TXANGOAK

Ibilbidea bere itsas eta kultur ondarean zehar

Lekeitio, itsasoaren kulturan sustraitua

Eva Benito

Atyla ontzi eskola (Lekeition uretaratu zen 1984an), Bilboko Itsas Museoaren ondoan. Ardoaren eta Arrainaren Bideko buru (Bermeo eta Ondarroarekin batera), oso erabilia izan zen XV. mendetik XVIII.aren hasiera arte (nahiz eta XX.aren hasiera arte iraun); Lekeitioren historia 1325ean hasi zen, Hiribildu izaera ematen zion hiri-gutuna eman zitzaionean. Nolanahi ere, bere sustraiak Kristo aurreko 30.000 urteetan errotzen dira, Goi Paleolitoan, Lumentza kobazuloan aurkitutako aztarnen arabera. Erromatarren garaiko aztarnak ere aurkitu dira (Kristo ondoko I. eta V. mende artekoak) Santa Katalinako aztarnategian.

Gaur egun, Mesetarekin lotura egiten zuen merkataritza Bide garrantzitsu hori, Euskadi iparretik hegoraino zeharkatzen duena (166 km), Ibilbide Turistiko eta Kultural bihurtu da, baita Ibilbide Luze ere (GR38), bertatik garraiatzen ziren salgaien usain gozoa gogorarazi nahian.

Gurdizainak Lekeitioko portutik Kantabriako Mendilerroaren oinarrirantz abiatzen ziren, Urkiolako eremu harritsuetatik paseaz, mandoak arrain freskoaz edo gazituaz kargatuta. Eta itzulerako bidaian beren gurdiak gariz, gatzez, ozpinez eta ardoz betetzen zituzten.

Ibilbidearen hasiera

Gure ibilbidea Larrotegiko heziketa eta kirol inguruan hasiko da, autobus zerbitzu publikoaren geltokia dagoen lekuan.

Alde zaharrerantz abiatuko gara Atea kalean barrena eta, Arteita Dorrearen (XVIII. m.) ondotik pasatu orduko, Dendari kalean sartuko gara, bere kale estuek duten zapore hori dastatzen hasteko. Errenazimendu garaiko Turpin Dorreak (XVI. m.), Uriarte jauregiak (XVII. m.) eta Domingotarren Komentuak (XVI. m.) ibilbidean zehar lagunduko gaituzte, Santa Mariako Basilika gotiko bikainera (XVI. m.) iritsi eta aurrez aurre portua eta Isuntzako hondartza aurkitu arte. Une horretan Turismo Bulegora gerturatzea aholkatzen dugu, Independentzia plazan, Udaletxearen behealdean.

Erriberako ontziolak

Informazioz beterik Mendexarantz joko dugu, hondartzaren parez pare doan pasealekutik, Lea ibaia itsasoratzen den tokirantz. Han Marierrota bisita dezakegu. Isuntzako zubia pasatu eta bere eskuinerantz abiatzen den bide bat hartuz iritsiko gara bertara. Euskadin museo bihurtu den lehen marea errota da, Lea ibaiaren biodibertsitatearen interpretazio gunea hain zuzen.

Itzultzean zubitik itsasora begira dezakegu. Gure ezkerretara Mendieta Ontziola ikusiko dugu (1885ean eraikia eta Euskadin gordetzen den erribera ontziolarik onena, nahiz eta gaur egun egoera penagarrian egon), eta aurrez aurre Garraitzeko irla, antzina hainbat gerratan gotorleku izan zena eta gaur egun oraindik frantziskotarren XVII. mendeko komentu baten aztarnak dituena. Natur eta ondare baliabide garrantzitsua da irla, eta itsasbehera dagoenean oinez joan daiteke bertara.

