INGURUMENAREN GESTIOA

Nolakoa izango da etorkizuneko hiria?

Smart Cities: hiri adimendunak

Jaione Pagazaurtundua

Hirien garrantzia nabarmena da herritarrek inguru urbanoetan biltzeko duten joeraren ondorioz. Hiriek eta hiriguneek ekonomia, herritarrak, mugikortasuna, ingurumena eta gobernua integratzeko, hau da, «adimenduntzat» jotzeko, kontuan hartu behar diren alderdi ugariak pixka bat argitzen dizkigu Smart Cities proiektu europarrak.

Mundua gero eta hiritarragoa, interkomunikatuagoa eta aldakorragoa da. Gaur egungo joerek berdin jarraitzen badute, 2050. urtean hirietako biztanleria 6.300 milioi lagunekoa izango da (10.000 milioi laguneko guztizko biztanleriaren gainean), 2015ean, aldiz, biztanle hiritarrak 3.870 milioi dira (7.400 milioi laguneko guztizko biztanleriaren gainean). Hala ere, 2030. urterako proiektatutako hiri sailen %60 baino gehiago ez da eraiki oraindik, «Hirien eta aniztasun biologikoaren ikuspuntuak» gaiari buruz Aniztasun Biologikoari buruzko Hitzarmenak prestatu duen azken Txostenean nabarmentzen den moduan. Gainera, herritarren hazkuntzaren zatirik handiena hiri txiki eta ertainetan emango dela aurreikusten da, eta ez hiri handietan.

Hiri iraunkorrak

Edward Glaesser-en arabera («Hirien garaipena» bere liburutik jasoa) herritarrek hirietan biltzeko duten joera beren hiru bertuteengatik gertatzen da: lehia, komunikazioa eta giza kapitala; eta hirigintza da giza kokaleku horien antolamenduaren zientzia eta teknika.

Hirigintzaz hitz egitea udalerriez hitz egitea da, lurraldeaz, eta baita etorkizuneko belaunaldiek bizileku izango duten inguruaren etorkizunaz ere, eta hirigintza diziplinaren xedea da esku hartzeak planifikatzea espazioa kualifikatu, urbanizatu eta antolatzeko. Soil bezain zail, eta garrantzitsu bezain funtsezko, oso modu zuzenean eragiten baitigu eta ongizatearen bilaketan (orain eta etorkizunean) giltzarri baita.

Gai horren inguruan hitz egin eta eztabaidatu zen apirilean Bilbon egin zen Europako Hiri eta Herri Jasangarrien 8. Konferentziaren esparruan. Horren emaitzarik garrantzitsuena basque declaration izenekoaren onarpena izan da. Hori guztia landuko dugu aldizkariaren hurrengo zenbakietan.

Hiri adimenduna

Bi baieztapen hauek ikus ditzagun: bata, giza gorputza makina ia perfektua dela, eta bestea, natura antolakuntza eta funtzionamendu sistema jakintsua dela. Ez da harritzekoa beraz, robotikak eta adimen artifizialak, esate baterako, giza gorputza hartu badute estilo gida modura. Eta horregatik ere, sistema ekonomiko batzuek, Ekonomia Urdina ezagunak adibidez, naturaren dinamika behatzen dute hazkuntza eredu eraginkorragoak proposatzeko.

Hortaz, hirigintza adimendunak ere iturri berdinetatik edaten du. Horrela, naturaren behaketatik sortu zen duela urte batzuk smart city (hiri adimenduna) kontzeptua. Hiriaren gune berri bat egiteko proposamena zen, «informazio» guztiak nolabaiteko garun bat osatuko zuena, eraikinak, mugikortasuna, energiaren eta uraren hornikuntza, eta oro har azpiegiturak jasangarriagoak eta herritarrekin adeitsuagoak izanik.

Hiria sareen multzo baten modura ulertzen hasia izan zen. Giza gorputza bezala. Eta pertsonetan bezala, GUZTIA nolabaiteko adimena zuen gune baten agindupean antolatuta egotearen garrantzia ulertu zen.

