LURRA IZENEKO PLANETAN
Nola saihestu tenperatura 2°C baino gehiago igotzea
Klima-aldaketaren erronka. Parisko Klimaren Goibileraren eta Euskadiko KLIMA 2050 Estrategiaren artean
Testuak eta argazkiak: IHOBE – Eusko Jaurlaritzaren Herri-baltzua
Klima-aldaketa da XXI. mendean aurre egin beharreko erronkarik garrantzitsuena. Berotze globala aurreindustriatik 2°Ctik behera mantentzeko helburuak erronka handia dakar, eta horren aurrean ezinbestekoa da nazioarteko ekintza koordinatua. Baina ez da nahikoa izango munduko eskualde eta hirietatik ez bada isuririk gabeko mundu baten alde lan egiteko proposamen argia sortzen. Euskadik, EBko emisioen %0,5en erantzule bada ere, konpromiso irmoa hartu du mundu mailako ekintza klimatikoarekiko; horren isla argia da KLIMA 2050 Estrategia.
Zergatik gertatzen da klima-aldaketa?
Kausa natural ezberdinek izan dezakete eragina klima-aldaketan. Hala eta guztiz ere, ekoizpen-moduarekiko menpekotasun handiaren eta gizarteen azken mendeko kontsumo ereduen ondorioz, jatorri fosileko energien menpe bizi garenez (petrolioa, gasa edo ikatza), atmosferara isurtzen den CO2 bolumenak planetaren oreka klimatikoa asaldatu du.
Eguzkitik datozen infragorrien erradiazioa da gure planetan jasotzen dugun energia-iturri nagusia. Energia lur-azalera heltzen denean, zirkulazio atmosferiko eta ozeanikoek birbanatu egiten dute eta, ondoren, espaziora itzultzen da. Jaso eta itzultzen diren erradiazioen arteko orekak gure planetan bizitzeko baldintza egokiak mantentzea ahalbidetzen du. Berotegi-efektuko gasen gorakadak mugatu egin du energia horren espaziorako irradiazioa eta, horrela, gehiago berotu dira bai behe-atmosfera bai lurrazala.
Zein da egoera erreala, planeta osoko klima-aldaketari dagokionez?
Klima Aldaketako Adituen Gobernuarteko Taldea (IPCC) herrialde ezberdinek egiaztatutako nazioarteko adituek osatutako taldea da, eta giza ekintzak eta haren ondorioek eragindako klima-aldaketaren arriskua ebaluatzen dute. Taldeak 2014an egindako azken txostenean adierazi duenez, gizakiak influentzia argia dauka klima- aldaketaren auzian, eta azken urteotan giza ekintzek eragindako berotegi- efektuko gasak inoiz baino ugariagoak izan dira. IPCC taldeak baieztatu duenez, egungo klima-aldaketak eta haren ondorioek bere horretan jarraituko dute mende luzez, nahiz eta Berotegi Efektuko Gasen (BEG) isurpenean muga adierazgarria ezartzea lortu.
Zer ondorio izango du?
Prozesu honen ondorio gisa, aurreikusten da lurrazalaren tenperaturak gora egiten jarraituko duela mende honetan. Baliteke bero-bolada gehiago egotea, uholde-prezipitazio gehiago, ozeanoa berotzea eta itsaso-mailak gora egitea.
Horrek guztiak pertsonen osasunean eta elikagaien ekoizpenean izan ditzake ondorioak, eta klima-migrazioen agerpena eta Ozeano Bareko uharte-herrialdeen desagerpena ere ekar litzake.
Ondorio horiek guztiek munduko populazio zaurgarrienei eragiten diete batik bat, txirotuenak ere baitira.
Nola jokatu klima-aldaketaren aurrean
Klima-aldaketaren aurrean hartu beharreko jarrera bi adarretan egituratuta dago: BEG isurpena murriztu edo arintzea eta horren ondorioetara egokitzea. Klima-aldaketaren ondorioak mugatzeko modu bakarra dago; berotegi efektuko gasak sortzeari uztea. Gas horien zati handi bat petrolio, gas eta ikatzaren eratorrien errekuntzaren ondorioz sortuak direnez, prozesua konpontze aldera, ezinbestekoa da erregai horiek energia berriztagarri eta iraunkorren iturriekin ordeztea. Ordezte hori ezinbestekoa da energia elektrikoa sortzeko, hala industrian edo garraioan, nola gure ibilgailuetan, hiri zein etxeetan.
Energiaren horniketa-modua aldatzeko munduaren borondate nabaria behar da eta; horretan zalantzarik ez. Ezinezkoa da planetak behar duen aldaketa norbanakoan oinarrituta edo modu isolatuan gauzatzea. Gainera, klima-aldaketaren ondorioei aurre egiteko ezinbestekoa da nazioarteko lankidetza, batez ere, isurpen horien arduradun izan gabe ere, haren ondorioak sendoago jasango dituzten horiei laguntzeko.
Kiotoko protokoloarekin lehendabiziko nazioarteko urratsa egin zen gai honetan. Itun horrek ez zituen esperotako emaitzak izan, mundu mailan isuri gehien duten herrialdeak ez zirelako bertan izan (Estatu Batuak, Txina...).
Parisko Itun berriak erakusten digu oraingo honetan konpromiso irmoa hartu dela.
Parisko Klimari buruzko Goi-bilera
Parisko itunak ekintza-plan globala ezartzen du, industriaurretik berotze globala 2°C baino txikiagoa izateko mugatuz, mundua klima-aldaketa arriskutsu batera bidean egon dadin saihesteko. Kontuan izan behar dugu, zientzialarien arabera, munduko tenperatura gaur egun garai hartakoa baino 0,8°C handiagoa dela.
