INGURUMENAREN GESTIOA
Kanpainak paper-zapiak komunetik botatzeak dakartzan ondorioak ezagutaraziko ditu
«Ez elikatu munstroa»
- Iturria: Uraren Euskal Agentziak (URA)
Argazkiak: Uraren Euskal Agentziak (URA) eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa
Euskadin, guztira, 2.400 tona paper-zapi bota ziren komunetik 2015ean, eta kopuru hau era esponentzialean hazten ari da azken urteotan, saneamendu-sistemetan garrantzi handiko ondorioak eraginez.
Paper-zapiak zuntzez egindako produktuak dira eta ez dira garaiz disolbatzen edo disgregatzen, eta ondorioz, butxadura eta matxura larriak sorrararazten dituzte saneamendu-sarean, instalazio horien kudeaketan punpaketa-estazioetan nahiz Hondakin Uren Araztegietan (HUA)- urtero milioi bat eurotik gorako gainkostua eraginez.
Arazo honen atzean, herritarrek komun-ontzia «zabor-ontzia» balitz bezala erabiltzeko eta bertatik etxeko edozein hondakin botatzeko duten ohitura dago, komun-ontzitik botatzen baitira, besteak beste, olioak, kotoitxoak, janari-hondakinak, higiene intimoko produktuak, pinturak, produktu kimikoak eta, nola ez, paper-zapiak.
«Ez elikatu munstroa»
Arazoari aurre egiteko, Uraren Euskal Agentziak (URA) eta Euskadiko ur partzuergo eta mankomunitatek1 2016. urte osoan egingo den sentsibilizazio-kanpaina bat abiarazi dute, paper-zapiak komunetik botatzeak dakartzan ondorioak ezagutarazteko eta hondakin horiek saneamendu-sarean eragiten dituzten butxadurak saihesten lagunduko duten ohitura arduratsuagoak bultzatzeko asmoz.
«Ez elikatu munstroa» kanpainaren honen bitartez, kontzientziazio sozial handiagoa sustatu nahi da, jardunbide eta erabilera arduratsuagoak bultzatzeko modukoa, komun-ontziak den-dena irensten ez duela argudiatuta, herritarrak sortutako arazoaren erantzunkideak izan daitezen eta konponbidearen zati handi bat haien esku dagoela kontura daitezen, betiere ohitura okerrak zuzenduz eta paper-zapiak zaborra biltzeko ontzietan utziz.
Ekimena Aclima Euskadiko Ingurumen Klusterrak koordinatu du eta 2016. urte osoan egingo da, komunetik bota eta pixkanaka-pixkanaka saneamendu-sarea butxatuz eta kolapsatuz doazen hondakinez elikatzen den munstro bat iradokitzen duen inpaktu handiko irudikapen grafiko ausart baten laguntzaz.
Kanpainak 50.000 euro inguruko kostua izango du, eta komunikabideen bitartez gauzatuko den zabalkundeaz gain, webgune aktiboa (www.munstrowc.eus) eta sare sozialetako (Facebook, Twitter eta Instagram) presentzia sendoa izango du, komunaren erabilera egokiari buruzko informazioa eta era askotako gomendioak emateko asmoz. Kanpainaren irudia eta mezua motion graphics formatuan landutako bideo batean ere bildu dira.
«Herritarren ohiturak eta urgaineratutako kutsatzaileak»
Sentsibilizazio kanpaina berri hau «Herritarren ohiturak eta urgaineratutako kutsatzaileei» buruzko proiektu handiago baten barruan mamitu da, hiri-arroetako kutsadura zehaztugabearen arazoari aurre egiteko asmoz. Arazo hori kontrolik gabe eta oharkabean egiten diren isurketen ondoriozkoa da, batez ere hiriguneetako etxeetan eta hirugarren sektorean ematen direnak. Izan ere, uren saneamendu eta tratamenduari eta inguruan botatzen den isurkiaren kalitateari eragiten diote.
‘Urgaineratutako kutsatzaile’ horien artean ditugu hondakin farmazeutikoak, detergenteak, paper-zapiak bezalako norberaren zainketarako produktuak, janari-hondakinak, drogak, etab.
Garbitu gabeko hondakin urak eta hondakin uren araztegietako efluenteak dira substantzia horiek ingurumenera iristeko sarbide nagusiak. Hondakin uren tratamendurako ohiko instalazioak ez daude diseinatuta hondakin horiek deuseztatzeko, eta ondorioz, kasu batzuetan ezin dira guztiz garbitu.
Substantzia hauek estu-estu lotuta daude gizartean oso hedatuta dauden ohitura eta jardunbide batzuekin, adibidez, komun-ontzia etxeko edozein hondakin botatzeko ontzia balitz bezala erabiltzearekin.
Gero eta sentiberatasun ekologiko handiagoa dagoen arren, komuna dugu oraindik ere ingurumenarekiko sentiberatasuna arintzen laguntzen diguten 'balbuletako' bat, bertara isuritako hondakin guztiak irentsi eta suntsitzen dituen uste okerrean funtsatuta.
Proiektu honetan erabiltzen den metodologiari esker, ekintzen eraginkortasuna monitorizatu ahal izango da, neurketa-adierazleen, analisi-ereduen eta emaitzen ebaluazioaren bitartez, hirugarren sektorean nahiz hiriko mikro-ETEetan.
____________
1 Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa, Gasteizko Udal Urak –AMVISA–, Añarbeko Urak, Arabako Errioxako Ur Partzuergoa, Busturialdeko Ur Partzuergoa, Kantauriko Urkidetza eta Txingudiko Zerbitzuak.
Zapi bustiak berrerabiltzeko proiektua
Bilboko Begoñazpi ikastolako DBH4ko zortzi ikasleko talde batek Espainiar estatua ordezkatuko du FLL Global Innovation Award-en, eskolako zientzia eta berrikuntzaren sarian. Ekainaren 21ean eta 22an egingo da finala Washingtonen.
Munduko lehiaketa hau First Fundazioak sustatzen duen hezkuntza ekintzetako bat da Fundación XPrize-rekin batera 2011. urteaz geroztik. Bost kontinenteetako 80 herrialdetara iristen da eta 10-16 urte bitarteko eskolako gazteengan zientzia, teknologia, berrikuntza eta sormena sustatzea du xede.
Begoñazpiko eskola proiektuak higiene pertsonalean, batez ere haurtxoenean, erabiltzen diren zapi bustiak berrerabiltzea planteatzen du, ondoren isolatzaile termiko gisa erabiltzeko edredoietan edo berokietan. Ingeles hutsean diseinatutako proiektu hau Euskadiko FLLn irtenbiderik berritzaileentzat hautatua izan zen.
Begoñazpiko ikasleek Iñigo González Canalen aholkularitza izan zuten, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko Isurketen Saileko arduraduna. Izan ere, zapi bustiak komunetik behera botatzea saihesteaz gain, ikasleek irtenbide berritzaile bat proposatu nahi izan zuten, benetako behar bati erantzungo liokeen produktu iraunkor baten sormenean eragiteko.
Hemendik aurrera, Begoñazpi 80 herrialde ezberdinetako eskola taldeekin lehiatu beharko da. 20 iritsiko dira Amerikako Estatu Batuetan egingo den finalera. Irabazleek 20.000 dolar jasoko dute lehen sariaren kasuan, eta 5.000 dolar emango diren gainerako bi sarietan. Sariak proiektuaren garapenean erabili beharko dira.