ELKARRIZKETA

«Helburua da itsasoko txokorik basatienak salbatzea, ustiaketa jasan baino lehen»

Enric Sala: Itsas ekologoa eta ingurumen-dibulgatzailea

© Josep M. Llenas Itsas ekologoa eta ingurumen-dibulgatzailea da eta, zientzialaria izateaz gain, ozeanoen babesean konpromiso irmoa dauka. Espainiako Sozietate Geografikoaren Ikerketa Saria (2012), eta Explorers Club-aren Thomas Lowell Saria (2013); gainera, Munduko Ekonomia Foroak Lider Global Gazte izendatu zuen 2008an. Jacques Cousteau miretsiak inspiratuta, zientzialari katalan honek ikerketa proiektuak zuzendu ditu zenbait instituziotan, hala nola Kaliforniako Scripps Institution of Oceanography zentroan (AEB) edo Espainiako CSIC-en. Egun, National Geographic Sozietateko «esploratzaile izar» hau Planetako itsasoetan murgilduta dago, horiek aztertzen eta agintaritza ezberdinen aurrean horien babesaren alde proposamen eta argudioak defendatzen.

Bizkaia Maitea: National Geographic erakundearen esploratzaile egoiliarren aukerako zerrendan zaude. Besteak beste, Jane Goodall primatologoarekin partekatzen duzu titulu hori. Hari elkarrizketa egin ahal izan diogu orain dela gutxi, 81 urte dituelarik. Izatez, lehendabiziko espainiarra izan zinen erakunde estatubatuarraren ikerketa eta esplorazio kategoria gorenera heltzen. Zer lan edo ardura dakar hain ordezkaritza garrantzitsuak?

Enric Sala: Esploratzaile egoiliar bakoitza ezberdina da; arkeologoak, antropologoak, zinematografoak eta itsas esploratzaileak dauzkagu. Nire lana da itsasoko bazterrik basatienak esploratu eta dokumentatzea, eta herrialdeetako agintariak horiek babesteko inspiratzea.

B.M.: Zientzialari gazte samarra izan arren (Gironan jaioa 1968an), ibilbide profesional luzea daukazu, aitortza handikoa. Baina, nola hasi zinen?

E.S.: Biologia ikasi nuen Universitat de Barcelonan, eta doktoretza egin nuen Marseillako Unibertsitatean, Frantzian. Baina, hori baino lehen, itsasoarekiko dudan maitasuna Costa Bravan piztu zen; nire heroia den Jacques Cousteau handiaren balentrien mailara iristen saiatzen nintzen bertan.

B.M.: Eta zer egoera profesionaletan zaude orain? Zeintzuk dira zure ikerketa-ildo nagusiak?

E.S.: 2008an akademia utzi nuen. Ikerketa zuzentzen jarraitzen dut, baina orain zientzialari-talde bat dut ikerketaren egunerokoaz arduratzen. Funtsean, itsasoan dauden urrutiko eta sortzetiko lekuen ingurumen-osasuna ebaluatzean zentratzen gara. Orain Pristine Seas proiektuaren beste alderdi batzuetan lanean dihardut, agintari politikoekin eztabaidan eta komunikazioan, besteak beste. Baina, ez ditut espedizioak alde batera utzi, horiek dira eta nire lanaren alderdirik zoragarrienak!

© Manu San Félix / National Geographic
B.M.: Zenbait urte daramazu «Sortzetiko Itsasoak» (Pristine Seas) Proiektuan zentratuta, nola azalduko zenituzke horren helburuak? Emango al zeniguke eskuratutako emaitzaren baten berri?

E.S.: Helburua da itsasoko txokorik basatienak salbatzen laguntzea, gainerako itsas guneak bezala ustiapena jasan baino lehen. 18 txoko esploratu eta dokumentatu ditugu dagoeneko, Artikotik tropikoetara bitarte, eta horietatik 9 babestea lortu dugu (http://pristineseas.org). Babestutako azalerak, guztira, 3 milioi kilometro koadro dauzka – Espainiaren azaleraren seikoitza. «Pristine Seas» liburuan, txoko magiko horietako hamar aukeratu eta horien argazki, mapa eta deskribapenez osatutako bilduma jaso dut (http://shop.nationalgeographic.com).

B.M.: Cousteauk itsas fondoen biodibertsitatea erakutsi zigun orain dela 40 urte baino gehiago egindako urperaldietan. Zer ezberdintasun nagusi topatu duzu gaur egun, hark erakutsi zuenarekin alderatuta? Eta, zein gunetan dira nabarmen eta kezkagarriagoak ezberdintasun horiek?

