EKIPAMENDUAK
Ikasi eta gozatu, inguru irisgarri batean
Murga, lorategi botanikoa zugandik gertu
Ibon Hormaeche
Zallako Murga Parkea udalerriaren erdigunean dago, Udaletxea jasotzen duen Murga dorretxean, hartarako zaharberritu baitzen garai batean.
Zallako Murga Parkean, 12.120 m2-ko espazioan, 33 zuhaitz-espezie baino gehiago dago. Besteak beste, honako espezie hauek topa ditzakegu: ezkia, haritz gorria, izei gorria, indigaztainondoa, sekuoia gorria, ginkgoa, palmondo erraldoia, gerezi erramua, Arizonako altzifrea, astigar zorrotza, gorostia, magnolia tulipa, arbustu japoniarra, ekialdeko platanoa, etab.
Publikoari irekita dagoen hezkuntza proiektua
Udalak eta Enkarterrialde Landa Garapenerako Elkarteak espazio didaktiko honen balioa nabarmendu zuten 2012 urtean, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin, eta, ordutik, adin guztietako milaka pertsona hurbildu dira ingurumen eta botanika arloko ezagutzak handitzeko asmoz.
Lorategi Botaniko berezi honetako espezie nagusien informazioa jasotzen duten 35 panelen bitartez, aukera izango dugu bertako espezie asko hobeto ezagutzeko, baita zenbait espezie exotiko ezagutzeko ere (espezie berdingabeak, sarritan). Lorategi zoragarri honetako zuhaitz espezie bakoitzarekin batera panel informatibo bat dago, informazio erabilgarri eta didaktikoa jasotzen duena (euskara, gaztelania eta ingelesez); panelak, gainera, jatorriari, zuhaitzaren zein hostoen morfologiari eta fruituari buruzko informazio grafikoa ere badakar. Azken batean, lorategi botanikoa egokitua da, esperientzia hau didaktiko egiten duten interpretazio-baliabideak dituena.
Gainera, Parkearen sarreran panel handi bat dago, ibilbidearen ideia orokor bat sortzen (begirada bakarrean ulergarria, orientatu ahal izateko oztoporik gabea) eta bisitan eskaintzen zaigun espezie-aniztasuna ulertzen laguntzen diguna. Jauregiaren parean beste panel bat dago. Murgako Parkeko aniztasun begetalaz gozatu bitartean, ibilbidean zehar ikusiko dugun faunarik adierazgarrienaren berri emango digu: txonta, usapal turkiarra, txantxangorria, txirriskila arrunta, zozoa, txolarrea, karnaba, etab.
Murga Jauregia
Hektarea batetik gorako azalera duen partzela arboladun honetan, Murga Jauregia dago; planta laukizuzena duen XVII. mendeko eraikin barrokoa da, Zallako Udalaren egoitza.
Murgako Juan Sanchez Chiquilinek eraiki zuen dorretxea 1272. urtean (XIII. mendean); Murgako lehen jauntxoa zen hura, Saltzedoko Sancho Garcia, «Beltza», Ayalako zortzigarren jauntxoaren sasiko semea). Mendeetan zehar egin izan diren transformazioek gaur egungo jauregi barrokoaren itxura eman diote.
Eraikin noble honen ezaugarri azpimarragarriena armarria da, Saltzedotarren eta Ayalatarrena; sarrera nagusiaren gainean dago. Behealdean Saltzedo ezkutuaren lelo laburtua dago, leinu horren sorrera Leongo Erreinuan kokatzen duena: «Sauces y panelas son / estas armas sin edubio / hijas del conde don Rubio(1), / nietas del rey de León». Testu horrekin batera, giza ezaugarriak dituen eguzkia ageri da eta, haren ondoan, suge eta dragoiak. Armarria osatzen, giza aurpegi biboteduna ikus dezakegu eta, haren alde bietan, giza burua duten lehoi bi.
Laburbilduz, multzo historiko berezi honen egitura eta tamainak balio didaktiko handiko paisaia-edertasuna sortzen dute hiri-inguru horretan, irisgarritasun osoz, pasiera eta ikaskuntzarako aukera aparta eskainita.
_______________
(1) On Rubio kondea: leinuaren jatorriaren erreferentea. XI. mendean Arangutiko Flavio Rubio konde gisa ezaguna zen jaun noble batek, Asturias eta Leongo erregeen ondorengo zenak, Saltzedo Harana populatu zuen.
Fitxategi hauek kontsultatzeko Adobe Reader dohainiko programa behar duzu, erabili esteka deskargatzeko.