LURRA IZENEKO PLANETAN
Hegoafrikako fauna-erreserbarik handiena
Kruger Parke Nazionala
Testua eta argazkiak: Trinidad L. Vicente
Kruger Parkea Hegoafrikako faunaren erreferentzia da; herrialdeko parke nagusia den honetan, «Bost Handiak» ikusi ahal izango ditugu goiz berean. Parerik gabeko paradisu biologikoa da, nahiz eta isilpeko ehizaren eta faunaren legez kanpoko trafikoaren mehatxupean bizi den.
Kruger Parke Nazionala Afrikar kontinenteko gune babestu garrantzitsu eta famatuenetarikoa da, eta, aldi berean, planetan azalera handieneko parke nazionaletako bat ere bada. Gainera, berea da Afrikako parke nazional zaharrenaren marka, baita munduko parkerik zaharrenetakoen artean egoteko meritua ere.
Santutegi natural hau Hegoafrikako ipar-ekialdean dago, Mozambike eta Zimbabwerekin mugan, eta hogei mila kilometro koadro inguruko azalera dauka (Euskal Herriko zazpi herrialdeen azaleraren baliokidea). Bataz beste 60 km-ko zabalera dauka eta, iparraldetik hegoaldera, 450 kilometro hartzen ditu.
Basa-bizitzaren babesleku izugarria da, animalia handien aniztasun ikaragarria jasotzen duelarik. Beharbada, «Big 5» edo "5 Handiak" izango dira ezagunenak; hau da, elefantea, lehoia, lehoinabarra, errinozerontea eta bufaloa. Izen hori eman zaie, «5 Handiak», ehizatzeko animaliarik zailenak direlako (ehiztariaren bizitzari arrisku handiena eragiten diotenak).
Animali horiek herrialdearen erreferente direnez, 1992. urtetik Hegoafrikak «bost handien» irudiak islatzen ditu diru-paperetan: errinozerontea ageri da 10 rand-eko billeteetan; elefantea 20 rand-ekoetan; lehoiak 50eko billeteetan ikus ditzakegu; bufaloak 100 rand-ekoak betetzen ditu; eta lehoinabarrak 200eko billeteei ematen die bere irudia.
Dibertsitate biologikoa
Kruger Parkeak Hegoafrikako fauna-erreserba handiena barne hartzen du: 900 hegazti-espezie, 114 narrasti, 49 arrain-espezie, 34 anfibio eta ia 150 ugaztun-espezie (horien artean, nabarmentzekoak dira, adibidez, 12.000tik gora elefante, 2.000 lehoi, 5.000 errinozeronte zuri, 350 errinozeronte beltz, 25.000 bufalo, 9.000 jirafa, 3.000 hipopotamo, 17.000 ñu, 4.000 basurde, 2.000 hiena, 17.000 inpala, 1.000 lehoinabar eta ia 200 gepardo, besteak beste). Gainera, hainbat aztarnategi daude eta zuhaitz zein loreen aparteko aniztasuna dauka (336 espezie ezberdin). Ez da harritzekoa, beraz, parke nazionala herrialdeko bereizgarria izatea.
Milioi eta erdi bisitari jasotzen ditu urtean; Parkeko arduradunek antolatu eta kontrolatzen dituzte horiek guztiak, kamara eskutan, bertako natura distiratsuaz gozatzeko egarriz baitaude.
Haren kontserbazio arazo nagusia isilpeko ehiza eta legez kanpoko trafikoa dira. Arazoa larria da, bai parkean bai, oro har, Afrika osoan; eta Kontinentetik kanpo sustatu eta bultzatzen da gehienbat. Kruger parkean are larriagoa da arazoa, aldameneko Mozambike estatuan dagoen Parkearen zatian kontrol eza baita nagusi, batez ere, mugaren inguruan; hori baita nazioartean espezieen legez kanpoko trafikoan diharduten krimen antolatuko sindikatuek erabiltzen duten pasabide nagusia.
2014 erdialdean, Hegoafrika eta Mozambikek Itunak sinatu zuten mugen artean isilpeko ehizaren kontra borrokatzeko eta Asiako zenbait herrialdetara legez kanpo esportatzen diren errinozeronte-adarren trafikoari aurre egiteko. Espero dezagun Itunak fruituak emango dituela.
Naturaren Guggenheim: turismo arduratsua
Gero eta gehiago jabetzen ari da Hegoafrika etorkizuneko garapenerako jokoan dagoenaz; bertan, Hegoafrikan, Kruger inguruko natura-turismoaren industria baita diru-iturri nagusia.