Hitzarmena 195 herrialdek sinatu dute. Horretarako, BEGak murrizteko bakoitzak hartuko dituen konpromisoak proposatu ditu. Murrizketa horiekin, une honetan, ez litzateke lortuko berotze-efektua 2°C horietara mugatzea. Hala eta guztiz ere, gobernuek 5 urterik behin biltzea erabaki dute, ezagutza zientifikoa eguneratzearekin batera helburu handiagoak finkatzen joateko.
Itun horretan aurreikusten denez, 2020tik aurrera, herrialde garatuenek 100 mila milioi dolar bideratu beharko dituzte garapen bidean dauden herrialdeak klima-aldaketara egokitu daitezen errazteko.
Parisko Ituna eragin duen prozesu honetan, Europar Batzordearen jarrera izan da asmo handienekoa, 2030 urterako BEG %40 murrizteko eta energia berriztagarriak %27 murrizteko helburuak ezarri baititu.
Zer iritzi dute euskal herritarrek gai honen inguruan?
Euskal herritarren %72k uste du ingurumenaren babesa eta kutsaduraren kontrako borroka premiazko kontua dela, eta klima-aldaketa ingurumen arloko bigarren arazorik garrantzitsuena dela; hala adierazi du Eusko Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoko Kabinetearen Ingurumen eta Energia azterlanak (2013).
Herritar gehienak (%60) sinetsita daude egungo energia kontsumoak aldatu beharra duela, eta ezinbestekoa dela energia-iturri berriak bilatzea, egungo bizi-maila mantendu edo hobetzea ahalbidetze aldera.
Zer egiten ari da Euskal Administrazioa?
Euskadik klima-aldaketari ekarpen txikia egiten badio ere (termino kuantitatiboetan, Europar Batasunaren emisio guztien %0,5), Euskadik bere egin du isuriak murrizteko nazioarteko politikak arautzen dituen oinarrizko printzipioa: erantzukizun partekatuaren printzipioa, alegia.
Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzak KLIMA 2050 Klima Aldaketaren Estrategia onartu zuen 2015eko ekainean, bi helburu nagusirekin: 2050 urterako Euskal Autonomia Erkidegoko BEG isuriak %80 murriztea (Europar Batasunak ezarritako zuzentarauekin bat eginda), eta lurraldearen erresilientzia bermatzea klima-aldaketaren ondorioen aurrean.
Helburu horiek lortze aldera, Euskadiko eragile eta herri administrazio guztiek asmo handiko zenbait ekintza egin beharko dituzte, aipatutako estrategian jasotakoak.
Euskadik potentzial zientifiko-tekniko handia dauka, unibertsitate eta zentro teknologikoetan. Gainera, udal sare aurreratu eta dinamikoa dauka; urteak darama isuriak murrizteko eta klima- aldaketara egokitzeko lanean. Era berean, herri administrazioak eredugarritasunean oinarrituta lan egiten du, Erosketa Publikoa eta Kontratazio Berdea gisako tresnak erabiliz edo bere jardueraren isuriak murriztuz.
Euskal Industriak ere nabarmen murriztu ditu emisioak azken urteotan. Efizientzia energetikoa hobetu egin da eta erregaiak pixkanaka ordezten ari dira. Baina, euskal industriari dagokionez, azpimarragarriena zera da: Euskadik berritzaile izateko gaitasun handia duela karbonoan baxua den ekonomiara bideratutako produktu eta zerbitzu berrien diseinuan (ekodiseinuaren bitartez, adibidez). Lan egiteko modu hori etorkizunak behar duen industria motarekin lerrokatuta dago.
ZER EGIN DEZAKEGU HERRITARROK KLIMA-ALDAKETA ETETEKO?
Euskal herritarron esku ere badago planetaren etorkizunean eragina izatea, gure jarrera eta erosteko erabakien bitartez. Gezurra badirudi ere, energia fosilaren kontsumitzaile handiak gara, hortaz, eguneroko errutinetan aldaketa txiki batzuk eginda iraunkorrago jardun ahal izango dugu.
Esparru ezberdinetan esku hartu dezakegu, hona hemen zenbait ideia:
Etxean:
- Erosi eta erabili etxetresna elektrikoak modu arduratsuan
- Bereizi hondakinak
- Aurreztu ura
Garraioan:
- Herri barruan mugi zaitez oinez edo bizikletaz
- Erabili garraio publikoa
- Partekatu autoa
- Gidatu modu jasangarrian
Erosketetan:
- Kontuan izan zenbait alderdi: ontzia eta bilgarria, produktuak jatorria hurbilekoa edo urrunekoa duen, erosten duguna egiteko erabilitako elikagai edo materialen trazabilitatea.
- Hobe da material iraunkorrak aukeratzea objektu hauskorrak baino.
- Bertoko eta denboraldiko produktuak aukeratzen badituzu, berau ekoitzi eta garraiatzeko beharrezko energia-kontsumoa murriztuko duzu.
- Hurbileko saltokietan erosita, saltokira bitarteko garraioen isuriak aurrezten dituzu.
- Fruta, barazkiak, hestebeteak, olibak, lekaleak, fruitu lehorrak, gailetak, etab. hobe da ontziratu gabe erostea. Ontziratutako produktuak erostean, zenbat eta handiagoak aukeratu hobeto, horrela etxeko zaborrontzietan ontzi-kopurua txikituko baita.
- Erabili zeure poltsak edo erosketetarako orga.
Ez da hain zaila ohitura, errutina eta jarrera iraunkorragoak hartzen joatea. Milioika pertsona bagara, orduan bai, aldatuko dugu planeta.
Informazio gehiago: