharka. Kontuan izan behar dugu aniztasun funtzionala duten pertsonez gain, irisgarritasun arazoek beste askoren egunerokotasuna ere baldintzatzen dute; izan ere, seme-alaba txikiak dauzkaten familiek, lesioak dituzten kirolariek edo adineko pertsonek ere izaten dituzte zailtasunak oztopo horien ondorioz.

Azkenik, OpenStreetMap tresnak onura ugari eskaintzen dizkie herritar guztiei. Informazioa ikusarazteko prozesua errazteaz eta «ibilbide lagunkoiak» eskaintzeaz gain, datu horiek beste helburu batzuetarako erabili ditzakete herritarrek (bide segurtasuna hobetu, garapen ereduak ikertu, etab.).

Parte-hartzaileak

Hiri Lagunkoiak pertsona guztientzat ekimena 2012 urtean jaio zen eta gero eta indar handiagoa hartzen ari da. Zerbikas (Ikasketa eta Zerbitzu Solidarioa Euskadin) Fundazioa sustatuta, arlo ezberdinetako elkarteek parte hartzen dute: Deustuko Unibertsitatea, EDISPe, Deustotech-Energy eta INNOVA ikerketa taldeek; FEKOOR eta IGO urritasun fisiko arloko erakundeek; eta Euskal Autonomia Erkidegoko zenbait Udal eta institutuk.

Probak egin dira Portugaleten, Sopelan, Zumaian, Erandion eta Bilbon, eta proiektua bere osotasunean ezarri da Portugaleteko Santa Maria Ikastetxean. Halaber, CIFP Tartanga LHII eta Madre de Dios Ikastetxean sentsibilizazio ekintzak burutu dira, baita OSMren mapatze eta edizio lanak ere. Bestalde, 2016 urtean zehar, hezkuntza-material ezberdinak garatzen ari dira institutu parte-hartzaileei eskaintzeko, eta parte hartzeko interesa duten horiei babesa eskaintzen ari zaie proiektuari lotutako curriculum-edukiak garatzeko. Halaber, berebiziko garrantzia du gida praktikoak sortzeak, proiektuaren autonomia eta eskalagarritasun handiagoa ahalbidetze aldera; hori guztia nazioarteko proiekzioarekin.

Aitortzak

Ekimen honek Portugaleteko Udalaren babesa dauka 2014 urtetik, Boluntariotza Sustatzeko Laguntzaren esparruan. Era berean, ikuspegi inklusiboa aitortza gisa, proiektuak 2015eko FEKOOR Saria jaso du, IRISGARRITASUNaren kategorian. Gainera, Deustuko Unibertsitatearen eta Eusko Jaurlaritzaren doktoretza-aurreko bekak eskuratu ditu, industria modalitatean proiektuari lotutako tesi 2 egitera bideratuta (inguruneari dagokionez). Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioak (FECYT), bere aldetik, «Hiri Lagunkoiak Guztiontzat: herritarren zientzia, hiriko irisgarritasuna aztertzeko» proiektu lehiakorra finantzatu du 2016 urtean.

Laburbilduz, komunitate-arteko ekimenak eraikitzeko aukera (eta beharra) aldarrikatzea ahalbidetzen dute aitortza horiek, erronka sozialari aurre egite aldera eta, aldi berean, gazteen bokazio zientifiko eta solidarioak sustatze aldera. 

Informazio gehiago eta harremanetarako, hemen: www.ciudadesamigables.org

AySS metodologia: Inklusioa eta Berrikuntza

Ikaskuntza eta Zerbitzu Solidarioa (AySS) horrela definitu daiteke: «proiektu berean, ikasketa eta komunitatearentzako zerbitzua uztartzen dituen proposamen hezitzailea da». «Gizarte arloan erabilgarria den hezkuntza proiektu» honek dimentsio ugari dituenez, tresna ezin hobea da Gizartean zein Hezkuntzan BERRIKUNTZA sustatzeko. Izan ere, AySS metodologia gizarteratzea bultzatzeko estrategia da aldi berean; izan ere, bizitzan zehar Ikasteko estrategia bat da.

PDFFitxategi hauek kontsultatzeko Adobe Reader dohainiko programa behar duzu, erabili esteka deskargatzeko.