TXANGOAK

Bilbao – Laudio/Llodio

Kontrabandisten Ibilbidea

Testua eta argazkiak (ORBELA, Ingurugiroko Ikerketa eta Heziketa)

Mendi-bide honek Ganekogorta mendi-magaletan zehar egiten du ibilbidea, karobi eta elur-zuloen zein haritz motzen paretik igarota, Burdin Hesiaren aztarnak eta Santa Maria del Yermo (Santa Luzia) monumentu-multzoa ikusteko aukeraz gozatuz.

2016ko lehen seihilekoan zehar, Bilbo eta Laudio arteko Kontrabandisten Ibilbidea seinaleztatu du Bizkaiko Foru Aldundiak; 20 km-ko ibilbidea da, neurri handi batean bide luzeetatik igarotzen dena (GR 123 - Bizkaiari Itzulia eta GR 228 - Bilboko Eraztun berdea).

Ibilbide honek garraio publikoan egiteko plan aparta eskaintzen digu, hala Laudiotik nola Bilbotik irtenda; izan ere, herrialde bietako tren geltokietan hasi eta bukatzen da ibilbidea.

Abandoko tren geltokitik hasiko gara, Zabalburu plazara bidean; bertan topatuko ditugu GR 228rako 1. sarbidearen marka zuri-gorriak. San Adrian eta Larraskitura norabidea hartu eta Pagasarrirako ohiko igoerari ekingo diogu.

Berehala helduko gara Igertuko baserrietara, aparkaleku eta hesiaren parean. Dirudienez, kontrabandista bizkaitar eta arabarren arteko topaguneetako bat zen hori. Baserrien parean, ia ezkutuan, elur-zulo zahar bat dago, Pagasarriko gainean daudenen antzekoa. Bertan, elurra pilatzen zuten neguan, elikagai eta sendagaiak kontserbatzeko erabili ahal izateko, eta udan limoi-ura egiteko.

Bide zaharrean gora jarraituko dugu. Gora heldutakoan, GR 228 atzean utzi eta hori GR 123-Bizkaiari Itzulia xendarekin lotzen duen lotura-bidean aurrera egingo dugu. Ezkerretara geratuko dira muinoa eta aterpea, eta eskuinetara elur-zuloak, Tarinen iturria eta, pixka bat aurrerago, Alonsotegirako saihesbidea. Iturria XX. mende hasieran eraiki zuten garai hartako mendizaleek eta, horren gastuak estaltzeko, pertsona bakoitzak «tarin» bat ematen zuen (horrela esaten zitzaion orduan Erreal bati, 25 zentimoko txanponari, alegia). Hortik datorkio iturriari izen berezi hori.

Ganekogortaren aurreko mendixkan, ezkerretara doan bidea hartuko dugu, ondoren mendia hegoaldetik inguratzeko. Zollo eta Arrankudiagarako saihesbidea alde batera utzita, tarteka harkaitz landuzko bidezidor eder batera helduko gara. Harkaitz horiexek zapaldu zituzten kontrabandistek, eguneroko lanaren osagarri izango zen dirua lortzeko gauez bertatik igarotzen zirenek. Ateri dagoen egunetan, Gorbeia mendigunearen ikuspegiak izugarriak izaten dira bertatik.

Bidezidor horretan bertan topa dezakegu Altxiskeetako iturria; han freskatu eta muinora igoko gara, Kurtziagako bide- gurutzera arte. Ganekogortara garamatzan bidearen oinetan izango gara berriro (oraingo honetan, ordea, Arabako aldean). Puntu horretan GR 123 - Bizkaiari Itzulia bidea hartuko dugu, Laudio eta Gordexola lotzen dituen etapan.

GR horretan jarraituko dugu, ezkerretara, Laudiora bidean, eta laster Gazteluzar mendiaren aldamenetik igaroko gara. Kamarakaren oinetan, eskuinerantz jaisten hasiko gara, pinudian barneratzen, eta Burdin Hesiaren aztarnak ikusten hasiko gara. «Hesi» famatua Bilbo Handiaren inguruko gotorlekuek osatzen dute. Horixe zuten kokapena, aparta baitzen Gerra Zibilean hiriburua eta haren inguruak Ejertzito Nazionalaren aurrerapenetatik defendatzeko. Inguru hori bikain sendotu bazen ere, bertan ez zen inoiz borrokarik gertatu.

Informazio-panelera heldutakoan, pista atzean utzi eta elorri zuri arteko bidezidorra hartuko dugu, Santa Maria del Yermo Elizara arte (Santa Luzia izenaz ezagunagoa da, parean duen ermitaren izenaren eta maiatza bukaeran bertan ospatzen den erromeria animatuaren ondorioz).

Gure ibilbideari eutsiko diogu; San Antonio eta Santa Apoloniaren ermitaren parean igaroko gara eta, haritz motzen artetik, Isusi auzora arte jarraituko dugu. Bertan karobi zaharra topatuko dugu. Laudiora jaitsiera Errekabieta bide egokitutik egingo dugu, ibaiaren parean dauden egurrezko eskailera eta pasabideetatik.

Laudiora iritsita, merezitako mokadua hartu ahal izango dugu, trena hartu eta Bilbora itzuli baino lehen.

KONTRABANDOAREN BIDE ZAHARRAK

Ilundu du dagoeneko. Ilberria da eta Domingo de Larrabe baserritik irten da, txapela buruan eta zakua lepoan dituela. Yermo eta Ganekogortarako bidea hartu du urrats arinez.

Zarata txikienari adi dago, ez baita batere arraroa miñoiak inguruan ibiltzea. Esku-ahurra bezain ondo ezagutzen du mendia eta, susmorik txikienaren aurrean, ibilbidea aldatuko du. Gaur gauean, arazorik ez bada, «Altxaketa» ibilbidea hartuko du. Bide erosoa da eta zuzenean eramango du Pagasarrira; ondoren, Igertura jaitsiko da azkar, bertan geratu baita Valentin «Bilboko» lehengusuarekin.

Txominek pattar zahagia darama, eta tabakoaren truke aldatuko dio Valentini, baita itsasgizon ingelesek portutik ekarritako bitxikeri batzuen truke ere.

Biharamunean, nork bere ogerlekoak irabazi ahal izango ditu gauez eskuratutako salgaiekin, Errege-bidean Aretako miñoien postutik igarotzeak eragingo lekizkiekeen zergak saihestuta.