E.S.: Oso erraza da: Arrantzaren ondorioz, arrain gutxiago dago. Marrazo eta atun gutxiago dago egun (jatorriz zegoen kopurua %10ean murriztu da), eta koral-arrezife sakonak suntsitu ditugu arraste-arrantzaren bidez. Kutsadura askoz ere handiagoa da (batez ere, plastikoari dagokionez), eta klima aldaketa itsasoa berotzen eta azidotzen ari da. Planeta osoan gertatzen ari den zerbait da, baina penintsuletako kostaldean milaka urte daramagu arrantzan eta munduko itsasorik «arrantzatuenak» dira.

B.M.: Zure ustez, norena da ezberdintasun horien errua? Eta zein gradutan? Eta, egoki babestu eta kudeatuz gero, posible izango litzateke erabat degradatutako itsas gune bat berreskuratzea? Zenbat denbora beharko luke lehengoratzeko?

E.S.: Hiru errudun nagusiak gehiegizko arrantza, kutsadura eta berotegi-efektua dira. Hala eta guztiz ere, bada berri on bat: gune bat arrantzatik babesten dugunean, modu ikusgarrian lehengoratzen da. Mundu osoan egindako ehunka ikerketak erakusten dute, hamarkada bat baino denbora laburragoan, arrainen tamaina %30 gehiago hazten dela itsas erreserbetan, inguruko gune ez-babestuetan baino; eta arrainen biomasa (tonak hektareako) ehuneko 460 hazten dira.

B.M.: 2010 urtean, TED Talk batean, hausnarketa egitera gonbidatu gintuzun: «ozeanoa aurrezki kutxa bailitzan ulertu behar da; orain arte, atera eta atera baino ez dugu egin, ezer sartu gabe». Zentzu horretan, ekonomista talde batekin ere lanean daramazu denboratxo bat, kontserbazioa negozio errentagarria dela frogatzeko. Hala da, benetan? Eta, zein neurritan?

E.S.: «Kontserbazioa edo garapena» kontzeptuen arteko eztabaida artifiziala da. Ingurumen osasuntsurik gabe, ezin izango da ekonomia osasuntsurik egon. Natura da guztiaren oinarri! Zergatik uste duzu Ilargian ez dagoela ez industriarik ez finantza-merkaturik?

Orain dela gutxi egindako ikerketa baten arabera, itsasoak ondasun eta zerbitzuak ematen dizkio gizadiari, 24 trilioi dolarren balioa izango luketenak. Itsasoa herrialde bat izango balitz, munduko seigarren ekonomia izango litzateke, Espainia nabarmen atzean utzita.

B.M.: Lan horrek guztiak eta emaitza multzo horrek balio txikia dute, gai honen gaineko ardura duten agintaritzek, estatuek eta horien gobernuek ez badute modu kontsekuentean neurririk hartzen eta ez badituzte kontserbazio eta berreskuratze-planak martxan jartzen. Baina, kontuan izaten al dituzte? Zein plan dago martxan egun, eta zeintzuk daude oraindik onartzeke?

E.S.: Lehen esan dudan bezala, gure lanak emaitza izugarriak izan ditu, neuk inoiz amestu ez ditudanak. Lortu ditugun bederatzi itsas erreserbak munduko handienen artean daude. Eta gobernuekin batera lanean ari gara datozen urteetan gehiago sortzeko.

B.M.: Eta gobernu-erakundeen proposamenezko ekintza irmoa garrantzitsua bada, esaguzu nola lagun dezakegun pertsonok bide horretan: nola kontzientziatu gaitezke eta nola har dezakegu, modu eraginkorrean, geure konpromiso propioa itsas ekosistemen defentsan?

E.S.: Norbanakoak egin dezakeen gauza asko dago. Has gaitezen urrats erraz batekin: fruta eta barazki gehiago jan. Ona da osasunerako, baita planetarentzako ere. 

Antartida: gizadiak kolonizatu ez duen lurreko azken txokoa

Zorionez, munduan oraindik badira ia ukitu gabe dauden tokiak. Horietako bat da Antartida. Herrialde askok menpean hartu nahi duten kontinente handi horretan, sarbidea mugatuta dauka jarduera zientifiko eta turistikoak. Esteka honetan (https://vimeo.com/124858722), magia transmititzen duten bideo horietako bat aurkezten da; soinu-banda bikainarekin tartekatzen diren irudiak aurkezten dizkigu, Lurreko txoko hori oraindik esploratu gabe egoteaz harro egonaraziko zaituztenak.

Film hau Kalle Ljung-ek egin zuen Antartidan 20 egunez egindako bidaia batean (2014ko abendua-2015eko urtarrila). Kalle Ushuaiatik irten zen (Argentina) eta Williams Porturaino joan zen (Txile), Hornos lurmuturra inguratu eta Drake Pasaia gurutzatu ondoren Antartidako Melchior irletara heldu zen.