EKIPAMENDUAK

Zuhaitz autoktonoen Noeren Kutxa

Martintxune, gure biodibertsitatea zaintzeko foru haztegia

Testua eta argazkiak: Ibon Hormaeche

Martintxunek 162 espezie bizkaitar barne hartzen ditu, baita Gernikako haritzaren kimuak eta Lurralde Historikoan babes berezian dauden bost zuhaitzak ere. Kontserbazio-rolaz gain, foru haztegiak esperimentazio-lan nabarmena burutzen du, landare-espezieak hobetuz; eta espazio bakar gisa sailkatuta dago, didaktika eta prestakuntza arloetan duen gaitasun handiari esker.

Bizkaia harro egon daiteke bertako florak duen aniztasunaz: pagoak, haritzak, gaztainondoak, makatzak, lizarrak, makalak… Horrez gain, Gernikako Arbola ondare berezi eta aparta ere kontuan izan beharra dago (Euskadin zein Europan argazki gehien dituen zuhaitza, munduan mirespen handiena jaso duten zuhaitzen artean kokatua). Kontuan izan behar dugu, baita, aparteko ezaugarriak izanik (tamaina, adina, historia, edertasuna, egoera, etab.), Bizkaian diren bost zuhaitz bereziak ere: Garai eta Muxikako Arteak, Artzentaleseko Haritz hibridoa eta Arimekortako larreetako Haginak (Gorbeiako Parke Naturalean).

Landare biodibertsitatearen babeslekua

Martintxune haztegian (Unbe mendia) Euskadiko 162 espezie autoktono daude: Zornotzako haginak, Artzentaleseko gorostiak, Morgako lizarrak, Zalamako haltzak, Urkiolako urkiak, Salbada mendilerroko haritzak, Urkiolako makatzak, Gorlizko arteak, Muxikako gaztainondoak, Kadagua arroko gurbitzak …

Negutegi edo aire zabalean egon, Martintxuneko ale bakoitza ondo baino hobeto identifikatuta dago; espeziaren izena, jatorrizko gunea eta erein zen eguna adierazita.

Haztegian erein ez diren beste ale batzuk ere hazten dira, hala nola, Elorriotik ekarritako arte taldea, historia bitxia duena: «Gerediaga-Elorrio errepidearen obren ondorioz desjabetutako haztegi partikular batean zeuden» azaldu du Kepa Txarterinak, zentroko Ingeniari Agronomo arduradunak.

Martintxunen hazten diren zuhaitz eta zuhaixkak biotopo eta espazio babestuetara eramaten dira gero. Hori da, hain zuzen ere, bere helburu nagusia: Bizkaiko mendietako birpopulaketak bertako espezieekin ere egin daitezen bermatzea, bereziki gune babestu eta berezienetan, eta, horrela, «basoaren rol emankorraren eta biodibertsitatearen ateko oreka» topatzea. Horixe azpimarratu du eremu hauetako arduradunak.

Martintxunek beste espezimen «berezi» batzuk ere barne hartzen ditu, Ginkgo biloba enigmatikoa kasu (bizitza-luzeraren arbola): planetan ezagutzen diren espezieetatik zaharrenetarikoa da, «fosil bizidun» gisa ere bataiatua, eta egoera gogorrak gaindituta bizirautea lortu du, Hiroshiman botatako bonba atomikoen ondoren, adibidez.

Ikerketa, prestakuntza eta garapena

2011 urtean, Akarlandako atsedenlekuaren parean, Martintxune haztegia prestatzea erabaki zenean, helburu nagusia zen euskal askatasunaren sinbolo den Gernikako Arbolaren kimuak haztea. Hain zuzen ere, 2014ko udazkenetik eta 2015 udaberrira bitarte, zentro honetako arduradunek bikaina lortu zuten proba gogor eta garrantzitsu batean; tratamendu berria diseinatu behar izan zuten eta Gernikako Juntetxean zegoen 28 urteko aleari zaintza intentsiboak eman behar izan zizkioten, ahultasun sintoma larriak baitzituen.

Era berean, foru haztegiak esperimentuzko lan ezberdinak garatzen ditu lurzoruaren tipologiaren eta baldintza osasungarriak sustatzeko pizgarrien inguruan, landare espezie ezberdinen prozesu emankorrak hobetze aldera.

Azken batean, Martintxune, nahiz eta gaztea izan, Bizkaiko espezie autoktonoak kontserbatzeko berme nagusietako bat bilakatu da. Baina, era berean, ezaugarri bereziak direla eta, leku aparta da profesional berrien prestakuntza osatzeko, praktiketan dauden ikasleak bertan jasoz edo lankidetza-proiektuak garatuz (Euskal Herriko Unibertsitatearekin, adibidez). Baliteke prestakuntza-ekintza hori etorkizunean beste hezkuntza-esparru batzuetara hedatzea, baita beste adin-tarte batzuetara ere; are gehiago, arduradunek esku-artean duten proiektua gauzatzea lortzen badute (lurraldeko ekosistema nagusien ugalketan oinarritutakoa).

Bien bitartean, Basalan foru enpresako profesionalak euren zereginetan murgilduta utziko ditugu; Bizkaia Maitean etorkizunean izango duen bilakaera hurbiletik jarraitzeko asmoz izango gara.