GURE INGURUNEA

Aukera adimentsuak gizarte hobe batean

Mugikortasun adimentsua. Ekonomia sendoa

Ibon Hormaeche

Euskadi, Europako gainerako herrialdeak bezalaxe, garapen iraunkorra sustatzen duten politiken ezarpenean murgilduta dago; horretarako, gakoa da mugikortasun eta garraio gaietan jarrera egokia hartzea, eta ezinbestekoa da klima-aldaketaren kontra borrokatzea. Gainera, hiri-mugikortasunaren paradigma birpentsatzeak, eta hori modu adimentsu eta iraunkorrean egiteak, onura handiak eragingo ditu, arlo ekonomikoan barne.

2013. urtean, gure energia-eskakizunaren %40 inguru mugikortasunari lotuta zegoen. Garraioak petrolioaren eratorriak kontsumitzen ditu batez ere (energia-kontsumoaren %93), horixe izanik energia-iturri mota hori gehien eskatzen duen sektorea (Euskadin kontsumitzen diren petrolio-eratorrien %85 baino gehiago garraiora bideratzen dira).

Populazioaren beherakada eta mugikortasun estrategiak

Euskal Autonomia Erkidegoan populazio-dentsitate handia eta mugikortasun handia dago; pertsona bakoitzeko 3,05 bidaia egiten dira egunean, bataz beste. 251 udalerritan banatutako 2.164.311 biztanletatik, gehienak 3 hiriburuetan bizi dira (%35); 15.000 biztanletik gorako 26 udalerrik adierazitako zifraren %38 osatzen dute eta 5.000 biztanle baino gutxiagoko 181 udalerriek portzentajearen %11 betetzen dute. Populazioaren horrela banatuta egonik, ezinbestekoa da mugikortasun estrategia berezituak martxan jartzea. Horretarako, hiri handietan mugikortasun iraunkorrerako politikei lehentasuna eman behar zaie, eta biztanle gutxiko herrietan garraiobide ezberdinak erabiltzeko aukerak areagotu, betiere ingurumen zein ekonomian irisgarritasun eta iraunkortasunaren arteko oreka mantenduz.

Gainera, Eustaten aurreikuspenen arabera, Euskadiko biztanleriak %4,5eko beherakada izango du 2014 eta 2026 artean. Horretaz gain, populazioa zahartu egingo da eta, ondorioz, garraio publikoaren beharra handitu.

Mugikortasunaren iraunkortasun balantzea

Egungo mugikortasun sistema aztertuta, honako ondorioak nabarmendu ditzakegu:

Mugikortasun adimentsuaren onurak

Onura batzuk ekonomikoak dira zuzenean; beste batzuek, ordea, gizartean eta balio erlazionatuetan izaten dute eragina eta, hortaz, ezin izaten dira diru-terminoetan interpretatu.

Herritarrentzat

Onura ekonomiko garrantzitsuak daude, zenbait alderdi izan behar baititugu kontuan: edozein etxeri autoa edukitzeak dakarkion kostua (eskuratzea, asegurua, aparkalekua eta zergak), berau gidatzeak dakartzan gastu osagarriak (erregaia, mantentzea, etab.) eta kanpo-kostuak (partikula kutsagarrien isurpena eta zarata, espazio publikoen erailera edo istripuak).

Baina, horretaz guztiaz gain, oinez ibili beharrak (autobus geltokiraino joatea bada ere) eguneroko ariketa fisikoa areagotzen du (OMEk 22 minutu gomendatzen du egunean) eta, ondorioz, baita gure bizi-itxaropena ere. Eta zer esanik ez pilaketetan galtzen dugun denbora baliotsuari buruz.

Merkataritza sektorearentzat

Atzean geratu zen merkataritzaren beldurra; pentsatzen baitzuten zenbat eta oinezko eta txirrindulari gehiago egon, orduan eta diru-sarrera gutxiago egongo zela. Izan ere, ikerketa askoren arabera, hiri-zentroetara autoz desplazatzen direnek diru gutxiago gastatzen dute saltokietan, beste garraiobide batzuk erabiltzen dituztenek baino (ez erosketa bakoitzeko gastuagatik, baizik eta tokiko saltoki horienganako duten fideltasunagatik, maizago kontsumitzen baitute bertan).

Garraio-modu alternatiboak txertatzeak, halaber, merkatu dinamiko berrien gorakada eragin dezake. Horrela, bizikletaren inguruko ekonomiak EBeko 650.000 pertsona baino gehiago biltzen ditu bere baitan (ECF, 2014); baina, milioi bat pertsonatik gora ere izan litezke, txirrinduen egungo erabilera bikoiztuko balitz.

Mugikortasun partekatuko zerbitzuetan %20 eta 35 bitarteko hazkundea aurreikusten da 2020. urterako (2013 urtearekin alderatuz). Gauza bera esan daiteke Garraio Sistema Adimentsuen (GSA) merkatua Europan izaten ari den gorakadaz, smartphone eta bestelako gailu digitaletarako aplikazioez, ibilgailu-parkea berritu eta gutxiago kutsatzen duten ibilgailuekin ordeztuta aurreztutako kostuez, hiri-guneetan salgaiak garraiatzeko bide iraunkorragoen ezarpenaz, etab.

Gizartearentzat

Garraio adimentsu eta iraunkorrak gehiago erabiliz, aurrezpen garrantzitsua eragin liteke aurrekontu publikoetan, baita osasun, ingurumen eta energia arloetan ere. Adibidez, hiru datu adierazgarri:

MUGIKORTASUN ELEKTRIKOA, ETORKIZUNAREN ALDEKO APUSTUA

Maiatza eta ekainean Bilboko linea ezberdinetan bus-unitate elektrikoarekin egindako probaren emaitza ikusita, ibilgailu mota hori Bilbobus Zerbitzuan barne hartzeko erabakia hartu du Bilboko udalak. 2016 bukaerarako bi unitate jasotzea aurreikusten da. Europako beste hiri batzuk, Paris kasu, hasiak dira dagoeneko antzeko ekimenak martxan jartzen, lineetan autobus elektrikoak barne hartuz.

Neurri honek hiriarentzat zein hiritarrentzat onura ugari dakarren arren, autobus elektrikoek zailtasun handia daukate oraindik: kostua (ohikoa bikoizten da). Irizar euskal autobus-konpainiaren esanetan, handicap horren kontra, ingurumen arloko onurez gain, nabarmentzekoak dira, baita, eragiketa-kostu txikiagoak eta balio-bizitza luzeagoa.

PDFFitxategi hauek kontsultatzeko Adobe Reader dohainiko programa behar duzu, erabili esteka deskargatzeko.