Erabaki hura ez zen soilik hartu herriak aberatsagoak izateko. Hiri gero eta kutsatzaileagoek gainditutako planeta baten mehatxua zegoen sakonean. Eta gaur eguneko megalopoliak autoz, zementuz, deserosotasun sentsazio jasanezin batez eta, maiz, segurtasunik ezaz beterik daude. Ereduak ez du balio, mundu globalizatu berriko hiriek beren azpiegiturak berritu egin behar dituzte, jasangarriak, eraginkorrak eta bizitzeko modukoak izan nahi badute. Baina nola?

IKTak, ingurumenaren hobekuntzarako tresnak

Smart city proiektu guztiek informazioaren eta komunikazioaren teknologien (IKT) erabileran dute oinarria, hiriaren funtzionamendua hobetzearren: biztanleak beste pertsona batzuekin eta makinekin (garbigailuak, hozkailuak, argia, berogailua...) beren smarphone-en bitartez –gure gizarte modernoetan gero eta ugariagoak– erlazionatzen diren egitura bat, «hodeiari» esker datu kopuru handiaren tratamenduan erraztasun handiagoak dituena, informazioa eskuratzea merkeagoa izateaz gain.

Baina «Smart 2020» txostenak ingurumena hobetzeko azpiegitura digital bat sortzearen garrantzia ere azpimarratzen du. Bere ikerketetatik ondorioztatzen denez, smart grids-ak (energia elektrikoa adimentsuki banatzeko sareak, ekoizle eta kontsumitzaileen artean dagoen eskaintza eta eskaera orekatzera zuzenduak), eraikinak eta logistika adimendunak eraikitzeko proposatu diren IKT ekimenek hiri guneetan negutegi eragina duten gasen isurpenak murriztu egin ditzakete 7,8 gigatonako kopuruetaraino 2020rako (Txinak 2010ean sortutako isurpen guztiak baino murrizketa handiagoa). Zenbatekoetan energia eraginkortasun horrek 600.000 milioi euro inguruko aurrezpena ekarriko lieke sektore publiko eta pribatuei.

Inbertsioa errentagarri egitea

Booz & Co. (www.booz.com/es/home) aholkularitza ospetsuaren arabera, datozen 30 urteetan mundu osoko hiriek 350 bilioi dolar inguru, edo zazpi aldiz beren oraingo BPG, erabili beharko dute hiri egiturak eraikitzen (energia banatzeko sistemak, ur eta zabor bilketa sistemak, errepideak, garraioak eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak).

Era berean, ikerketa horren ondorioa da gaur egun eraikinen eta garraioen eraginkortasuna hobetzeko IKTetan 22 milioi dolarreko inbertsioa eginez gero, hiriei 22 bilioi dolarreko aurrezpena suposatuko diela, beren isurpenak %50 murrizteaz gain.

«Smart cities»-en zentzuan doazen adibide batzuk Vallettan (Malta), Songdo Cityn (Korea) edo Curitiban (Brasil) aurki daitezke, besteak beste. Estatu espainiarrean esperientziak daude honako hirietan: Bilbo, Gasteiz, Donostia/San Sebastián, Malaga, Santander, Zaragoza, Mostoles, Zamora, Elx, Soria, Bartzelona...

Baina eszeptikoak ere badaude

Kritikorik handienetako bat Adam Greenfield diseinatzailea da, herritarrengan zentratzen diren hiri proiektuen aholkularitza baten sortzailea, «Urbanscale» izenekoa (www.urbanscale.org). Honela definitzen du: «hutsik dagoen kontzeptu bat da, administrazio publikoei beren produktuak saldu nahi dizkieten korporazio handien zerbitzura dagoena». Hain zuzen, Bartzelonan egindako «Smart City Expo 2011» edizioan, Greenfieldek adierazi zuen hiri adimendunak hermetikoak direla enpresa bakoitzak teknologia itxia sortzen duelako uraren horniketarako, elektrizitate sarerako, hondakinen tratamendurako... Honi dagokionez, diseinatzailea ez dator bat eredu horrekin, eta bere ordez sistema irekietan eta «open source» teknologietan konektatuta dauden pertsonen hiriak sortzea proposatzen du. 

Hiria eraldatuz

Smart Cities-en liburu zuriak 5 faktore funtsezkotan oinarritzea aholkatzen du, hiriaren eraldaketari aurre egiteko beharrezkoak direnak:

PDFFitxategi hauek kontsultatzeko Adobe Reader dohainiko programa behar duzu, erabili esteka deskargatzeko.