GURE INGURUNEA

Foru Aldundiak jarduera protokolo berri bat diseinatu du, Bizkaiko udalekin batera

Bizkaian Asiako liztorrari aurre egiteko neurri berriak

Testua eta argazkiak: Bizkaiko Foru Aldundia

Udaberrian, Asiako liztorraren (Vespa velutina) ziklo biologikoa aktibatu egiten da. Asiako hego-ekialdetik datorren espezie inbaditzaile bat da. 2004an heldu zen Europara eta 2012an agertu zen lehenengo aldiz Bizkaian. Liztor horiek gure lurraldean agertzeak alarma handia sortu du azken urteetan, baina egia esan ez dira bertako liztorrak baino arriskutsuagoak pertsonentzat.

Vespa velutina liztorrari «hiltzaile» izena eman zaio, eta horren ondoriozkoa izan da sortutako alarma, neurri handi batean. Izen hori eman zaio beste intsektu batzuekiko duen jarreragatik, bereziki beste liztor eta erleekiko, horiek baitira beren elikagai-iturri nagusia. Asiako liztorra mehatxu handia da Bizkaiko biodibertsitaterako, orokorrean, eta erlezaintzaren sektorerako; ez, ordea, gizakientzako.

2012an lehen aldiz ikusi genuenetik, Asiako liztorra etengabe zabaldu da, Kantauri itsasoko ertzean dauden baldintza ekologikoak onuragarriak baitira. Pasa den urtean erregistratu zen espezie horren presentzia handiena, baina adituen arabera liztor kopuruaren hazkundea aurreikusitakoaren barruan egon da eta urte eta erdiko epean murriztu egingo da, 2015 urtearekin alderatuta. Hala ere, ez da desagertuko.

Beste espezie inbaditzaile batzuekin gertatzen den moduan, erakundeek neurri batzuk ezarri behar dituzte liztorrak kontrolatu eta horien presentzia murrizten saiatzeko.

Asiako liztorra Bizkaira heldu zenetik, Bizkaiko Foru Aldundiak neurri batzuk eta jarduera protokolo bat jarri ditu martxan. Duela gutxi eguneratu da eta hainbat ideia berri barne hartu dira espezie horren zabalkundearen kontra lan egiteko.

Horietako bat zera da; protokolo horretan gure Lurraldeko udal batzuek lan egingo dutela. Lankidetza hori hiru arlotan gauzatuko da. Lehenik eta behin, herritarren deiei arreta emango diete, habien berri emateko deitzen dutenean, eta horien inguruko datuak erregistratuko dituzte. Datu horiek telefono bidez jaso ahal izango dira eta Bizkaiko Foru Aldundiak Lantik sozietate publikoaren bidez berariaz garatutako aplikazio informatiko batean jasoko dira. Aplikazio horri esker, udalek kudeatutako abisu guztiak kontsultatu ahal izango dituzte eta herritarrei informazioa emango diete: habia erregistratuta dagoen ala ez, eta hala badagokio, neutralizatu den ala ez.

Bigarrenik, udalek habia hor dagoela egiaztatu eta aktibo dagoen konprobatuko dute. Hori egiaztatzeko ardura duten langileek spray berde baten bidez markatuko dute habia dagoen zuhaitza edo egitura, habia horren berri jasota dagoela adierazteko eta horrela informaziorik ez bikoizteko. Habia aktibo ez badago, gurutze bat egingo zaio, berdea hori ere.

Udalen hirugarren egitekoa abisua aplikazio informatikoan grabatzea izango da, jasotako datuak gehituz.