Hamasei eko-gunetan antolatuta dago Parkea; hegoaldean kokatzen da Afrikako basa-bizitzaren kontzentrazio handienetakoa, eta, jakina, baita bisitari eta ibilgailu gehienak ere. Erdigunean, ordea, lehoi ugari biltzen dira, eta iparraldea ezin egokiagoa da hegazti-fauna maite duen edozein pertsonarentzat. Hala ere, beharbada, basa-ugaztun nagusienak behatu nahi duen batentzat hori ez da lehendabiziko bisita egiteko ingururik egokiena izango.
Desagertzeko arriskuan daude errinozeronte zuria eta beltza, eta horien populazio handien azken babeslekuetako bat da Kruger. Garrantzitsua da aipatzea Hegoafrikan dagoela, gaur egun, munduko errinozeronteen %80; guztira, 5.000 errinozeronte beltz eta 20.000 errinozeronte zuri daudela kalkulatzen da. Baldintza normaletan 35 eta 40 urte bitartean bizi daitekeen eta 16 hilabeteko ernaldia duen espezie hori %97,6an murriztu da hirurogeiko hamarkadatik hona.
Turismo arduratsua da, zalantzarik gabe, espezieak bizirauteko esperantza bakarra; horiek eta Afrikako gainerako animalia handiak behatzeaz gozatzen duten pertsonek sortzen duten dirua ikusita, arazo honek kaltetutako gainerako herrialdeak animatu egiten dira espezie horien babesean baliabideak inbertitzera.
Espezieen legez kanpoko trafikoaren mehatxua
Gizakiaren hedapen eta garapenak eten egin du naturaren katea eta baldintzatu egin du beste animalia espezie batzuen bizi-ingurua. Baina, legez kanpoko ehiza ere bada «inguratutako» faunaren dramaren errudun.
Erronka global baten aurrean gaude, zalantzarik gabe, nahiz eta "Afrika munduko beste gune batzuk baino kaltetuago egon. Basa-bizitzaren epizentroa haren azken lekuko izateko arriskuan dago. Errinozeronteek eta elefanteek jazarpen handia pairatzen jarraitzen dute talde kriminalengandik». Horrela mintzatu da, 2016an, Ingurumenerako Nazio Batuen Agentziako (PNUMA) Zuzendariorde exekutiboa, Ibrahim Thiaw; eta hitzaldia bukatzear zegoela adierazi zuenez, "basa-bizitzaren legez kanpoko salerosketak 20.000 milioi dolar mugitzen ditu urtean»; hortaz, munduan irabazi handienak ematen dituen negozioa da, zalantzarik gabe.
Legez kanpoko ehiztariak Kruger Parkean sartzen dira, berau mugatzen duten alanbre-hesiei iskin eginda; zaintza etengabea izan arren, ezinezkoa baita eremu osoa estaltzea. Errinozeronteak pozoiz hiltzen dituzte, bi arrazoiengatik: alde batetik, zaratarik ez egiteko; bestetik, beste biktimaren bat ere harrapatzeko. «Pozoitzen dituztenean, beste animalia batzuek gorpua jaten dute, eta horiek ere hiltzen dira. Horrela, isilpeko ehiztariek lehoiak edo bestelakoak eskura ditzakete, horiei aurre egin behar izan gabe» azaldu digu Parkeko zaindarietako batek. Normalean, lehoiek eurek harrapatutako haragirik jaten ez badute ere, dagoeneko batzuk erori dira tranpa horretan, baita hienak edo bestelako animalia sarraskijaleak ere.
ADARRENGATIK EHIZATUA
Hegoafrikan, adierazi dugunez, kontinente osoko errinozeronteen %80 dago. 2007. urtean, isilpeko ehiztariek Hegoafrikako 13 errinozeronte hil zituzten horien adarrekin trafikatzeko. 2015. urtean, ordea, 1.175 ale galdu ziren. Hori bai, aurreko urtean baino gutxiago (orduan 1.215 hil zituzten legez kanpo – 13 lau egunik behin-), hau kontsolamendua! Edonola ere, asko. Gehiegi.
Kruger Parke Nazionalean zentratzen da legez kanpoko jarduera horren zatirik handiena, bertako ehiztariak mugak burlatzen dituzten mozambiketarrak baitira neurri handi batean. Horren aurrean, herrialdeak ez du inolako jarrerarik hartzen adarren marfiletatik eratorritako salerosketaren inguruan (momentuz legala da). Kontraesana dirudi, ezta? Batzuek uste dute irabazitako dirua animaliaren kontserbazioan inbertitu litekeela, isilpeko ehiztariengandik babesteko lanetan; besteek, ordea, uste dute legezko salerosketak ehiztariak erakar litzakeela.
Piezek, normalean, Asiako merkatuan bukatzen dute; bertan uste baitute minbizia sendatzeko propietateak dituztela eta elixir afrodisiako gisa balio dutela.