Eskuinalderantz begiratuz gero, bertan Karraspio Txiki hondartza ikusiko dugu (itsasbehera dagoenean soilik) eta bueltan Karraspioko hondartza. Aldiz, gure begirada atzerantz zuzenduz gero, ibaian gora, gure eskuinaldean Egiguren Atxurrako ontziola zaharra ikusiko dugu (Marierrotaren aurrean, 1917an eraikia baina oso eraldatua, eta gaur egun jarduerarik gabekoa), eta apur bat gorago, Zubietako jauregitik (XVIII. m.) gertu, Murelaga ontziola (1950ean sortua eta gaur egun jardunean), ibaiaren meandroan bertan.

Lea ibaiaren ertzetan itsasertzeko ontzi eta txalupak egiten zituzten erriberako aroztegi tradizionalen testigantza materialak gorde dituzten udalerri bakarrak Lekeitio eta Mendexa dira. Hain zuzen, Atyla ontzi eskola, bi mastadun goleta klasikoa, Bilbora aurtengo apirilean iritsi zena eta Itsas Museoaren ondoan maiatzaren 3ra bitartean amarratuta egon dena, Lekeition uretaratu zen 1984an, erriberako Egiguren eta Atxurra ontziolan egina izan ondoren.

Historiadun eraikinak

Porturako itzuleran Sosoagako Dolarean geratuko gara, txakolina prentsatzeko ontzien artetik Euskadin gordetzen den zaharrena, eta ibiltzen goazen Santa Elenako Hiribidean bertan dagoena, Pasealekuaren erdi aldera.

Gure ibilbideak alde zaharretik jarraitzen du, oraingoan portuko kanpoaldeko kai muturrerantz (Tala) eta San Joaneko gotorleku-ermitarantz. Arranegi kalean barrena joatea gomendatzen da, alde zaharreko arima. Bertatik garai historiko ezberdinetako hainbat adibide ikusi ahal izango dugu: Oxangoiti jauregia (XVII. m.), ate bikaina eta teilatu hegalak orbelez landuak dituena; antzinako harresi-suhesiaren zati bat (XV. m.); Uribarriko jauregi etxea (XVII. m.); Maguregi dorrea (XVII. m.); Upaetxea jauregi egoitza (XVII. m.), estilo neoklasikoko ezkutu, teilatu hegal eta balkoi landuengatik ezaguna; antzinako Arrantzale Kofradia, XIX. mende hasierako eraikin monumental neoklasikoa; eta Leniz Dorrea (XVII. m.).

Talatik izango ditugun ikuspegiez gozatu ondoren, Santa Katalinako itsasargiraino ibiltzea proposatzen dizuegu, Euskadin bisitatu daitekeen bakarra; oraindik jardunean dago eta Nabigazio Teknologiaren Interpretazio Gune bat du.

Lumentza, badiaren balkoi-begiratokia

Herrirako itzuleran, errepaso modura azken aukera proposatzen dizuegu, erabat ezberdina (40’/1,5 km): herriaren antzinako harresien aztarnetatik Lumentza kareharrizko mendira (Kalbario mendia) igotzea, 115 metrokoa, arte eta ereinotzezko baso mediterraneo zeharkaezin batean barrena. Beste garai batean (XIX. mendera arte) talaia izan zen mendi hau, balea «frankoak» agertzen ote ziren zaintzeko, gaur egun gure itsasertzean desagertu den espeziea hain zuzen.

Gurutze Bide batek ahalbidetzen du begiratoki lekeitiar honetara iristea Gerrikabeitia kaletik, Santa Maria basilikaren parean errepideaz bestaldera, ibilbidea hasi dugun lekutik hain zuzen. 

Ibilbidea guztira: 6,3 km (+1,5 km Lumentzara igotzea eta jaistea)

Zailtasuna: txikia (Lumentzarako igoera salbu, ertaina-txikia)

Iraupena: 2 orduko ibilbidea (bisitez gain)

Informazioa – Turismo Bulegoa: 94 684 40 17 / turismo@lekeitio.eus

PDFFitxategi hauek kontsultatzeko Adobe Reader dohainiko programa behar duzu, erabili esteka deskargatzeko.