Habiak kentzea

Abisuen tramitazioaren bidez, habiak kentzeko lanari ekingo diogu. Basalan foru enpresa publikoak parte hartuko du, edo kasu berezietan, Aldundiko su-hiltzaileek. Azken horiek, habiak lurretik neutralizatu ezin direnean esku hartuko dute, eskuko eskaileren edo makina komertzialen bidez, hala nola garabiak edo plataforma jasogailuak. Habiak berehala kendu behar direnean parke publiko, ospitale, nagusien egoitza edo antzeko lekuren batetik gertu daudelako, osasunerako arriskua dagoelako edo hainbat pertsonari ziztatu dietelako. Era berean, su-hiltzaileak arduratuko dira habiak kentzeaz tentsio elektrikoko elementuetan, eroanbideetan edo erregai biltegietan daudenean; hau da, segurtasun neurri bereziak hartu behar diren lekuetan.

Haiek arituko dira eraikinek unitate bakarra osatzen duten kasuetan edo herriguneetan (hiru eraikin gutxienez) eta 100 metroko diametroko borobil batean sartu daitezkeenean, zati batean; gainera, honako baldintzak bermatu beharko dira: sarbidea errepidez egin ahal izatea eta gutxienez 4 metroko zabalera izatea, eta erabilitako baliabideak batu eta bide nagusi batera gehienez ere 5 minututan heldu ahal izatea. Baldintza horien bidez, ziurtatu nahi da su-hiltzaileak beste egoera larriago batera garaiz heldu ahal izatea, hala behar izanez gero.

Kendu diren habia guztiak erregistratuta daude eta fisikoki kendu ezin direnak baina neutralizatuta daudenak behar bezala markatuko dira. Horrela, ez ditugu aktibo dagoen habia batekin nahastuko.

Bizkaiko Foru Aldundiak landutako protokoloaren azken nobedadea hauxe izan da: habiak inaktibatu edo suntsitzeko baimena duten enpresa eta langileen erregistroa sortzea. Zerrenda hori Lantikek diseinatutako aplikazio informatikoan jasota dago. Behin erregistratuta daudenean edukiko dute sarbidea aplikazio horretara eta suntsitzen diren habien berri emateko balioko du.

Neurri horien helburua gure Lurraldean espezie inbaditzaile horren zabalkundea moteltzea da. Egiteko horretan ari dira ikerketa-laborategiak eta EHU bera ere, Asiako liztorraren inguruan daukagun informazioa etengabe eguneratzen joateko. Etengabeko eguneratze horri esker, Vespa velutina espeziea desagerrarazteko estrategiak eta metodoak garatuko dira. 

Nola desberdindu Asiako liztorra eta Europako liztorra

Herritarrek Vespa velutina espezieari aurre egiteko lanean lagundu ahal izateko, ezinbestekoa da liztor hori eta Europako liztorra (Vespa crabro) desberdintzen ikastea.

Vespa velutina tamaina handikoa da. 30 milimetroko neurria ere izan dezake, beraz, Europako liztorraren antzeko tamaina dauka (40 milimetro ingurukoa), baina V. Velutinaren gorputza beltzaxka da, abdomenaren azken zatia eta buruaren zati bat izan ezik. Azken horiek laranja antzekoak dira eta hanken muturrak, berriz, horiak.

Asiako liztorren habiei dagokienez, forma esferikoa dute eta orokorrean zuhaitzetan egiten dituzte (bereziki espezie hostotsuetan). Batzuetan gizakion eraikinetan agertzen da (etxeak, etxolak, hormak…) eta arraroa da lurpean egotea. Guztiz eginda daudenean 50 zentimetroko zabalera eta 80 zentimetroko altuera ere izan dezakete. Habia horiek beste liztor espezie batzuenen antzekoak izan daitezke; beraz, kendu aurretik, ziurtatu egin behar da benetan Asiako liztorrena dela.

Vespa velutina liztorrak zizt egiten badizu

Asiako liztorrak Europako liztorraren arrisku berdina dauka pertsonentzat. Ziztaden itxura eta sintomak berdin-berdinak dira, beraz, tratamendua bera da:

PDFFitxategi hauek kontsultatzeko Adobe Reader dohainiko programa behar duzu, erabili esteka deskargatzeko.