INGURUMEN OSASUNA
Ekopedagogia, paradigma filosofikoa
Gure etxea; Lurra
Eva Benito
Ekopedagogia «Lurraren Gutuna» onartu ondoren sortu zen. «Lurraren Gutuna» izeneko nazioarteko adierazpenean, gizadia osoaren helburu komunen inguruan gutxieneko adierazleen printzipio eta proposamenak jasotzen dira; bertan, baieztatzen da ingurumenaren, giza eskubideen, garapen parekidearen eta bakearen babesa elkarren menpekoak eta bereizezinak direla.
Lurraren Gutuna etika planetarioaren egiazko kodea da, ekintzarako deia (Call to Action – CTA), eta bertan sustatzen diren iraunkortasun-balioek potentzial hezitzaile izugarria dute: ingurumenaren kontserbazioa kontzientzia ekologikoaren menpe dago, eta kontzientzia hori moldatzea heziketaren menpe. Hortxe sartzen da jokoan ekopedagogia bera (edo Lurraren Pedagogia). Ikasketa sustatzen du pedagogia horrek, «eguneroko gauzen esanahia» azpimarratuz: egunerokotasunaren pedagogia.
Lurraren Pedagogia
Heziketa espazio eta denborari lotuta dago, bertan gertatzen baitira gizakiaren eta ingurumenaren arteko harremanak. Harreman horiek arlo emozionalean gertatzen dira neurri handi batean, gure subkontzientean (ez gara horietaz ohartzen; sarritan, nola gertatzen diren ere ez dugu jakiten). Hori dela eta, ekoheziketa beharrezkoa da horiek maila kontzientera eramateko, eta, bide horretan, ezinbestekoa da pedagogia berezi bat erabiltzea; hain zuzen ere, irudimenean, zeharkakotasunaren ikuspegian, diziplinartekotasunean eta kultura aniztasunean sakonduko duen pedagogia bat. Horrek lagunduko digu gure gizarte eta ingurumen testuingurua ulertzen eta bertan jarduten.
Lurrak etxea irudikatzen du, eta beharrezkoa da harekin bizikidetzan berriro heziko gaituen pedagogia bat, Paulo Preirek dioen bezala (aitzindarietako bat), «giza animalia» garen heinean, lurra baita izateko gure gordelekua.
Iraunkortasunerako heziketa sendotu ezean, Lurra gu eusteko espazioa baino ez da izango; domeinu tekniko eta teknologikorako espazioa; gure ikerketa, saiakera eta, batzuetan, kontenplazioaren xede gisa baino ez dugu ulertuko. Baina ez da espazio bizia izango, ez da «arintzen» gaituen espazio hori izango, ez da gure «zaintza» behar duen espazio izango.
Sustraiak errotzen
Ekologiaren beraren bilakaeran sortu zen ekopedagogia; oraindik haurtxoa da, baina haziz doa; mugimendu pedagogiko gisa, nahiz curriculum-ikuspegiaren menpe, «Lurraren Gutunak» definitzen dituen balio eta printzipioak barne hartuz, eduki zein kontzeptuak eta material didaktikoen prestaketa bideratuta.
Hain zuzen ere, Rioko Foro Globalean aurkeztu zitzaigun (1992) joan den mendeko ekimen adierazgarrienetako bat; ingurumen arloko heziketa eztabaidatu zen sakon eta ekopedagogiaren garrantzia nabarmendu zen, garapen iraunkorraren pedagogia gisa. Ordutik, «Lurraren Gutunari» buruzko eztabaida faktore adierazgarri bilakatu da hiritar planetarioak haztera bidean. Haren aburuz, globalizaziotik eta kontzientzia ekologikotik kanpo diseinatzen den pedagogia orok zilegitasun arazoak izango ditu.
Izan ere, Jean Piagetek irakatsi ziguna egia bada (ikaslearentzako garrantzitsua dena islatu behar duela curriculumak, alegia), badakigu osatu gabe geratuko litzatekeela, curriculum-edukiek norbanakoarentzat esangura izan behar duten neurrian. Horrela, eduki horiek esanahi betea izango dute, soilik planetaren osasunerako esanahirik badute (norbanakoarena baino testuinguru zabalago batean).
Pedagogia tradizionaletan, gizakia kokatzen zen unibertsoaren erdigunean. Ekopedagogia planeta-zibilizazio batera eboluzionatu da, erreferentzia etiko eta sozial gisa (planetaren ulermena genero, espezie, erreinu, hezkuntza formal, informal eta ez-formala kontuan hartuta). Berreraikitze paradig matikoa nagusi den garaiotarako pedagogia egoki gisa definitzen dute aitzindariek; uste dute iraunkortasun eta bake kultura baterako egokia dela, eta, ondorioz, Lurraren Gutunean adierazten den prozesurako egokia.
Zentzu horretan, esperientzia positibo erreal ezberdinak daude; horietan pedagogia hau jarri da praktikan eta Lurraren Gutuna erabiltzen da egiazko ekintza baterako tresna gisa. Horietako asko Latinoamerikan gertatzen dira; hala nola, Brasilgo Sao Paulo estatuko, Peru, Kolonbia eta abarretako zentro publiko askotan burututakoak. Baina, hurbilago ere badaude beste zenbait esperientzia dokumentatu, besteak beste, Granadako Unibertsitateko Hezkuntza Zientzien Fakultateak sustatutakoak. www.cartadelatierra.org webgunean ezagut ditzakegu horietako batzuk.
EKOPEDAGOGIAREN GUTUNA
«Ekopedagogia ez da askoren arteko pedagogia arrunt bat. Naturaren kontserbazioari (Natura Ekologia) eta gizarteek ingurumenean duten eraginari (Gizarte Ekologia) buruzko proiektu global alternatibo gisa zentzua hartzen du ekopedagogiak, baita ikuspegi ekologikotik zibilizazio iraunkorra sortzeko eredu berri gisa ere (Ekologia Integrala). Bide horretan, zenbait aldaketa egin behar dira egitura ekonomiko, sozial eta kulturalean. Hortaz, kontzeptu hau proiektu utopiko batekin lotzen da: gizarte eta ingurumen arloko egungo giza harremanak aldatuko dituen proiektu batekin, alegia. Hortxe datza ekopedagogiaren esanahi sakona» (Antunes A. eta Gadotti M., Paulo Freire Institutua, Brasil).
Ekopedagogia hezkuntzatik sortutako paradigma filosofiko batean oinarrituta dago, eta elkarren menpeko ezagutza eta balio multzoa eskaintzen du. Horien artean, honakoak aipa ditzakegu, besteak beste: globalki pentsatzeko heztea; sentimenduak heztea; Lurraren identitateari buruz irakastea, giza izatearen funtsezko elementu gisa; kontzientzia planetarioa moldatzea; ulermenean, sinpletasunean, zaintzan eta bakean heztea.
Izan ere, Paulo Freirek berak nabarmentzen duenez, pedagogiak mundua irakurtzeko irakaskuntzan hasi behar du: «mundua unibertsoa da, mundua bera baita gure lehenengo maisua. Gure lehenengo irakaspena emozionala da; unibertsoaren misterioaren aurrean kokatzen gaitu, harekin harreman estuan, etengabeko bilakaeran murgilduta dagoen izaki sakratu eta bizidun horren parte garelako sentsazioa sortuz gure barnean».