INGURUMENAREN GESTIOA

Hiri eta Herri Iraunkorren Europako 8. Konferentzia, Euskadi 2016

Gure hiri eta herrien ekintza eraldatzailea

Ibon Hormaeche

Datozen hamarkadetan gure hiri-zentroak nabarmen zabalduko direnez gero, ezinbestekoa da hiriak entitate iraunkor eta erresilienteago bilakatzea, eta karbono emisioak murrizteko zein ekonomia zirkularra integratzeko bideari ekitea (ICLEI 8. Konferentziako Adierazpena, Euskadi 2016).

Gaur egun, dagoeneko inork ez du ukatzen hiriek erronka ugariri aurre egin behar diotela eta euren zein Planeta osoaren etorkizuna faktore ezberdinen menpe dagoela: klima- aldaketa, urbanizatze jasanezina, pertsonen integrazio eta bizikidetza egokia, hondamendi naturalak, biodibertsitatearen galera, uraren eskasia eta kalitate kaskarra, kapital naturalaren degradazioa eta ekosistemen zerbitzuak, elikadura- osasunaren mehatxuak, etab.

Wolfgang Teubner-ek, Europako Iraunkortasunerako Tokiko Gobernuen Sareko (ICLEI) Eskualde Zuzendariak, udaberrian Bilbon burututako Sarearen 8. Konferentziaren esparruan (apirilak 27-29) azaldu zuenaren arabera, «gaur egun, beste batzuen kontura eraikitzen ari gara geure ongizatea, eskasak diren baliabideak gehiegi erabiliz. Errefuxiatuen krisiak lotura sendoa du baliabideen erabilerarekin. Besteei baliabideak ukatzean oinarrituta dago gure gizartea, baita etorkizun hobea edukitzeko aukeran ere, eta horrexegatik bilatzen dute errefuxiatuek bizi berria Europan». Iraunkortasunarekiko konpromiso berrien beharra duten alderdi asko jasotzen dira Teubnerren mezuan, eta horiek hartuko ditugu erreferentzia artikulu honetan.

ICLEI, Iraunkortasunerako Tokiko Gobernuen Sarea

Nazioarteko elkarte honek mundu osoko 1.200 bat tokiko gobernu biltzen ditu, mundu mailan diharduen hiri iraunkorren sare bakarra osatuta. Toki agintaritzen interesen ordezkari gisa jarduten du Nazio Batuen aurrean, baita nazioarteko foro politiko ezberdinetan ere, betiere misio argia lortzera bidean: iraunkortasun globalean hobekuntza nabariak lortzea, lan eta konpromisoan oinarrituta eta tokiko esparruan iraunkortasun programa eta kanpainak garatuz.

Iraunkortasun globalerako tokian tokiko ekintzak ezinbestekoak direlako konbentzimendu hori da ICLEI sareari zentzua ematen diona; horregatik da Jasangarritasunerako Udalerrien Euskal Sarea, Udalsarea 21, ICLEI Sareko kide 2001 urtetik.

2015, esparru global berrien mugarria

Joan den 2015 urtean hiri eta hiriguneei eragiten dioten marko politiko global ezberdinen sustapena izan zen nagusi, NBEren Garapen Iraunkorrerako Helburuak eta Klima Aldaketaren Parisko Itunaren bitartez. Bizkaia Maitea jorratuak ditugu dagoeneko dokumentu horiek. Dokumentuon ildoarekin bat eginda, eta ezarritako helburuak zein hartutako erabakiekin kontsekuente, 2016 honetan EBaren Hiri Agenda eta Habitat III inspirazio-gida sustatuko dira.

Baina, zer nolako eragina dute esparru horiek hirietan? nola ezartzen dute elkarren arteko harremana? eta, nola indartu daitezke tokian tokiko ekintzak klima-aldaketaren kontrako borrokan ekarpen eraginkorra egiteko, eta Europako hirietan hiri-garapen iraunkorra errazteko?

Hiri-eredu berria definitzeko konpromisoen dekalogoa

Gai horiek guztiak jorratzeko, Hiri eta Herri Iraunkorren Europako 8. Konferentziaren esparruan, Euskadik 40 herrialdetako 900 ordezkari jaso zituen. Bertan bildutakoek Planetaren etorkizunerako gako diren galdera horiek eta beste batzuk ebazteko soluzioak planteatu zituzten. Gobernantza eta hiri iraunkorren gaietan Europan antolatutako bilerarik garrantzitsuenean, hirien beharrizanen eta esparru politiko europar zein globalen potentzialaren inguruan eztabaidatu ziren hirietako, Nazio Batuetako, Europar Batasuneko eta gizarte zibileko ordezkariak. Planteatutako proposamenen helburua zen hiri-eraldaketa bizkortzea eta iraunkortasun-helburuei ekarpena egitea, betiere honako konpromisoak hartuta:

Konpromisook nabarmendu ditugu, horiek izan baitziren ICLEI 8. Konferentzian garatutako lanen abiapuntua, eta Europako hiri eta herrientzako ibilbide-orri berriaren Euskal Adierazpena ekarri zutenak.

Euskal Adierazpena

Europa habitagarri eta barne-hartzailean, udalerri produktibo, iraunkor eta erresilienteak sustatzeko hartu beharreko konpromiso nagusiak jasotzen ditu. 15 jarraibidetan antolatuta daude konpromisoak, eraldaketa soziokultural, sozioekonomiko eta teknologikoko helburuen arabera sailkatuta. Horiekin batera, aldaketa-prozesu horri atxikitako hiri eta herriek eragile aktibo izatekoa hartutako konpromisoa jasotzen da, baita nazio zein eskualde mailako gobernuei eta Europar Batasunari politikak helburu horiekin lerrokatzeko eskaria ere.

Adierazpena bukatzeko, hiriek konpromiso arduratsua hartzen dute NBEren Garapen Iraunkorrerako Helburuak eta Klimaren Parisko Ituna ezartzen laguntzeko. Halaber, konpromisoa hartzen dute, baita, EBren Hiri Agenda bere helburuekin lerrokatzeko, ekintza eraldatzaileak monitorizatu eta dokumentatzeko, eta Hiri Iraunkorren Europako Plataformaren bitartez (www.sustainablecities.eu) erreplika daitezen eskuragarri uzteko. 

EUSKAL ADIERAZPENA INDARTZEN DU

Thomas Kastrup-Larsenek, Aalborg hiriko alkateak (Danimarka), Euskadi goraipatu zuen Konferentzian egindako esku-hartzean, Aalborgeko Karta (1994) famatuarekin eta Aalborgeko Konpromisoekin hasitako prozesuan tokiko iraunkortasunerako protagonista rola hartzeagatik. Era berean, goraipamena egin zion Euskal Adierazpenari, konferentziaren emaitza garrantzitsua baita Aalborgeko dokumentuen ondorengo testu hori. Haren iritziz, «Euskal Adierazpenak bide berria ireki dio gure gizarteen eraldaketa iraunkorrari, eta bide hori hartu besterik ez dugu egin behar. Elkarrekin lan egin behar dugu, eta horrelaxe egingo dugu, ziur».

Zeuk ere atxikimendua erakutsi nahi badiozu, Konferentziaren webgunearen bitartez egin dezakezu. Edozein pertsona edota erakundek (elkarte, enpresa edo kolektiboa) egin dezake, eta hartara animatzen zaituztegu. Horren ondoren ere, jardun dezagun zorrotz gure agintariekin eta egin dezagun lan elkarrekin hori betetzeko bidean.