IRAUNKORTASUNA
Metroz egindako kilometro bakoitzak pertsonako 17 gramo CO₂ baino ez du isurtzen, eta autoz egindakoak, aldiz, 190 gramo
Zelan murriztu karbono aztarna bidaiak Metroz eginez
Testua eta argazkiak: Metro Bilbao
Gizarteak enpresa arduratsuak eskatzen ditu, gero eta gehiago, eta Metro Bilbaok bere jarduera garapen iraunkorrari ekarpena egiteko bitarteko bihurtzearen aldeko apustua egin du.
Metro Bilbaok garraio ekologikoagoa izatearen alde emandakoari esker hiria ere eremu osasungarriagoa da. Izan ere, trenbideko garraioak egungo beste garraio motordunen aukerak baino nabarmen gutxiago eragiten dio ingurumenari, erregai fosilen kontsumoa eta berotegi efektuko gasen emisioak minimizatzen dituelako.
Kalitatearen eta ingurumenaren esparruan, eta enpresa iraunkorraren ikuspegiarekin lerrokatuta, bere 20 urteotan zehar Metro Bilbao honako kudeaketa sistema egiaztatu hauek hartuz joan da:
- Kalitatea: ISO 9001 Bezeroen Arretako Bulegoetan
- Ingurumena : ISO 14001 eta EMAS
- Gizartearekiko Erantzukizuna: SGE 21.
Horrez gain, 2009tik aurrera STOP CO₂ EUSKADI ekimenera atxikita dago Metro Bilbao, Berotegi Efektuko Gasen (BEG) emisioak zenbatu eta murrizteko lehenengo konpromiso gisa.
2011n urrats bat aurrera egin zuen Metro Bilbaok Berotegi Efektuko Gasen (BEG) emisioak kontrolatu eta murrizten, eta horretarako emisioen inbentarioa prestatu zuen, 2010 urtea erreferentziatzat hartuta. Inbentarioan gas hauen emisio zuzen zein zeharkakoak jaso ziren: CO2, CH4, N2O, PFCs, HFCs eta PFC.
UNE ISO 14064-1:2006 arauan oinarrituz, Metro Bilbaok emisioen txostena egiten du urtero, AENORek egiaztatzen diona, eta Metro Bilbaoren instalazio bakoitzean isurtzen diren emisio guztiak «CO₂ tona parekotan» zenbatuta jasotzen ditu.
AENORek CO₂e eta Ingurumenari buruz 2012ko otsailaren 24an luzatutako egiaztagiri horrekin Metro Bilbao Berotegi Efektuko Gasen emisioen kopuruak zehaztu zituen estatuko lehen metropoliko garraio enpresa izan zen.
Zer lortu nahi du Metro Bilbaok ekimen honekin?
- Gizartea sentsibilizatzea klima aldaketaren arazoari buruz.
- Euskal gizarte osoaren parte hartze aktiboa piztea.
- Klima aldaketaren kontrako borrokaren jokabide eredugarriak aitortu eta sustatzea.
- Aitortza lortzea Euskal Autonomia Erkidegoan zein hemendik kanpo klima aldaketaren kontrako borrokaren ekintzengatik.
Aipagarria da azkeneko inbentarioaren arabera emisioen % 80tik gora (8.500 t) energia kontsumoaren ondorioz direla. Beraz, Metro Bilbao sartuta dagoen efizientzia energetikoko proiektuek oso garrantzi handia hartuko dute hemendik aurrera.
Metro Bilbaok guztira 10.152 t CO2e* isuri zituen 2014an, edo bestela esanda:
- 0,002 t CO₂e metroak ibilitako kilometro bakoitzeko
- 0,017 t CO₂e mila bidaiari/kilometro bakoitzeko
Adibidez, hemen daude beste garraiobide batzuen emisioak/bidaiari datuak Metro Bilbaoren aldean:
- Norbere ibilgailua: 190 g CO2e/km
- Hiri barruko autobusa: 112 g CO2e/km
- Metro Bilbao: 17 g CO 2 e/km
Emaitza horiek laburbilduz hauxe azpimarratuko genuke metroari buruz:
- Emisio guztiak ia erdira jaitsi dira (% 49) 2012ren aldean.
- Bidaiari eta kilometroko emisioa ere 17 g CO₂e mailaraino murriztu da. Horrek esan nahi du ibilgailu pribatuak baino 11 bider gutxiago isurtzen dela eta hiri barruko autobus batek baino 6,5 bider gutxiago.
- Eta energia berreskuratzearen atalean, 2014an 2013an baino % 58 gehiago izan da berreskuratutako energia.
Energia berreskuratzea trenen balaztatzeko sistemaren bidez
CO₂ emisioen kalkulua zuzenean lotzen da Metro Bilbaok duela bost urte trenek balaztatzean energia berreskuratzeko martxan jarri zuen sistemarekin.
Energia elektrikoaren hornidura da Metro Bilbaoren tren eta instalazio guztien funtzionamenduaren oinarria. Ahal dela ingurumenari gehiago eragitea saihesteko, eta energia aurrezpen garrantzitsuak lortzen saiatzeko funtsezkoa da kontsumo optimoa lortzen laguntzea.
Metro Bilbaok 2014an zehar 74.842.379 kWh kontsumitu zituen guztira. Horien % 66 trenen trakziorako erabiltzen da.
Azpiestazio elektrikoek katenariaren bitartez helarazten dute energia trenetara. Energia hori motorretara iristen da trenak martxan jarri eta mugitzeko.
Kontsumo hori eraginkorragoa izateko, Metro Bilbaoren trenek energia elektrikoa berreskuratzeko sistema bat dute, balaztatzean aktibatzen dena.
Balaztatze elektrikoan zehar motorrek alderantzizko bira egiten dute eta sorgailu bihurtzen dira, trenaren energia zinetikotik energia elektrikoa ateratzeko.
Balaztatzean sortutako energia elektrikoa katenariara birbideratzen da gutxi gorabehera kilometro batera dagoen eta martxan jarri edo azeleratzera doan beste tren batek erabiltzeko.
Tren hori urrunago badago eta energia berreskuratzerik ez badago, bero gisa barreiatuko da balaztaren erresistentzietatik.
Sistema horri esker balaztatzean sortutako energiaren berreskuratze partzialak egin daitezke eta, horrela, gainerako trenek energia horren portzentaje aldakorrak berreskuratu ahal izango dituzte, balaztatzen ari den trenetik dauden distantziaren arabera.
____________
* Carbon Dioxide Equivalent (CO2e).
Zenbait datu aipagarriak
- 2014an, Metro Bilbaok kontsumitu zituen 74.842.379 kWh-etatik hornidura elektrikoko sarera 5.363.342 kWh itzultzea lortu du, energia elektrikoaren kontsumo osoaren % 7, alegia.
- Balaztatze sistemaren bidez 2014an guztira 611,42t CO2 emisio murriztu da, hots, kontsumo energetikoaren emisio gordin guztien % 7,2, eta 2014ko emisio guztien % 6.
Fitxategi hauek kontsultatzeko Adobe Reader dohainiko programa behar duzu, erabili esteka deskargatzeko.